MERKATARITZA / INTERNET -

Izarzugazatarren harategiek, mende eta erdi beteak izanagatik, geroari so daude. Aurrez aurreko tratu pertsonala da, besterik ez zen falta, Bermeoko eta Mundakako saltokietan aurrena. Hala ere, Mikel Izarzugazaren gidaritzapean, teknologia berriei tartea egin diete, etorkizuna ate joka dator eta

Imanol Amiano

2008ko Apirilaren 04a

Elektrikoa. Horrelakoa da Mikel Izarzugaza, baita bere jarduna eta ekina. Mundakako bere harategiaren sarreran eskua estutu, eta hango berri ematen hasi zitzaigun, ia etenik gabe, hemengoa eta hangoa erakutsiz. Mende eta erdiko etxeko harakin tradiziotik, inplantatu dituen ukipen-pantailez hitz egitera egin du salto, handik enpresaren filosofiaz jardutera, Interneteko bere webgunean egin berri duten euskarazko bertsiotik pasatuz. Ez da ez geldirik egotekoa. Dena interesatzen zaio, dena du baliagarri eta ikasgai, eta ate guztiak jotzen ditu noizbait irekiko dituelakoan.

1906an Krispin Uriartek harategia ireki zuen Busturian -«ofizialki data hori da onartutakoa, baina aurrez ere, gutxienez beste 50 urtez, bizibide honetan zebiltzan gure arbasoak. Erregistroak erre egin ziren, ordea, eta Krispinena dugu aurreneko aipamena», argitu digu Mikelek-. Krispin Pilar Sakonarekin ezkondu, eta Mundakara joan zen bizitzera. Han Lourdes eta Pilar jaio ziren. Aurrenak Eduardo Izarzugaza arkume tratularia ezagutu zuen Gernikan, eta urtebetera ezkondu ondoren, harategia ireki zuten Bermeon. Dagoeneko martxan zen Izarzugaza labela. Eduardo aitonarengandik Alberto aitarengana, eta harengandik Mikel semearengana. Egun, Mikelek kudeatuta, Izarzugazatarrek bi harategi dituzte Bermeon, eta beste bat Mundakan.

Giriak eta ukipen-pantaila

Mende eta erdiko tradizioa izateak, ordea, ez du esan nahi zaharkituriko zerbaiti buruz ari garenik. Ezta gutxiagorik ere. Eta Mundakako saltokia da horren erakusle. Ezkerreko olatua dela-eta, ez da alferrik mundu osoko surflarien topalekua, eta «duela urtebete girientzat ordenagailua ipintzea bururatu zitzaidan -hasi zaigu esaten bertan duen ukipen-pantailara zuzenduz-. Orduan saguarekin eta ibili behar zen, eta gaitzagoa zen. Orain, pantaila ukitu hatzamarraz, eta nahi duzun hizkuntza aukeratuta -euskara, gaztelania, ingelesa, alemana- dozena bat jaki duzu aukeratzeko -txahalkia, txerrikia, arkumea, hegaztiak, kontserbak, gaztak, ardoak, delicatessen jakiak, prestatuak, aurrez sukaldatuak, hestebeteak, jaki-sortak eta eskaintzak- eta bakoitzean hainbat aukera. Gainera, adibidez, txahalaren lepoaldeko 300 gramo, kiloa edo kilo erdi okela eskatzeko aukera duzu», argitu digu. «Honen gauzarik onena, ordea, ilaran egon beharrik ez duzula da. Etortzen zara, eskaera egiten duzu eta, gero, hondartzatik bueltan, etxerakoan prest duzu. Hemen ibiltzen dira alemanak eta denak... ilusioa egiten diete». Bertakoek ere erabiltzen dute, ordea. «Badago bat goizean etortzen dena, eta beste bezerorik ez egon arren, pantailan eskatzen duena. 'Baina gizona, eskatu diezaiguzu guri!' eta ezetz, hark».

Ukipen-pantailan agertzen dena Internet bidez ere ikusten da. «Dagoeneko salmenten %4 webguneak bideratzen du. Izan ere, askok telefonoz eskatzen dute, baina Internet bidez ikusten dute aurrez salgaia. Zaragozara, Segoviara, Madrilera bidaltzen dugu: guk ofertak egiten ditugu, bost kiloko esne-txahal okela loteak, 72 eurotakoa, 39 eurotan; baina ez handik egun batzutara saldu ezinik zaudenean, hasieratik baizik. Bestela ez da eskaintza. Gero, 10 untxi hartu beharrean, 70 ekarri, eta eskaintzan ipintzen dituzu. Fresko. Astero 24 lote saltzen ditugu. Ez duzu irabazten, baina merkatuan mantentzen zara, jendeak konfiantza hartzen du, eta denentzako okela dago. Madriletik norbaitek ikusi, eta eskatzen duenean, proban jartzen zaitu. Eta eskaintza, erdi-prezioan, kalitatezkoa bada, gainerako salgaia ere bikaina dela ondorioztatzen dute. Bezeroak egitea lortzen duzu», azaldu duenez.

24 orduko makina kanpoan

Beste batzuek, duten lanagatik edo, harategira joatea zaila dute... «eta 24 orduko makina ipini genuen kanpoan. Sukaldatutako jakiak ditugu, urdaitegia, sanjakoboak... baina formatu egokia topatzea kostatzen ari da. Pertsonalizatu egin nahi dugu, termozigilatutako ontziak baititugu: makailua pil-pilean, piperrekin, krepeak, lasagnak... eta 22 egun irauten dute. Zoragarria. Denetik dago merkatuan, baina guk kalitatezko produktuak saltzen ditugu. Oxigenoarekin itxitako eta bai laberako, bai mikrouhinerako... denerako balio duen formatu txikiko plastikoa edo kortxoa nahi dugu; Alemanian egiten da, baina zaila da hemen topatzea», esan du.

Dibertsifikazioa ezinbestekoa da -«supermerkatua ez bagara ere»-, eta prestatu egin behar da. «Bai neu, bai neskak; orain «Konekta zaitez», gero «Behargintza»... soilik saltzea baduzu buruan, orain salduko duzu, baina hemendik hamar urtera? Gauza hauek guztiak gainetik pasatuko zaituzte. Etekinak epe luzeagora ateratzen dira. Eta berdin langileekin, pertsonak zaindu beharra daukazu, xuabe-xuabe tratatu: jai hartu beharra badu, har dezala. Gure zortzi langileak dira enpresako zutabe sendoena». Lan egiteko filosofia erabat desberdina da. «Niri txikitatik pieza hartu, taula gainera bota eta xerrak di-da ateratzea erakutsi bazidaten ere, egun, okela goxotasunez hartu eta moztu, paketetxoan ipini... zeuk ere argi egon behar duzu, txukun-txukun jantzita... eta goxotasun hori kobratzerako orduan ere agertu behar da. Hanburgesak egiterakoan bezala. Okelaren hondarrekin euro bat merkeago egin beharrean, balio duena kobratu, baina onak egin. Edota zerbait berria kaleratzen dugunean, oparitu. Jendeak probatu dezala». Eta bezeroen fideltasun txartelak -puntuak pilatzen joaten dira eta opariak egiten zaizkie-, zozketak -«otarratxoan karduak ipini beharrean txakolin pixka bat, foie eta onddo batzuk ipiniz gero, bada aldea, ezta?»-...

Berrikuntzak, teknologiak... hori guztia, ordea, ez da ezerezetik irtetzen -«85 milioi gastatu ditut bi urtetan. Astakeria bat da, badakit, eta hori edonork ezin du egin»-. Adibidez, «nire ideia euskara garbitasunez eta zentzuz inplantatzea da. Udalekoekin hasi nintzen berbetan, baina 'ez dago ezer!' esan zidaten... eta nik dena erderaz garatu nuen». Haserre hura pasatu zaio, antza, eta «orain dena euskaraz ipintzen ari naiz, joan zen urtean eduki bezala. Orain dela hilabete batzuk SPRIkoengana joan nintzen laguntza bila, ea zer dagoen galdetzera. 'Zuk dagoeneko Internet euskaraz egina duzu...' esan zidaten, laguntza ukatzeko argudio gisa. 'A bai? Orduan kendu egingo dut', erantzun nien. Baina, betiko laurentzat bakarrik al dago dirua? 'Kendu dut Internetekoa, orain emango didazue laguntzatxoren bat, ala?', baina ez da ezer egongo. Gu Bizkaiko Harakinen Elkarteko kideak gara -Alberto aita da presidentea- eta Jaurlaritzarekin mokoka dabilen elkarte bateko kide izanda... SPRIkoak aipatu ditugu, eta beraiekin eta [Lakuako Merkataritza eta Kontsumo sailburuorde Rodrigo Garcia] Azurmendirekin izan naiz, eta gure ideia asko gustatu zaiela esan didate -aipatu erakundeok enpresentzako antolatzen dituzten Euskadi Innova proiektuko jardunaldietan eredu gisa jartzen dute Izarzugaza-, baina, antza, proiektua alderantziz egin behar da. Nik beti egin eta gero galdetu izan dut 'zer edo zer ba al dago?'; baina ez du horrela funtzionatzen, proiektua aurretik aurkeztu behar duzu. Nik ez nekien-eta horrela zenik ...». Hurrengorako ikasi du, Mikel ezagutu ostean, hurrengo bat egongo dela ziurtatu baitaiteke.

info+: Izarzugaza harategiak: http://www.izarzugaza.com/ataria/