-

Gorka Elejabarrieta

2008ko Uztailaren 18a

Belgika 1830. urtean sortu zen. Hamar milioitik gora biztanle dauzka, eta hauetatik %60 flandestarrak eta %40 waloniarrak dira. Erresuma unitario gisa sortua, XX. mendearen bigarren erdialdean Estatu Federala bilakatu zen. Estatu Federalerako prozesua Konstituzioari egindako ondoz ondoko erreformen bidez gauzatu zen. Prozesu horrek flandestarren eta waloniarren arteko tentsioak areagotu zituen.

XX. mendean zehar Belgikan aldaketa handiak izan ziren. 70eko hamarkada arte Walonia zen belgikar motore ekonomikoa. Garai hartan flandestarrak oso diskriminatuta zeuden eta belgikar erabaki guneetatik aldenduta. Belgikar burgesia, hala nola elite kultural, sozial eta politikoak guztiz frankofonoak ziren. Elite frankofono hauek nederlandera etxean erabiltzeko hizkuntzatzat hartzen zuten. Maila akademikorik gabekoa.

Belgikak independentzia lortu eta mende erdira, zenbait intelektual flandestarren artean nederlandar hizkuntzaren eta kulturaren eskubideen aldeko oihuak hasi ziren. Beraiek eman zioten hasiera Flandestar Mugimendua deritzonari. Mugimendu bereziki intelektuala, eta garai horretan herritarrengan eragin gutxi zuena. Lehenengo Munduko Gerran mugimendu flandestarra indartuz eta handituz joan zen. Belgikar Armadan oso gutxi ziren nederlandera zekiten agintariak. Hori dela-eta soldadu flandestar askok ez zituzten beren agintari militarren aginduak ulertzen eta arrazoi horregatik hainbat eta hainbat hil egin ziren.

Lehen Mundu Gerran sortu zen Frontbeweging edo Fronteko Mugimendua deritzona. Soldaduz osaturik, mugimendu honek Armadak eta Belgikak, oro har, nederlanderari eskaintzen zioten errespetu urria salatzen zuen. Herritar mugimendu hau mugimendu politikoa bilakatu zen, hiru helburu nagusirekin: bakea, tolerantzia eta autonomia.

Bigarren Mundu Gerran Alemaniak Belgika okupatu zuen berriz ere. Alemaniak flandestarren aldeko hainbat politika abiarazi zituen, bereziki nederlanderaren aldekoak. Belgikar Estatuak urteetan egin ez zuena alemaniar naziek oso denbora laburrean onartu zuten. Flandestar Mugimenduko zati handi batek (ez guztiek) alemaniarrak lagundu egin zituen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren belgikar Estatuak flandestar abertzale eta kolaborazionisten kontrako kanpaina errepresibo handia burutu zuen. Baita kolaborazionista izan ez ziren abertzale askoren kontrakoa ere. Esan daiteke belgikar Estatuaren helburua mugimendu flandestarra kriminalizatzea zela, eta, aldi berean, beraien liderrak kartzelaratzea.

Abertzaletasuna eta eskuina

Errepresio horrek flandestar mugimenduaren kriminalizazioa ekarri zuen, eta flandestar abertzaletasuna faxismoaren eskutik helduta zihoanaren ideia zabaldu zuen. Egun, oraindik ere, flandestar abertzaletasuna mugimendu eskuindarra da jende askorentzat, nahiz eta hori egia ez izan. Egia da flandestar mugimenduaren zati bat eskuindarra dela, baina ez dena, ezta gutxiagorik ere.

Ondorioz, Bigarren Mundu Gerraren osteko urteetan flandestar mugimendua nahiko geldirik egon zen. 1962an Belgikan hizkuntza mugak zehaztu ziren, Brusela hiri elebidun gisa geratu zelarik.

1968. urtean Lovainako Unibertsitate Katolikoaren banaketa gertatu zen. Lovainako Unibertsitatean, nahiz eta Flandesen egon, ikasketak frantsesez bakarrik egin ahal ziren. Ikasle, intelektual eta irakasle flandestarren errebolten ostean irakaskuntza nederlanderaz hasi zen. Lovainako Unibertsitateko borrokak belgikar Gobernuaren dimisioa ekarri zuen.

2008. urtean gaude, 40 urte geroago, eta oraindik ere flandestar eta waloniarren arteko tentsioak agerikoak dira. Leterme lehen ministroak bere dimisioa aurkeztu berri du. Flandestarrek Estatuaren erreforma beharrezkoa dela uste dute eta waloniarrak ez daude prest erreforma sakonik onartzeko. Dirudienez frankofonoen eskuetan dago gobernu berria osatzeko aukera. Ez dute lortuko, finean, ezadostasuna sakona delako.

Kontrako interesak

Teorian hauteskundeak egin beharko lirateke baina aukera hau ere ez dago guztiz argi, Auzitegi konstituzionalak emandako epai baten arabera ezin baitirelako hauteskundeak egin Brussel-Hall-Vilvoorde (BHV) afera konpondu arte. Eta BHV gatazkan, gainontzeko gai nazional guztiekin bezala, flandestar eta waloniarren jarrerak eta interesak guztiz kontrakoak dira. Hauteskundeak egitekotan beraz, auzitegiak bertan behera utzi ahalko lituzke.

Belgikarenak egin du? Ez dut uste oraingoz apurketa izango denik. Hala ere, Belgikaren desagerpena badator, eta datozen urteetan ikusiko dugu. Nire ustez ondorengo gertaerek apurketa ekar dezakete:

-Bruselaren etorkizunaren inguruan akordioa lortzea.

-BHV gaiaren inguruan akordiorik ez lortzea, eta honek tentsioak areagotzea.

-Segurtasun Sozialaren kutxa, egun federala dena, banatzea.

Flandesen, demografia arazoak krisi ekonomikoa indartzen duenean, ez dakit flandestarrak krisiari aurre egiteko waloniarrekin jarraitu nahiko ote duten. Flandestarrek federalismoan sakonduz lortuko dute independentzia. Pixkanaka, inongo traumarik gabe. Waloniarrak antzeztoki horretarako prestatzen ari dira, hortik datoz BHV, Brusela eta estatu erreformaren inguruan dituzten jarrerak. Estatuaren apurketara ahalik eta egoera hoberenean ailegatu nahi dute. Brusela dago jokoan.