e.lkarrizketa- Antxon Olabe, ingurumen analista -

Jose Angel Oria

2008ko Ekainaren 07a

Hiriak autoentzat beharrean herritarrontzat izan daitezen, makina bat testu eta proposamen mahairatu izan ditu Antxon Olabe ingurumen analistak. Erandion Naider enpresak dituen instalazioetan erantzun ditu GAUR8k egindako galderak. Sevillan ere ordezkaritza bat zabaldu berri dute: «Han ere nolabait aireratzen hasi nahi dugu».

Batez ere instituzioekin egiten dute lan, «horiek egin beharreko politikak definitzeko txostenak eta diagnosiak egin, garatu diren politikak ebaluatu...». Enpresa pribatuarekin oso lan gutxi egiten dute oraingoz, eta ez du uste joera hori datozen urteetan aldatuko denik: «Guk ateak zabalik dauzkagu, baina... Horretan espezializatu gara. Administrazio publikoa da gure bezero nagusia».

Ingurumen ekonomialaria eta ingurumen analista bezala ageri da enpresako webgunean. «Ekonomialaria naiz, daukadan formazioa hori delako. Ekonomiako ikasketak egin nituen, eta gero ingurumen gaietan espezializatu nintzen, Britainia Handiko Yorkeko Unibertsitatean. Eguneroko lanean, berriz, analisiak egiten ditut batik bat; adibidez, hedabideetan idazten dudanean-eta. Nik esango nuke `analista' hitzak hobeto deskribatzen duela nik egiten dudana».

Europako hirurogeita hamar hiritan LEZ Isuri Gutxiko Eremuak sortu dituzte. Zer dira horiek?

Europan sortutako ekimen bat da. Helburua, proiektuarekin bat egiten duten hirietako eremu jakin batzuetan, gehien kutsatzen duten ibilgailuak ez sartzea da. Hiri batzuetan anbizio handiagoko egitasmoak egin dituzte, beste batzuetan apalagoak, baina atzean dagoen filosofia hori da, hirietako eremu batzuk mugatzea, bertan airearen kalitatea, autoen isuri kutsakorrei dagokienez, hobea izan dadin, batez ere horrek osasunarengan duen eraginagatik.

LEZ eremuak ezarri dituzten Europako hiri batzuetan ibilgailu horiei sartzea debekatu egingo zaie. Beste batzuetan, tarifa edo zerga handiak ordainaraziko zaizkie... Hala ere, helburua beti bera dela dirudi.

Horrela da. Hiri batzuek nahitaez bete beharreko neurriak jarriko dituzte abian; esaterako, hamar urte baino gehiagoko ibilgailuei sartzea debekatzea. Beste batzuek hiriguneetara sartu ahal izateko ordaindu beharreko tarifak onartu dituzte, autoen ezaugarrien araberakoak.

Euskal Herriko hirietara ere iritsiko al dira LEZ eremuak?

Nahiago nuke horrela izango balitz! Nik daukadan informazioaren arabera, oraingoz, euskal hiriburuek ez daukate beraien helburuen artean urrats hori egiteko asmorik.

Zuek honi buruz aurten bertan urratsak egiteko proposamena egina duzue, ezta?

Bai, baina gaia oraindik oso berde dago Bilbo, Gasteiz eta Donostiako ingurumen agendatan sartzeko.

Iruñearen eta Baionaren kasuan?

Nik dakidala behintzat, Euskal Herriko hirietan ez da izan oraindik mugimendu politikorik, ezta alkate edo zinegotziren baten adierazpenik ere...

Hirietako zirkulazioa hazten ari da bazter gehienetan, adituek egindako azken ikerketen arabera. LEZ horien helburua, herritarrek autoa hartu beharrean garraio publikoa erabil dezaten bultzatzea al da?

Garraio publikoa, bizikleta edo oinez ibiltzea, zergatik ez? Egunero egiten dugun mugimenduaren zati handi bat oinez egiten dugula ahaztu egiten zaigu. Helburu nagusia hirietako espazioa gordetzea, babestea da, herritarren osasunean eragin zuzena duelako. Aire kutsaduraren eragile nagusia, gaur egun, auto zirkulazioa da, joera hori gero eta garbiagoa da gainera. Europar Batasuneko, Estatu espainoleko eta autonomia erkidegoetako datuek gauza bera esaten digute. Orain hamar urte, agian, ez genituen datu horiek edo antzekorik izango, baina orain bai. Baldintzak aldatu egin dira. Horregatik, ingurumen gaiekiko Europako hiri aurreratuenak, abangoardian daudenak, pixkanaka erreakzionatzen hasiak dira: hirietako espazioaren zati handi bat babes dezagun, leku horietako airearen kalitatea gero eta hobea izan dadin. Arazo serio bati aurre egiteko neurria da LEZ eremua. Teknologiari dagokionez, kutsadurari dagokionez eta isuriei dagokienez eguneratu ez diren autoak, hiritik kanpo. Pertsonen arabera diseinatutako espazioak berreskuratzeko ahalegina da. Topikoa dirudi, txorakeri bat, baina oso ideia garrantzitsua da, urte askotan hiriak autoenak zirela baitzirudien. Herrietan ere gauza bera gertatzen da, eta Euskadin horrelako herri asko dauzkagu, batez ere ibilgailuentzat diseinatuta daudela diruditenak.

Joko Olinpikoen garaian esan zen Atlantako hiriak espaloirik ez zuela, kalean oinez inor ez zela ibiltzen...

Ez nekien (parrez). Ni Eibarkoa naiz eta, Atlantaraino joan gabe, pena handia hartzen dut espaloiak autoz gainezka ikusten ditudan bakoitzean, autoak asteburu osorako aparkatuta hor bertan uzten baitituzte. Hamar minutuko enkargu bat egiteko izango balitz... Makinen inbasioa da. Pentsa, oinezkoak, amak seme-alabekin, gurpil-aulkiak, aiton-amonak... ezin pasa! Sinesgaitza da. Nik ez dut etsi nahi, ezin dut ontzat eman. Udalek neurriak hartu beharra dute.

Ihes-hodia autoak duen gauzarik hilgarriena dela esan izan da. Bat al zatoz? Kutsadura al da autoak duen gauzarik hilgarriena?

Ados nago, bai. Gehiago esango nuke, umeak etortzen zaizkit burura; ia-ia, ihes-hodiaren altuera berean daude ume txikiak. Ziur nago hemendik hogeita bost urtera sinesgaitza irudituko zaigula gaur egun egiten duguna, gu bizi garen lekuan, paseatzen edo umeekin jolasten dugun lekuetan, kutsadura etengabe botatzen ari diren ihes-hodiak onartzea. Estatu osoan, azken kalkuluen arabera, urtean 16.000 pertsona hiltzen dira aire kutsaduraren eraginez, eta kutsadura hori eragiten duena, batez ere, autoa da. Europar Batasunean egindako ikerketek ere datu ikaragarriak eman dituzte. Datuak hor daude. Agintariei neurriak hartzeko eskatu behar diegu. Eta LEZ eremu horiek ezartzea bide onean egindako urratsa izango litzateke.

Orain hogeita bost urte, autobusean erretzea oso normala izaten zen, eta gaur egun ezinezko dirudi...

Ideia bera erabili izan dut hitzaldietan-eta. Oso urte gutxitan aldaketa garrantzitsuak izan ditugu hemen, gizarteak eskubideak ulertzeko era aldatu egin du, erretzeari dagokionez, esaterako. Nahi izanez gero, autobusean, hegazkinean, baita erietxean ere, erretzen zen orain urte batzuk. Erretzailearen eskubideak ziren babestu beharrekoak, horrela zirudien behintzat. Zientziak txostenak ipini ditu mahai gainean, kutsadurak osasunarengan duen eragina neurtzeko, eta pixkanaka aldatu egin da egoera. Orain, errespetatu beharreko lehen gauza erretzen ez duenaren eskubidea da; gero, zuk erre nahi baduzu, ez dadila izan beste batek zure erabakia ordaintzeko. Nire ustez, autoen isurien gaiarekin ere, aldaketa ikusteko belaunaldi bat beharko dugu.

Londresen, 2012. urterako, isuri kopurua % 16an gutxitu nahi dute. Ez al da oso murrizketa txikia?

Lau urtetan %16 ko murrizketa? Berehala sinatuko nuke Euskadiko makina bat tokirako.

Beraz, denbora asko behar da urrats txikiena egiteko ere. Honelako arazo bat ez da konpontzen epe laburrean.

Ezta Londresen ere, nahiz eta tarifa handiak ezarri dituzten, hamabi eurokoak edo. Datu batzuk badaude. Auto-pilaketa gutxiago dago orain, % 30 gutxiago edo. Ez dakit horrek zein eragin izan duen isuri kopuruan, baina murrizketa ere garrantzitsua izango zela pentsa daiteke.

Goteborgen ere LEZ bat ezarri dute. Honela zioen bertako herritar batek: «Hemen, Suedian, egunero lanera zure autoan joanez gero, lagunek eta auzokoek gaiztoa zarela pentsatuko dute, zure eta beraien seme-alabek arnastu beharreko airearen kalitatea ez duzula kontuan hartzen. Gizarteak gaizki begiratuko zaitu». Euskaldunon gai hauekiko jarrerak ez dauka zerikusi handirik Suediako herritarrenarekin, ezta?

Domingo Jiménez Beltrán Europako Ingurumen Agentziako zuzendari ohiari entzun nion, Danimarkatik Valentziara itzuli zenean, kasinora lagun artera bizikletaz joaten zenean, bera xelebretzat hartzen zutela: bizikletan, hirurogeita bost urterekin! Kopenhagen, berriz, gaiztoa zen autoz joanez gero.

Hemen, Goteborgekoen tankerarik izango al dugu inoiz?

Bai, hemendik hiru mila urtera edo (barrez). Ingurumenarekiko sentsibilizazioari dagokionez, gu baino urte batzuk aurrerago daude Europa iparraldeko eta erdialdeko herritarrak. Agian hemendik hamar urtera aldaketa garrantzitsuak ikusiko ditugu hemen ere.

Herritarrek LEZ eremuen aurkako jarrera izaten badute, politikariak ez dira ezer egitera ausartuko.

Hirietako kale jakin batzuk oinezkoentzat jartzeak ere, erresistentzia handia izan zuen bere garaian. Azkenean ikusi dugu oso balorazio ona egiten dela, Euskadiko herrietan jarri diren oinezkoentzako eremuak lekurik bizienak direla, merkataritza ondoen bertan dabilela, jendeak paseatuz egiten dituela erosketak... Hiria pertsonentzat irabaztea da. Baina egia da autoa gauza guztiak egiteko beti hartzen duenak, betiko joera horri oztoporen bat jarriz gero, protesta egingo dizula.

Isuriei dagokienez, erregaiak azken bolada honetan horrenbeste garestitu izana berri ona al da?

Bai, azken finean, salneurriari asko begiratzen baitzaio nola mugitu erabaki behar denean. Ez da gauza bera gasolio litro batengatik hirurogeita hamar zentimo ordaintzea, edo euro bat eta hogeita hamar ordaintzea. Baina jendeak ohiturak dauzka, bakoitzak bere inertziak izaten ditu, eta jarrera aldaketa horiek mantsotu egiten dira. Poltsikoa arintzeak erraztu dezake urratsa.

Europatik kanpo ere badago autorik. India, Txina eta hazkunde ekonomiko handiko beste herrialde batzuetan auto merkeak eta oso kutsakorrak egiten hasi dira. Adituen arabera, datozen hamar-hamabi urtetan, ehundik gora milioi lagunek erosiko dituzte auto horiek. Europan metro bat aurrera, eta munduan kilometro asko atzera?

Egia da hori. Hala ere, gai hau oso konplexua dela ere kontuan hartu behar dugu. Bi ingurumen arazo ditugu galdera horretan nahastuta, neurri ezberdineko bi arazo. New Delhi edo Mumbai auto kutsakorrez betez gero, bertakoek jasango dute aire kutsadura, guk hemen, Bilbon, jasan behar izan dugun moduan. Kutsadurak eragindako osasun arazoak pasa beharko dituzte, eta, egoera berri horretan, beraien agintariei presio egin aldaketak ezarri ditzaten.

Negutegi efektua eragiten duten gasen isurketa beste maila bateko arazoa da. Auto baten CO2a atmosferara doa eta guztioi egiten digu kalte, ez bakarrik hiri horretako biztanleei. Hau mundu osoko arazoa da, bestea herri bakoitzekoa.

Hori kontuan hartuta, klima aldaketaren inguruan azken bolada honetan Europan aurreratu duguna, oso ondo dagoena, ez da nahikoa, Europak bakarrik ez baitu arazoa konponduko. Lehen aipatutako herrialde horiek ere esku hartu behar dute, konponbidea lortu nahi bada.

AEBak dira gehien kutsatzen dutenak.

Zorionez, AEBetan, klima aldaketarekiko jarrera aldaketa baten aurrean gaude. Bushen administrazioak berak, bere zortzi urteko agintaldian lehen aldiz, onartu egin du testu ofizial batean klima aldaketa gizakiak eragiten duela. Hurrengo administrazioak, edonork irabazita ere, klima aldaketaren inguruko egitasmo bat izango du, ez dakit anbizio handikoa izango den ala ez, baina izango du. George Walker Bushen administrazioak orain arte ukatu egin du arazorik egon bazegoela ere.

Herrialde bakoitzak eragiten duen kutsadurari buruzko grafikoak aldatu egingo al zaizkigu?

Orain arte, kutsadura gehien herrialde aberatsenek eragiten zuten. Orain nolabaiteko oreka dago eta uste da 2020tik aurrera garapen bidean dauden herriek industrializatuek baino karbono dioxido gehiago isuriko dutela.