-

Jose Angel Oria

2008ko Ekainaren 07a

Peru eta Brasilen arteko oihanetan oraindik bizirik irauten duten jatorrizko herri bateko kideak ikusi ahal izan ditugu aste honetan telebistaz. «Gizon zuriarekin» oraindik ez dute harremanik izan eta, izatekotan, beraien lurretara ateratzeko moduko guztia ateratzera joan diren konpainietako langileekin egingo zuten topo, eta horiekin tratutan ibiltzea arriskutsua da, defenditzeko arkuak eta geziak besterik ez badituzu.

Indigena horiek, gure munduarekin harremanik ez dutenak, oso gutxi dira, Latinoamerikan bizi diren gehienek ongi baitakite «gizon zuriarengandik» zer espero dezaketen: bazterketa. Gaur egungo mundu globalizatu honetan, gainera, badakite beste leku batzuetako indigenek beraien eskubideak errespeta ditzaten zer egin duten. Perukoak Bolivia eta Ekuadorrera begira daude, hangoen esperientziarekin asko ikas dezaketelakoan. Horregatik, tresna politiko propio bat eraiki nahian dabiltza, 2011. urtean Perun egingo diren hauteskunde presidentzialetan agintea lortzeko itxaropenarekin, IPS agentziak zabaldu duen informazioaren arabera.

«Nazio anitzeko Estatua»

«Betiko alderdi politikoen tankerarik izango ez duen tresna politikoa behar dugu. Gu baztertuko ez gaituen nazio anitzeko Estatu bat eraiki nahi dugu», esan dio aipatu agentziako kazetariari Miguel Palacinek. Lima Peruko hiriburuan maiatzean egin den Herrien Gailurra antolatzen ibilitakoa da Palacin.

Perun, datu ofizialen arabera, ia bederatzi milioi indigena bizi dira; hau da, populazioaren herena indigena da. Jatorrizko herrien komunitateek arazo ugari dituzte. Nabarmentzekoa da meatzaritzak horietako askori egiten diola kalte. Conacami izeneko erakundeak komunitate horiek koordinatzen ditu. Mario Palacios Conacamiko ordezkariak jakinarazi du uztailean eta abuztuan buru indigenen kongresua egingo dutela, «Peruko Evo Morales» aukeratzeko. Boliviako presidentea oso garrantzitsua da indigenentzat, indigena izanda ere agintera iristea posible dela erakutsi baitu. Ez da harritzekoa, beraz, Evo Moralesek berak Herrien Gailurrari amaiera eman zion ekitaldi jendetsuan esku hartu izana.

Argentina, Bolivia, Kolonbia, Ekuador, Peru eta Venezuelako ordezkariak bildu dituen gailur horretatik ateratako ondoriorik aipagarriena tresna politiko berria eratzearena da. Hala ere, indigenak ez direnekin lan egiteko beharra ere aipatzen dute. «Peruko beste sektore batzuekin batera eratu behar dugu proiektu politiko nazionala», adierazi du Palaciosek.

Miguel Palacin Andeetako Erakunde Indigenetako Koordinadorako presidenteak jakinarazi du aliatuen artean koka ekoizleak izango dituztela. Nelson Palomino da Peruko koka ekoizleen buruetako bat. Apurimac eta Ene ibaien bailaretan badu indarrik bere elkarteak eratu duen Kuska («bat eginda», kitxua hizkuntzan) alderdiak. Zazpi udalerritan alkatetza lortu dute Kuskakoek.

Konpainia multinazionalak

Boliviako eta Ekuadorreko esperientziak kontuan hartuta, Peruko indigenek ere nazio anitzeko Estatua eraikitzea dute helburu. Estatu horrek ez luke inor baztertuko. Horretarako, Batzar Eratzailea aukeratu beharko litzateke, eta batzar horrek izango luke Konstituzio berria idazteko ardura. Jatorrizko herrien eskubideak jasotzen dituzten Nazio Batuen Erakundeko itunak jaso beharko lituzke testuak. Oraingo egitasmoetan, sekulako garrantzia ematen diote, baliabide naturalak eta lurra kudeatzeko garaian, herritarren esku-hartzeari. Izan ere, beraien lurretarako bestelako egitasmoak dituzte konpainia multinazionalek: bertakoei jaramonik egin gabe, edo indigenak bertatik indarra erabiliz kanporatuta, petrolioa, egurra eta lur azpiko ondasun guztiak ateratzea. Horregatik, Peruk AEBekin eta Europar Batasunarekin urteotan negoziatu dituen «merkataritza libreko itunak» berraztertu nahi dituzte, dauden bezala indigenentzat oso kaltegarriak dira-eta.

«Demokrazia bera demokratizatu» egin nahi dute Peruko indigenek, Boaventura de Sousa Santos soziologo portugesak Herrien Gailurrean esan zuenez.

Ekuadorreko indigenen ordezkari gisa hitz egin zuen Blanca Chancosak. Pachakuti mugimenduaren historia gogoratu zuen, hasieran herri mailako agintea lortzeko ahaleginean aritu zirela nabarmenduz. Ondoren iritsi zitzaien herrialdeko Parlamenturako hauteskundeetan zer egin pentsatu beharra.