Itsasoari begira dauden talaiak -

XIX. mende erdialdera jarri ziren modan itsasoko bainuak. Itsasoari begiratzeko modua aldatu zuen horrek, eta geroztik itsasoari begira dauden hainbat jatetxe ireki dira, batzuk ikusgarriak oso.

Joxean Agirre

2008ko Ekainaren 07a

Itsasoko bainuak modan jarri zirenetik, XIX. mendearen erdialdetik, ondo eta asko hitz egin da itsasoaz. Bertan lan egiten duten arrantzale batzuk bakarrik ausartzen dira traidoretzat kalifikatzen. Geroztik, XIX. mendearen erdialdetik itsasoari begira egin dira etxe asko eta asko. Aristokrazia frantsesak eta espainiarrak itsasoari begira egin zituzten udako egoitza ikusgarriak Biarritzen hasi eta Zarautzeraino. Eta itsasoari begira egin dira geroztik hainbat jatetxe ere.

Talaietan dauden jatetxeetara joan gara bisitan, Bizkaiko Eneperitik hasi eta Donibane Lohizuneko Le Brouillard eta L'Arthan bukatuz.

Eneperi

Gaztelugatxe aurrez aurre du Eneperik, nahiz eta jatetxetik bertara joateko maldan behera jaitsi behar den. Bizkaiko turismoaren ikur bilakatu den paraje batean gaude, beraz. XII. mendeko San Pelaio ermita du ondoan. Eneperi jatetxe soil bat baino gehiago da. Jatetxean bost menu ezberdin ematen dituzte 50-70 eurotan. Tabernan pintxo aukera ikusgarria dute eta garagardotegian askoz modu hobean jan daiteke: kazolatxoak eta arrain eta haragi platerak.

Inguruan patxadan eserita egoteko terraza ikusgarriak ditu Eneperik.

Elantxobe, Mutriku eta Zumaia

Elantxoben, herriko portuari eta itsaso zabalari begira Itsasmin jatetxea dago. Bi menu ematen dituzte aste barruan eta asteburuetan, menu berezia hogeita zazpi eurotan eta menu arrunta hamazazpi eurotan. Menu arruntean, esate baterako, hiru plater daude eta bakoitzean bizpahiru aukera, bertako jabeak, Ferminek, esan zigunez. Leiho ondoan eseri eta ozeanori begira ondo baino hobeto bazkaltzeko edo afaltzeko moduko lekua da.

Mutrikuko sarreran itsasoari begira dago Jarri-Toki jatetxea. Orain 23 urte zabaldu zuten eta bigarren belaunaldiak darama ardura. «Kartarekin lan egiten dugu. Gozogintza eta ogia etxean egiten ditugu. Parrillan egindako arraina erabiltzen dugu asko. Hiru platereko bazkari bat eta postrea 40-50 euro bitartean ateratzen da», esan zigun etxeko alabak.

Zumaiako Itzurun hondartzaren ertzean, itsasoaren bista ikusgarriak dituela Talasoterapia Zelai dago, egiten ari garen zerrenda honetan aurki dezakegun lekurik ikusgarriena. Talasoterapiari lotutako eskaintza zabala du lekuak eta eskaintza zabala du bertako jatetxeak ere. 15 eurotan, esate baterako, eguneko menua ematen dute eguerdietan, astelehenetik ostiralera bitartean. Talasoterapiako ibilbidea barne duela 39 euroko menu gastronomikoa ere eskaintzen dute eta karta bera ere itxura onekoa da. Eskaintza guztien berri jakin nahi duenak www.talasozelai.com webgunean du horretarako aukera.

Zarautzen aukera

Itsasoari gehien begiratzen dion herria Zarautz da. Malekoian bertan badira dozena erdi jatetxe kresala usaina lagun lan egiten dutenak. Baina itsasoari goitik begiratzeko moduko honako hirurak aukeratu ditugu: Aiten Etxe, Kulixka eta Karlos Arguiñano.

Kulixkan hiru menu mota ematen dituzte. «Lanegunetan 12,90 euroko menu bat ematen dugu bazkaltzeko eta 22 euroko menu berezi bat. 35 eurotan dastatzeko menu bat ere eskaintzen dugu. Gauetan, igande gauak barne, 15 euroko menu bat ematen dugu», esan zigun bertako jabeak, Ibon Garatek.

Zer sartzen da 15 euroko menu batean? galdetu genion. «Aperitifaz gainera bezeroak hiru sarrerako eta hiru bigarren plater ditu aukeran», erantzun zigun.

Kulixkak jatetxe handiak ditu, 130 lagun sar daitezke. Argibide gehiago nahi duenak 943 134 604 telefonora dei dezake. Jatetxeko leihoetatik, noski, itsaso zabala ikus daiteke. Astelehenetan ixten dute.

Karlos Argiñanoren jatetxeak ere bista ikusgarriak ditu eta ikusmirarekin batera karta eta dastatze menuak eskaintzen ditu 29,75 eurotan, edaria aparte. Igande gauetan ixten dute eta asteazkenetan egun osoz. Lau plater eta postrea sartzen dira horietako menu batean. Itsasoari begira dago halaber Aiten Etxe jatetxea. Beste maila batekoa da. Bertako langile batek adierazi zigunez, kartarekin bakarrik lan egiten dute eta hirurogei eta hirurogeita hamar euro bitartean ateratzen da batez beste otordu bat. Itsaskia eta arraina parrillan jateko leku aproposa. Sukalde tradizionala egiten dute, baina berri ukitu batekin. Igande gauetan bakarrik ixten dute.

Hondarribitik Donibanera

Ardora jatetxeak Hondarribiko hondartza albo-alboan du eta leihoetatik Txingudiko badia osoa ikusten da. «Eguraldi garbi-garbia denean Biarritzerainoko kostalde osoa ikus daiteke», esan zigun telefonoa hartu zuen sukaldariak. Kartarekin lan egiten dute, baina eguneko menua ere ematen dute.

«Kartarekin lan egiten dugu gehienbat, ezkontza eta bazkari handiekin askotan, baina aste barruan 9,50 euroko menua ematen dugu kafetegian, eta jatetxean astegunetan eta asteburuan 22 euroko menua ematen dugu. Menu horretan entsalada mistoa, arrain zopa edo itsaski pastela ematen dugu hasierako moduan, txibiak, konfita, entrekota edo legatz frijitua ematen dugu bigarrengo gisa eta postrea eta kafea azkenik», esan zigun Ardorako sukaldariak.

Donibane Lohizunen ere badira hondartzara begira dauden jatetxe batzuk. Horietako bat L'Artha jatetxea da. Kartarekin lan egiten du, baina badu 19 euroko menu bat eta haurrentzat 9,50 euroko beste bat.

Aldamenean badago beste jatetxe bat, taberna modura jende asko mugitzen duena. La Broullarta du izena, Honek ere kartarekin lan egiten du, baina baita modu oneko menuekin ere. Aste barruan 10 euroko menua ematen dute eta 8 euroko bat haurrentzat. Biak ere itsasertzeko pasealekuan daude.

Badaude uda partean bakarrik funtzionatzen duten kanpoko jatetxeak ere. Horietako bat da Higer faro ondoan dagoen La Cabaña jatetxea. Sardina erreak edota xerra patata frijituekin jateko oso leku gomendagarria da. Lekuak merezi du.

Beste leku ikusgarri bat Zumaiako Itzurun da, izen bereko hondartzaren gainean dagoen jatetxea. Oso modu onean jaten da bertan. Aparteko tokia da ilunabar aldera eguzkia itsasoan sartzen ari den bitartean tortilla eder bat jateko, botila bat sagardoz lagunduta.