IN FRAGANTI -

Termitek zulatutako eukaliptu enborra esku artean hartu, putz egin eta musika egin dute mendeetan zehar Australiako aborigenek. Iban Nikolaik Londreseko kaleetan entzun zuen lehen aldiz didgeridooa. Bere soinu berezia erraietaraino sartu zitzaion eta ordudanik bidaide du. Samar taldearekin kaleratu berri duen diskoa musika-tresna honek eskaintzen dituen aukera anitzen adibidea da

Xole Aramendi

2008ko Apirilaren 04a

Euskal Herrian dugun musika-tresna andanarekin zertara joan da Australiako puntara?' galde diezaioke norbaitek. Iban Nikolaik erantzuna prest du: «Nik ez dut didgeridooa aukeratu, berak aukeratu nau ni».

Halaxe izan zen. Londresko kaleetan lehen aldiz entzun zuenetik ez du jotzen ikasi arteko bakerik izan. «Nik hau jo nahi dut», izan zen Iban Nikolai oiartzuarraren burutik pasa zen lehen pentsamendua. Ez zuen bi aldiz pentsatu. Hura izan zen abiapuntua, pauso txikiz osatutako ibilbidearen hasiera. Eta pentsa zein argi zuen, musikatik bizitzea batere erraza ez den garaiotan, hain urrunekoa eta hain bitxia den tresna batekin lortu duela, non eta Euskal Herrian. «Leku guztietan da zaila musikatik bizitzea. Kontzertuak eta eskolak ematen ditut. Neguan hementxe, estudioan, eta udan jaialdietan ere aritzen naiz erakusten», azaldu du Iban Nikolaik.

Donostiako Martutene eta Loiola auzoen artean, Txomin Enean duen estudioan hartu gaitu. Hainbat artista biltzen dira bertan, bakoitza alokatuta daukan bere txokoan. «Hau Arteleku-2 da», dio, metro gutxira dagoen kultur zentroari aipamena eginez. Nikolai da musikari bakarra. «Bi urte daramatzat. Lehen beste lokal bat erabiltzen nuen eta zortea izan nuen hau aurkitzen. Ez da erraza honelako toki bat topatzea». Zazpi bat urte dira didgeridooa jotzen hasi zela, eta maisu onenekin aritu da bere sekretuak ezagutzen. Europan zehar lehenik, eta Australiako ipar-ekialdean ondoren. Munduko irakasle garrantzitsuenarekin, Djalu Gurruwiwirekin, hilabete eman zuen. Huraxe izan zen antipodetara egin duen bidaia bakarra. 2003a zen.

Corroboree izeneko festetan entzuten da didgeridooa. «Aborigenak elkartzen direnean istorio bat kantatu edo kontatzen dute. Eta abestiaren, didgeridooaren eta dantzaren bidez egin ohi dute», dio.

Ez du lehen mailako protagonismorik. «Bigarren mailako tresna da. Kontalariak bilma izeneko makilak jotzen ditu, hori da instrumentu nagusia, eta beste norbaitek didgeridooa, lagungarri gisa. Beste aborigen batzuek dantza egiten dute», argitu du Nikolaik.

Didgeridooaren soinuak erakarri zuen. «Ikaragarria da. Oso grabea da, funkya. Batetik, antzinakoa, baina era berean oso modernoa. Bestetik, arraroa izateak ere erakarri ninduen», aitortu du.

Aborigenek yidaki deitzen diote. Munduko haize-tresnarik zaharrena da eta naturak egiten du. «Termitek eukaliptoa hustu egiten dute eta ondorioz tresna bakoitzak soinu desberdina egiten du, ezaugarri desberdinak ditu. Zuraren eta termitek egindako bidexkaren arabera. Tonu berean egon arren tinbrea desberdina da», azaldu du.

Bi eskola daude, tradizionala eta garaikidea. Nikolaik rapa, big boxa, technoa, funka eta jazza egiten du. Australian mendez mende landu den tradiziozko teknika bereganatu zuen. «Nola hartu dute zure lana aborigenek?», galdetu diogu. «Onartu egiten dute gure erara jotzea, errespetatu egiten dute. Oso kuriosoak dira. Han didgeridoo onak dituzte, eukaliptozkoak. Nik plastikozko bat eraman nuen eta ero moduan jartzen ziren, umeak batez ere», erantzun du.

Aborigenak baztertuta bizi dira Australian, baina ez da hala gertatzen tresnarekin. «Oso integratua dago». Denda ugari daude saltzen dituztenak eta batzuk saiatzen dira turistei ziria sartzen. «Ez dakizu ona ala txarra den, eta kontuz ibili behar da», gaineratu du musikariak.

Estudioko hormaren kontra hainbat didgeridoo ikus daitezke. «Zortzi bat ditut eukaliptozkoak. Esperimentuak ere badaude. Hau, adibidez, kalamu pastarekin egina da», azaldu du.

Bata eta bestearen soinuen arteko desberdintasuna ikus dezagun nahi du, eta hau eta bestea jotzen hasi da Iban. Sabeleraino sartzen da. Agudoa bata, grabea bestea.

Ikasleentzat pvc materiala erosi eta berak egiten ditu. «Tutu huts bat besterik ez da, 5 eurogatik didgeridooa daukazu», azaldu du. Merkeago ezin. «Noski, eukaliptozkoak 700 eurotik gora balio ditu», gaineratu du. Oso margo bitxiak izaten dituzte batzuek eta etxe askotan dekoratzeko erabiltzen dira. 6-7 kilo pisatzen dute batzuek, kilo bat inguru beste batzuek, materialaren arabera.

Ikasle gehienek zaletasun gisa daukate. «Gauza txikiak egiten dituzte, dj batekin...», adierazi du.

Albokaren teknika bera erabili behar da, arnasketa zirkularra deitzen dena. «Erraza da, dirudiena baino errazagoa; ondo jotzea da zaila -argitu du-. Ahotik arnasa bota eta une berean sudurretik hartu behar duzula esaten badizute ezinezkoa dela pentsatuko duzu, baina ez da zaila».

Aukera asko ematen ditu didgeridooak. Erritmo dantzagarriak sor daitezke, baita giro lasaiak ere. Lehengoaren erakusle da Samar taldean egiten duena. Iban Nikolairen proiektu garrantzitsuena da. Pascal Gaigne gitarrarekin, Javi Area baterian, Iker Telleria perkusioa jotzen eta Ritxi Salaberria baxuarekin ditu lagun. «Zuzenean entzuteko ikuskizuna da, erritmoduna», esan du. Oraintxe iritsi da dendetara taldearen lehen grabazio lana. «Pixkanaka aritu gara, batere presiorik gabe. Taldekideak esperientziadun musikariak dira, guztiak bizi dira musikatik, Euskal Herrian erraza ez den arren», azaldu du. Apirilaren 17an Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute diskoa, eta hainbat tokitan emanaldiak eskaintzen hasiko dira.

Doinu lasaiagoak eskaini zituen Donostian orain dela egun gutxi eman zuen beste emanaldi batean. «Termiteroa» izena du, musika-tresna sortzen laguntzen duten intsektuei ohore eginez. Biolina jotzen Asier Suberbiola, perkusioan Iker Telleria eta Iban bera didgeridooarekin. Guztia Alex Gonzalezen irudiekin lagunduta.

Taldean aritzeaz gain bakarrik ere ibiltzen da. Horrelaxe hasi zen jotzen eta hiru disko ditu kalean. Orain arte egindako lana gogorra baino «konstantea» izan dela dio Ibanek. Batez ere tresna ezagutarazteko bidean. Eta itxura denez ari da lortzen, didgeridooa pixkanaka espazio berriak bereganatzen ari da eta. Lehenik kalean hasi zen jotzen -«aukera dagoenean plaza polita da», aitortu du-. Ondoren agertokietara egin zuen salto, eta azkenaldian kultur ekitaldi ponposoen aktu ofizialetan ere entzuten da didgeridooaren doinu sarkorra. «Donostiako Zinemaldian hasierako eta bukaerako galetan Kursaalean jo genuen. Txillida-Lekuren urtemugan ere bai», gogoratu du.

Beste hainbat musikarirekin ere aritu da elkarlanean. «Askok ez du didgeridooa ezagutzen, baina uste baino proiektu gehiagotan parte hartu dut. Xabi San Sebastianen diskoan, Zea Mays taldearekin, Brigantia folk taldearekin Nikaraguan bira egin genuen... musikariei arraroa egin arren interesgarria egiten zaie instrumentua», argitu du.

Aborigenen tresnak ez du mugarik. «Inspiratzen zaituen edozein tokitan jo daiteke: aretoetan, kalean edo mendian. Zertarako erabili nahi duzun da kontua. Areto handiak ditut gustukoen», esan du.

Didgeridooa izan da jo duen lehen musika-tresna. «Eskola bat sortu eta Euskal Herrian tresnak garapena izatea nahiko nuke», aitortu du. Beste batzuk etorri dira atzetik. Saxoa, muxu-kitarrarekin ere aritzen da. Orain mongoliarren «canto armonico»a jotzeari ekin dio, bere kasara. Musika zaletasuna zainetan darama.