"Movimiento de mujeres, mujeres en movimiento" liburua idatzi du.
Xole Aramendi
2008ko Apirilaren 04a
Dozenaka urte daramatza Begoña Zabalak emakumeen eskubideen aldeko borrokan. Hainbat erakundeetako partaide izan da eta emakumeen mugimendu autonomoak Euskal Herrian izan duen bilakaera zuzen zuzenean ezagutu du. Honen berri ematera dator «Movimiento de mujeres, mujeres en movimiento» (Txalaparta) idatzi duen liburuan. Diskurtso akademizistatik aldendu nahi izan du. Horretarako, beste hainbatetan egin duen moduan, kalera jaitsi eta ehunka emakumeren eztarritik entzundako esloganak hartu ditu. Orain arteko ahaleginaren bidez lortutakoa gogoratu du, aldarrikapenak gaur egun zertan diren aztertu eta pausoz pauso egiteko geratzen den bidea zehazteko.
Hiru hamarkada pasatu dira baina zoritxarrez, oraindik aldarrikapen ugari mahai gainean daude.
Hala da, nahiz eta eman diren aurrerapausoak ezin diren gutxietsi. Zenbait eskubide puntual lortu dira baina orain atzeraka goaz, abortuaren gaiarekin kasu. Badira mahai gainean jarraitzen duten beste gai batzuk, esaterako, indarkeria eta soldatapeko lan eskubidea. Azken hau lortu da, baina zein baldintzetan? Guk ez genuen soldatapeko lana eskatzen, besterik gabe. Lanaren parametroak aldatu nahi genituen. Ez gaitezen engainatu, mendebaldeko eredu «demokratikoa"k ahalbidetzen duen neurrian eman dira aurrerapausoak. Bada garrantzitsua iruditzen zaidan zerbait: gizartea dualizatzen ari da. Agian askoren ustez amesten genuena eskuan dugu -lanerako eskubidea, Unibertsitaterako sarrera- baina emakume piloa dago -etxeko langileak, prostitutak, etorkinak- inolako eskubiderik gabe. Orain oztopoak berriak dira. Ez da hain matxismo bertikala, sesgatua baizik, nazionalitatea sartzen da...
Zeintzuk dira lorpen nagusienak?
Batetik, familia eskubidea: emakumeak ezkontzea, bikotea izatea, dibortziatzea, emakumeari bere abizenez deitu ahal izatea, soldata propioa izatea... 70eko hamarkadan, gure garaian, alor horretan erabateko bazterketa zegoen.
Orain normala iruditzen zaiguna ez da duela hainbeste lortu.
Hala da. Pentsa, ni Zuzenbide ikasketak egiten ari nintzenean bazen Kode Zibilean artikulu bat ondorengoa zioena: «Tontoek, eroek, ezgaituek eta emakume ezkonduek ez dute kontratatzeko gaitasunik». Garrantzitsua da. Orain hitzez esatera ausartu ere ez dira egiten emakumea bigarren mailako gizakia denik. Kode Penalean oztopo handiak zeuden: adulterioa, antisorgailuak, abortua (hiru kasuetan)... baina aurrerapausoa eman da. Soldatapeko lana ere oso garratzitsua da. Independentzia ekonomikoa ahalbidetzen dizu, beste inoren mende egon ez zaitezen. Azkenik, nork bere gorputzaren kontrola izatea, antisorgailuak eskuratu ahal izatea. Iraultza handia izan da. Lau puntu hauetan laburbilduko nituzke 70eko hamarkadako aurrerapausoak. Neurri handi batean borroka feministari esker, baita diktadura uxatu genuelako ere, eta honekin batera Europa demokratikoaren eraginagatik. Ez du esan nahi lorpenak betirako direnik, landu egin behar dira, noski.
Liburuaren aurkezpenean esan zenuen hanka-sartzeak onartzeko eragozpenik ez duzuela izan. Zein dira?
Seguruenik uneren batean mugimendu feminista abangoardistaegia izan da. Gaur egun, kritika ona izan daiteke, abangoardiarik ez dugulako, dena oso lighta delako, baina bueno. Jendea borrokarako prest zegoen eta gu agian urrunegi joan ginen. «Denok gara lesbianak» esanez atera ginen kalera eta bazirudien sexu aukera bakarra zela. Gauza bera umerik eta bikoterik, maitasunik gabe, bizi den emakumearen ideiarekin. Bestetik, nire ustez beste une batzutan erreformistegiak izan gara. «Lanak aske egingo gaitu» esaten genuen, langile mugimenduen eraginez. Eta ez, lana madarikazio zoragarria da.
Esloganen hautua ez da kasualitatea. Eguneroko borroka islatu nahi izan al duzu?
Feminismoa akademizatzen hasi denetik diskurtsoa ulertzen zaila da. Lanpostu asko sortu dira berdintasunaren eta generoaren harira, baina nik borroka politikoa aldarrikatu nahi dut, aukera politikoa baita azken finean. Zu feminista zara, horretan sinesten duzulako.
XXI. mendean oraindik ere martxoaren 8an poliziaren aurrean lasterka ibili zineten.
Larriena zera da, hauteskundeei lotutako interes oportunistek bultzatuta egurtu gaituztela, boterean dagoen alderdiagatik eta oposiziokoagatik. Niri honek ematen dit min gehien, emakumeen eta euren aldarrikapenen erabilpen lotsagabea eta miserablea egin dutela. Egun hartan protestaka ari ziren guztien artean gu ginen diskurtso politikorik ez genuen bakarrak. Erakunde publikoetan dauden politikari guztien aurka gindoazen gu, ez digutelako manifestaziorik egiten uzten. Ez zeukan beste irakurketarik. Erreflexio egunean ez gara inoren aldeko botoa eskatzen ari, ez horixe. Feminismoaren alde eginez alderdi baten edo bestearen alde egiten ari zarela esanez teorizatzen dute. Guk esan dugu Madrildik boterea manejatzen duten bi alderdien aurka gaudela. Gogorra izan zen eta lorpenak ondo kontsolidatu gabe daudela adierazten du.
Feminismoaren diskurtso «light»agoa nagusitzen ari dela diozu. Zer da horren aurrean egin beharrekoa?
Indarkeria sexistaren eraginez hilketak gertatzen direnean denak, aho batez, aurka agertzen dira. Nafarroan ez da Abortu Legea betetzen. Zenbat alderki politiko atera dira Parlamentuan eskubidearen alde, legea betetzeko edo handitzeko esanez? Etorkinekin gauza bera. Bazterketarik gabeko gizartearen alde, erasorik gabekoaren alde egiten dute baina, aldi berean, Atzerri Legea onartzen dute. Dominazio sistema kolokan jartzen duten gauzak aldarrikatzea da kontua.
Nafarroan egoera are zailagoa da.
UPNk gehiengoa dauka, zuzenean ultraeskuinarekin lotua. Ez da EAJren kasua, toleranteagoa da, europear kristau demokraziaren gisakoa, eta beste dominazio eredu batzuk ditu. Opusa, eliza eta Unibertsitatea (urte askotan bakarra, publikorik ez baitzegoen) ere hor daude. Eskuina ondo antolatuta dago baina aurrez aurre oso mugimendu alternatibo interesgarriz osatutako ezkerra dauka. Berria da, minoritarioa, baina nabarmena. Hor dago Itoizen aurkako borroka, AHTren kontrakoa... oso borroka interesgarriak dira. Mugimendu feminista oso borrokalaria izan da. Gauza asko lortu dira, Andraize izan zen Estatuan ireki zen lehenengo plangintza zentroetako bat, adibidez, nahiz eta gero itxi egin zuten.
Eraso matxistei dagokienez, hedabideon jarrera salatu duzu.
Irakurketa bikoitza dago. 80ko hamarkadan borroka handia egin genuen erasoak ikus zitezen. Garai hartan inork ez zuen pentsatzen familiaren barruan ematen zirenik. Oso gogorra zen hau planteatzea. Ibilbidea egin da eta ikusarazten ari da. Ondo iruditzen zait. Kontua da nola egiten den. Eraso oso bortitza dagoenean hedabideak masan doaz elkarrizketak egitera, morboarekin kasu batzuetan, eta eszena oso mingarriak eta odoltsuak agertzen dituzte. Foko batekin elementu garrantzitsu bat argitzen baduzu alboan itzalpean geratzen direnak geldirik daude. Hau ari da gertatzen. Senarrak jo zuela esateagatik 6.000 eurotik gora jasotzen badu famatu batek... zalantzan jar daiteke kobratu bai baina inoiz ez badu salatu. «Folklore» hori oso eztabaidagarria da. Erasoa gertatu denean dator salaketa baina aurretik bide luzea dago egiteko. Beste ikuspuntu batetik planteatu behar da, nire ustez. Kode etikoa behar da, ez hedabideentzat soilik, guretzat ere bai. Ikuskizun baten irudia har dezake eta erasoak pairatzen dituzten emakumeak ez dira horrekin identifikatzen. «Edozein indarkeria gertaeraren aurrean deitu 016 telefonora», diote. Hain erraza balitz ez geundeke laztura egoera honen aurrean! Ezin da fribolizatu, emakumea errudun sentiarazi besterik ez du egiten. «016 markatzen ere ez badakizu, jo zaitzaten merezi duzu» pentsatzera eraman zaitzake. Kontu handiz ibili behar da.
Bestalde, erraminta judiziala, penala, poliziala emakumearen aurkakoa da. Erasotzaileek ez didate batere penarik ematen, hala behar bada, pasatu dezatela bizitza osoa kartzelan. Baina ez da bidea. Oso prozesu mantsoak dira. Emakumeek salaketak kentzen dituztela diote. Noski, zain egoteaz nekatu egiten dira. Gizarte arloko errekurtsoak behar dira, ez judizial-polizialak.
Zein dira gaur egungo feminismoaren erronkak?
Mugimendu autonomo, independente eta aldarrikatzailea den feminismoa egiten jarraitzea eta horretan sinestea; feminismo instituzionalaren tranpan ez erortzea; baita parlamentuetan eta gobernuetan entzuten diren berdintasun diskurtsoek engaina ez gaitzatela lortzea ere. Guk ez daukagu zeregin handirik bizi duten status quoa mantendu nahi duten erakundeetan. Gu ez gara berdintasunaren diskurtsoaren aldekoak -gizon zein emakumeak berdinak garela-. Emakume guztiek, batez ere, baztertuen daudenak, eskubide guztien jabe izan daitezela nahi dugu, autonomia eta independentzia egoera bizi dezatela.




