GIZARTEA -

Beteluriko ur tratamenduen gunetik Bizkaiko ur-edangarri hornidura sare osoa kontrolatzen da. Edozein arazo izanez gero, Telemando deitutako sistemak neurriak berehala hartzea ahalbidetzen du

2008ko Ekainaren 07a

Elementuak kontrolatzea, edo, hobeki esanda, likido elementua kontrolatzea. Eta kontrol gela bakarretik eta pertsona bakar batekin. Ez da natura bere nahietarako erabiltzen duen jainko mitiko bat, baizik eta Telemando deitzen den sistema moderno eta boteretsua. Telemando sistema Arrigorriagan dagoen Beteluriko ur edangarrien tratamendurako gunean ipini dute eta ia Bizkaia guztirako ur edangarri hornidura-sarea kontrolatzen du; behar izanez gero, esku hartzeko prest dago beti.

Dinalan, software industrialean espezializatutako Laudioko enpresa batek duela gutxi berritu ondoren, Beteluritik Bilboko Ur Partzuergoak dituen gune desberdinetako elementu guztien informazio zehatza eta eguneratua kontrolatzen da. Horren emaitza, gertatzen den momentu berean egiten den milioika ur litroren jarraipen iraunkorra.

Irudikatzea

Dinalanek eguneratutako Telemandoa hainbat pantailatako kontrol postu batean gauzatzen da. Pantaila hauetan jasotzen diren informazioak era oso grafikoan eta intuitiboki irudikatzen dira eta, bere kontrol eta erabilpenerako, hornidura sarea osatzen duten puntu garrantzitsu guztietara iristea ahalbidetzen du. Puntu horiek Ur Edangarrien Tratamendu Guneetan sailkatzen dira (ETAP, gazteleraz). Ur edangarriaz gain, deribazioak, presa edo urtegiak, biltegiak eta ur-ponpaketen tratamendua ere sailkatzen dira ETAP horietan. Bakoitzaren barruan, erabilpena ahalbidetzen duten hainbat elementu daude. Telemandoak, izan ere, 1.800 objektu kudeatzen ditu eta hauen 1.000 seinale inguru gordetzen ditu, sistemak 25.000 pilatu ditzakeen arren. Datu horiek ezagututa, hornidura-sarearen portaeraren ezagutza handiagoa izateko txostenak egiten dira eta, horrela, egoera zehatzen aurrean zer egin aurreikusi.

Telemandoarekin lan egiteko ohiko modua automatikoa da, jasotako informazioaren arabera urrutitik aginduak emanez, baina beharrezkoa izanez gero, in situ kudea daiteke eskuz; hots, lan egin behar den elementuan bertan, zuzenean, egin daitezke egin beharrekoak.

Komunikazioa

Telemandoaren eraginkortasuna finkatzeko ardatz nagusia, sarea osatzen duten ekipoen eta kontrol gela nagusiaren arteko etengabeko komunikazioa da. Horren bitartez, hutsegite edo alarmaren bat dagoen jakin daiteke, baina biltegi, bonba edota balbula bakoitzaren egoera zein den ezagutzeko ere erabilgarria da. Horregatik, komunikazio egokia izatea Telemandoarentzat oinarrizkoa da; hala izanez gero, presente izan gabe «ikusi» eta «egin» baitezake.

Hori abiapuntutzat hartuta, Telemandoaren instalazioak eguneratu egin dira. Izan ere, datu eta aginduen igorketa hainbat sistema desberdin batera erabilita bermatu beharra zegoen, aukera hori posible zen puntu guztietan bederen. Horrela, komunikazio modu desberdinak erabili dira: irratia, ADSLa eta GPRSa.

Medio guzti horiek ez daude puntu guztietan, baina ahal izan den guztietan bat baino gehiago ipini dira; nagusiak huts egiten badu, bigarren bat funtzionamenduan sartzen da. Horrenbestez, sistema horri esker, komunikazioak etengabe jarraitzen du, inongo kalterik gabe.

Izan ere, komunikazio mapa diseinatzerako orduan, irrati sare pribatu berri bat sortzeko beharra ikusi zen, frekuentzia eskubideak urratu gabe eta behar diren homologazioekin, noski. Burokrazia kontuez gain, bi errepikagailu ipini behar izan dituzte, bat Artxandan eta bestea Argalarion.

Telemando sistemaren berritzeak etorkizunari begira eskaintzen duen beste abantaila nagusietakoa bat eskalagarritasun errazeko sistema bat izatearena da. Hau da, hedatzeko arazorik ez du ipintzen eta ekipo berriak oso modu errazean onartzen ditu.