Guantanamoko badiak 105 urte darama estatubatuarren esku. Artikulu honen egileak historia aztertu du orduan zer gertatu zen ulertu eta egindako iruzurra salatzeko
Gustavo Robreño Díaz
2008ko Uztailaren 18a
Historia pixka bat errepasatuz, Cristobal Colonen garaira joan behar dugu. 1494ko apirilaren 30ean Guantanamoko badian lehorreratu ondoren, berehala konturatu zen badia hark oso baldintza fisiko eta geografiko bereziak zituela, ezin egokiagoak. Puerto Grande izena eman zion. Ez zebilen oker Genoako itsasgizona. Badiak duen sakonera handiari esker, eta bere 362 kilometro karratuko azaleragatik, mundu osoan ur-poltsa handienak dituzten badietako bat da Guantanamokoa.
Oso ondo kokatuta. Geografikoki, ezin hobeto kokatuta dago. Paso de los Vientos edo Haizeen pasabidetik 125 kilometrora dago; AEBetako Mississipi ibaia itsasoratzen den puntuaren eta Orinoko ibaiaren Venezuelako deltaren artean, erdi-erdian. Gainera, Mexikoko Yucatan penintsularen eta Karibeko Puerto Rico uhartearen artean ere badago. Garaiko nabigatzaileentzat, kokapen ezin hobea. Horregatik, Guantanamo beren esku izateko inperialisten asmoak oso zaharrak dira, AEBak sortu aurrekoak.
Ingelesen ahalegina. 1741eko uztailaren 18an Ingalaterrako Almirantegoak flota bat bidali zuen Guantanamora. Sei mila soldadu. Karibeko itsasoaren eta bere sarbideen kontrola, agintea, britainiar koroaren esku jarri nahi zuten. Badian lehorreratu ziren. Handik sei hilabetera, ospa egin behar izan zuten. Armada espainolak britainiarrei egiten zizkien erasoen eraginez, bertako kreolen gerrillek egiten zituzten erasoengatik, eta sukar horiak jo zituelako. Badian 2.000 hildako eta zauritu izan ondoren, berriz itsasoratu ziren indar ingelesak.
Guantanamorekiko yankien guraria. Badian Caimanerako portua eraiki zenez, bertaraino eraman zuten trenbidea 1856. urtean. Garaiko estatubatuar agintarien begietara, Guantanamoko badiak gero eta balio estrategiko handiagoa zuen. XIX. mendearen azken hamarkadetan, AEBek garaiko munduko potentzia nagusienen pare jarri nahi zuten. Horretarako, ezinbestekoa zuten itsasoan indartzea, gero eta itsasontzi gehiago izatea, eta ontzi horiek gero eta arma hobeak edukitzea. Bere asmoak gauzatzeko, bi ozeanoen arteko komunikazioa lortzea ere ezinbestekoa zuten. Eta itsasontzi-baseak eta ikaztegiak sortzea. Horrela bermatu nahi zuten AEBek beren presentzia eta indarra itsasoan.
1898ko gerra. 1898ko apirilaren 21ean iritsi zen Espainiaren aurkako gerra deklarazioa. Estatubatuarrek ederki asko baliatu zuten aukera Kariben zuten presentzia indartzeko. Hilaren 27an, AEBetako itsasontziek Guantanamoko badia zaintzen zuten espainolen posizioen aurkako lehenengo tiroak egingo zituzten. Maiatza osoa egin zuten egoera berean, estatubatuarrak erasoka eta espainolak beren posizioetan. Alferrikakoak ziruditen erasotzaileen ahaleginak. Beste zerbait pentsatu beharra zeukaten. Kubatar buruzagien proposamenak aztertzea erabaki zuten orduan estatubatuarrek, batez ere Pedro Agustín Pérez Periquito jeneralarenak, Guantanamoko pertsonaia ospetsuenarenak.
Espainolak ihesean. Estrategia berriak borroka gehiago ekarriko zuen. Ekainaren 7an, badia barruko borroka hasi zen eta, handik hiru egunera, itsasontzietako artilleriak espainolen posizioak erabat suntsituta zituen. Ekainaren 10ean AEBetako itsas infanteria badian lehorreratu zen. Hegoaldean kokatu ziren, eta beren posizioa indartzeko lanari ekin zioten. AEBetatik tropa gehiago iritsi arte, itsasontzietako artilleriaren laguntza izan zuten. Espainolek eraso ahalegin batzuk egin zituzten marineak bidaltzeko asmoarekin, baina ezer lortu gabe. Ekainaren 12an Enrique Tomás Armada Askatzaileko koronelaren tropa kubatarrak borrokan sartu ziren. Indar horien esku-hartzeak eragin zuen nagusitasuna kubatar eta estatubatuarren esku geratzea. Ekainaren 16rako, badia estrategiko osoa zuten beren esku.
Eskergabeko okupatzaileak. Estatubatuarren posizio aurreratua bihurtu zen badia. Armada Askatzaileak hilabete baino gehiago eduki zuen setiatuta Guantanamoko hiria. Uztailaren 17an iritsiko zen espainolen errendizioa. Kapitulazio baldintzek agerian utzi zuten okupatzaile atzerritarren eskergabekeria. Santiagorekin batera, Guantanamo eta Baracoako hiriak ere sartu ziren kapitulazioan. Okupatzaile berriak nagusitzeko kubatar tropen lana oso garrantzitsua izan bazen ere, Calixto García jeneralaren agindupean zeuden Armada Askatzaileko indarrei debekatu egin zieten Santiagora sartzea. Espainolen tropetako 1.700 lagun hartu zituzten preso, gehienak espainolen ontzidia Santiagon hondoratu zutenean harrapatutakoak. Badian espetxe moduan prestatutako itsasontzietara eraman zituzten, bertatik AEBetara eramateko. Beraz, orain ehun urte baino gehiago ere Washingtonentzat Kubako zati hori espetxe egokia zela argi dago. Eta «terrorismoaren aurkako gerra globalean» harrapatutako presoak ez direla AEBek eremu militar horretara eramandako lehenengoak. Guantanamoko kapitulazioa uztailaren 25ean gauzatu zen. Santiagon gertatu zen moduan, Armada Askatzailea negoziazioetatik kanpo utzi zuten eta bere indarrek ez zuten hiriko kalean egin zen desfilean esku hartzerik izan.
Estatubatuarren eremua. Irailaren 1ean, León XII.a baporera igo zituzten espainol tropen zazpi buruzagi, laurogeita bost ofizial eta bi milatik gora soldadu, beste ehun eta hamalau zibilekin batera. Baporeak Guantanamotik Espainiara eramango zituen. Une horretan jaio zen Guantanomoko badiako estatubatuarren eremu militarra, egun oraindik Kubako burujabetza zauritzen duen eremua.
Parisko Ituna. 1898ko abenduaren 10ean Espainiak eta AEBek Parisko Ituna sinatu zuten Kubako herriari bizkarra emanda; uharteari independentzia ukatu zion dokumentu horrek. Lehenengo artikuluak ez du zalantzarako lekurik uzten: «Espainiak uko egiten dio Kubako burujabetza izatearen eskubideari, uharte hori AEBek okupatu behar dute-eta». Gobernu berria 1899ko urtarrilaren 1ean hasi zen lanean. 1900eko uztailaren 25ean, agintari militar estatubatuarrek hauteskundeak deitu zituzten, batzar eratzaile bat aukeratzeko. Parlamentuko bilerak azaroan hasi ziren. Garaiko Gobernu kontu-hartzailearen arabera, batzar eratzaileak «Kubako herriarentzako Konstituzioa idatzi eta onartu behar du. Testu horrek jasoko du Kubaren eta AEBetako Gobernuaren arteko harremanak nolakoak izango diren, aipatu Gobernuarekin adostu eta gero».
Lehenengo presioak. Konstituzioa ia erabat idatzita zegoenean, Kuba eta AEBen arteko harreman politikoa nolakoa izango zen argitzeko garaia iritsi zen. Parlamentariek ezer esan aurretik, Leonardo Wood jeneral eta uharteko gobernadoreak Washingtongo Gobernuaren asmoak azaldu zituen. «Kubak onartzen du AEBek esku hartzeko eskubidea dutela...»; «AEBek lursailak eros ditzakete, gero bertan itsasontzi baseak eraikitzeko. Puntu jakin batzuen kokatutako base horiei eusteko aukera ere izango dute...». Washingtonen baldintzak ezagutu ondoren, konstituziogileek beste proposamen bat onartu zuten, erdibidekoa, «esku hartzeko eskubidea» eta itsasontzi-baseak eraikitzeko aukera aipatzen ez zituena.
Platt zuzenketa. Horiek horrela, AEBetako Gobernuak Orville H. Platt senatariari eskatu zion Armadako Aurrekontu Legeari erantsi beharreko zuzenketa prestatu eta aurkezteko, gerora Platt zuzenketa moduan oso ezagun egingo zena. Kongresuak onartu ondoren, McKinley presidenteak sinatu zuen. Itsasontzi-baseei dagokienez, honako hau esaten du testu berriak: «AEBek Kubako independentziari eutsi ahal izan diezaioten, Kubako herria zaintzeko aukera izan dezaten, eta bere burua defenditu ahal izan dezaten, Kubako Gobernuak ikaztegiak eta itsasontziak eraikitzeko beharrezko lurrak salduko edo alokatuko dizkie AEBei». 1903ko uztailean sinatu zuten bi gobernuek ideia hori gauzatzen duen testua.
Zuzenbide anomaliak. 1901eko Konstituzioko hirugarren artikuluaren arabera, hau da, Platt zuzenketa iraingarria jaso behar izan zuen Konstituzioaren arabera, «bere burujabetasuna edo lurraldetasuna gutxitzen edo mugatzen duen itun edo hitzarmenik ez du sinatuko Kubako Errepublikak». Horrenbestez, Guantanamoko itsasontzi-basea alokatzeko ituna hasiera-hasieratik kutsatuta dagoela esan daiteke. Baliorik gabea dela, alegia.
Aldeen borondatea. Nazioarteko hitzarmen batek alde guztien baimena eta adostasuna izan behar du alde guztien borondatearen adierazpen askea izateko. Baina Guantanamori buruzko hitzarmena sinatu zenean, izan zen indarkeriarik, izan zen kubatarren borondatea makurrarazteko ahaleginik. Platt zuzenketaren onarpena ekarri zuen prozesua berraztertuta, agerian geratzen dira AEBetako Gobernuak batzar eratzaileko parlamentariak estutzeko egindako presioa. Presio larria bezain injustua. Izan ere, parlamentariek uste zutenez, zuzenketa osoa onartzen ez bazuten, noizbait benetako independentzia lortzeko itxaropen guztia galduko luke Kubak. Gainera, testu hori onartu ezean, AEBetako tropek ez zuten inoiz alde egingo uhartetik, parlamentariei egindako mehatxuak argi uzten zuen bezala. Beldur horiek oso barruan zituztela hartu zuten beren erabakia parlamentariek, eta oraindik erabaki haren ondorioak ez dira amaitu.
Zilegitasuna. Era berean, edozein kontratuk oinarrizko baldintza hau bete behar du balioa izan dezan: zilegi izatea. Beraz, ezin du balio juridikorik izan Konstituzioak jasotako printzipioak bortxatzen dituen hitzarmen batek. Bere lurraren zati baten burujabetzari uko egin diezaion Estatu bat behartzea ez da onartzeko modukoa. Nahiz eta teknikoki «alokairu» bat dela esan, Guantanomoko badiako kasuan egiten den bezala.
Kubako Iraultza. Kausa edo hitzarmenaren helburuei dagokienez, «behar» bat aipatzen da Platt zuzenketan: «AEBek Kubako independentziari eutsi ahal izan diezaioten, Kubako herria zaintzeko aukera izan dezaten, eta bere burua defenditu ahal izan dezaten...». Aldiz, Kubako Iraultza nagusitu zenetik, 1959. urteaz geroztik, iparamerikar Gobernuaren uhartearekiko jarrera, adiskidantzazkoa ez izateaz gain, erabat kontrakoa, etsaitasunezkoa, izatera iritsi da. Beraz, hasiera batean alokairua justifikatu zuen «kausa» orain 49 urte desagertu zen, geroztik ez da gehiago existitu. Ondorioz, balio juridikoa ematen dion oinarrizko baldintza bat falta zaionez, aipatu hitzarmenak ez du gaur egun inolako baliorik.
Burujabetza politikoa. Guantanamoko itsasontzi-basearen alokairua adostean, kubatarrentzat samurxeagoa izan zedin, AEBek honakoa nabarmendu zuten: «Hitzarmenean aipatutako lur eta ur guztien gaineko burujabetza Kubako Errepublikari dagokiola onartzen dugu». Ildo beretik, zilegi da honako hau eranstea: Kubak ez dio inoiz uko egin bere lurraren zati horren burujabetza politikoari, ezta lur horren jabe izateko eskubideari ere.
Aldi baterako kontratua. Gainera, alokairu kontratu guztiek oso argi adierazten dute aldi baterako direla. Izan ere, beti aipatzen dute jabeak alokatutako gauza edo lurra berreskuratzeko aukera izango duela. Beraz, Guantanomoko itsasontzi-basearen alokairu kontratuari eman nahi izan zaion betikotasuna ez dator bat tankerako hitzarmenek bete behar izaten dituzten baldintzekin.
Adostutako erabilera. Era berean, oso garbi adierazten da maizterrak hitzartutako erabilera eman behar diola errentan hartutako ondareari, ez beste bat. AEBek hor egiten dutena ikusita, argi dago ondare horren erabilera ez dela bere garaian aurreikusitakoa, zuzenketan idatzitakoa, ez baitzuen inork esan instalazio horiek ehunka gatibu edukitzeko izango zirenik, legez kontra munduko edozein lekutik ekarritako presoak edukitzeko erabiliko zirenik. Nazioarteko zuzenbidearen arabera, maizterrak bere betebeharrak betetzen ez baditu, jabeak kontratua desegiteko eta kalte-galeren ordainketa eskatzeko eskubidea du.




