Joxe Rojas
2008ko Apirilaren 04a
George Orwellek, XX. mendearen erdialdean, `Anaia Handia' irudikatu zuen, erabateko kontrol soziala pertsonifikatzeko: herritar guztien bizitzako alderdi oro zelatatuz boterea eskuratzen ¯eta mantentzen¯ zuen erakundea, goitik beherako erabateko kontrola ezartzen zuena, hain zuzen. Perspektiba beldurgarria zen hura, batez ere teknologiaren eta komunikabideen garapena gauzagarri bihurtzen zihoan heinean. Pixkanaka baina etengabe, informazioa botere bihurtzen joan zen. Garai batean lehengaiak eskuratzeko norgehiagokan zebiltzan enpresa handiak informazioa eta komunikazioak menderatzeko lehian hasi ziren, gizarte industriala informazioaren gizarte bihurtzen zihoan bitartean.
Mende amaieran Internet agertu zen, eta harekin batera biderkatu egin zen Anaia Handiaren gauzagarritasuna. Munduko edozein txokotatik inoiz baino errazago bilakatu zen beste puntan gertatzen ari zena jarraitzea, agerian zein ezkutuan, eta 2000. urtean Europar Batasunak ere salatu zuen komunikazioak zelatatzeko nazioarteko sistema bat gutxienez bazela, Estatu Batuek, Erresuma Batuak, Kanadak, Australiak eta Zeelanda Berriak kontrolatutakoa. Orduan jabetu ginen asko `Echelon' izeneko nazioarteko espioitza sarea bazela, eta nolabaiteko kezka zabaldu zen mundu osoan, herrialde `garatuetan' behintzat, norberaren intimitatea eta pribatutasuna noraino zegoen arriskuan jakiteko. Anaia Handia agerian geratu zen lar, eta kolokan jarri zen bere eraginkortasuna.
Baina hara non, halako batean, komunikazioak menderatutako gizarte horretan `sare soziala' eta `web bi puntu zero' kontzeptuak hasi ziren zabaltzen. Informazioaren autobideko bidaiariok kontsigna berria jaso genuen, ez dakigu oso ondo norengandik: «zabaldu informazioa», «partekatu edukiak». Eta, errezelo handiekin hasieran, pixkanaka-pixkanaka hasi ginen kontsigna berriei men egiten: web helbiderik gogokoenak konpartitzen hasi ginen lehenengo eta behin. Hari gustua hartu eta, konpartitzea ona delako mezua entzutearen entzuteaz erabat sinestuta, gure gogoetak ere publiko egiten hasi ginen blogetan; eta argazkiak: nolabaiteko interes publikoa izan zezaketenak hasieran, eta koadrila arteko azken afarikoak ere azkenerako, eta bideoak...
Hoartu-emana gurtzeko zoramen horretan, normalean geure ordenagailuan ditugun dokumentuak ere sarean jartzea da azken joera. Mezuak trukatzeko enpresa erraldoiek ematen dizkiguten `doako' zerbitzuak erabiltzen ditugu. Gure curriculumak, gutunak, eta abarrak multinazionalen zerbitzarietan gordetzen hasi gara, «edonondik eskuratu ahal izateak» dituen abantaila izugarriak aprobetxatzeko. 90eko hamarkadan porrot izugarria izan zuen sareko aplikazioen kontzeptua indarberriturik bueltatu da. Egun sistema eragile osoak aurki ditzakegu sarean, edonondik atzitu ahal ditugunak. Guk eta beste nork? Berdin dio, konpartitzea da gakoa.
Esango duzue paranoiko hutsa naizela, baina hemen zerbait ez dabil ondo: duela urte gutxi batzuk, Travel txartela ere egiteak erreparoa ematen zidan, behin eta berriro azaldu baitzitzaigun gure erosketa ohituren eta egoera ekonomikoaren inguruko informazioa biltzeko amarrua baino ez zela. Gaur egun ere, ez daukat halakorik, sandwitxerarik gabe geratu behar banaiz ere, neure pribatutasunaren mesedetan. Duela hilabete batzuk arte, ezizena edo datu faltsuak sartzen nituen erregistratzea eskatzen zuten web zerbitzuetan.
Azken boladan, alabaina, konpartitzearen erlijio horrek bultzatuta, behin baino dezente gehiagotan sartu ditut benetako datuak FaceBook, LinkedIn, Twitter eta antzekoetan. Inolako erreparorik gabe, pribatutasuna erabat baztertuta konpartitzeko kontsigna horren mesedetan. Eta badakit, jakin, ez naizela bakarra.
Anaia Handirik ez dugu, berriz, ezta beharrik ere. Goitik beherako kontrol agerikoaren ordez, milioika Anaia Txikitxo agertu gara munduan, gero eta gehiago gainera, nork bere txikikeriarik inozoenaren berri ere ematen, pozaren pozez, ikusi nahi dituen edonoren eskura, eduki konpartituei eta sare sozialei gorazarre egiten diegun bitartean. Anaia Handia, bitartean, batere estresik gabe bizi da seguruenez, bere lana izan beharko lukeena eginda ematen diogu eta.




