-

Dorleta Urretabizkaia

2008ko Apirilaren 04a

Ustekabeko bisitari bat izan dugu Donostia hirian. Gure protagonista ez zaigu autoan etorri, ezta autobusean, ezta trenean, ezta hegazkinean, ezta barkuan, ezta bizikletan, ezta patinetan, ezta tandem batean ere. Oinez etorri zaigu. Baina oinik gabeko ibilaldian. Ez dakit nola azaldu, ez baita azaltzeko kontu erraza. Hegan behintzat ez da etorri. Igerian ere ez, antzekoena hori bada ere, ez da hori zehazki. Eta ez pentsa Greziatik, Ruandatik edota Londresetik etorri denik. Ez, ez da leku urrun batetik etorri, oso gertu dagoen toki batetik baizik. Eta bidaiatzeko ere, ez du ezer erabili. Bere medioen bidez etorri da, bai, baina bere mediotik kanpo. Nola esan, arrain batek gure etxeko atea jo eta bertan sartuko balitz bezala izan da. Hori da, olagarro batek txirrina joko baligu bezala, edota izurde batek, edota, karramarro batek... Egia esan, ez da azaltzeko kontu erraza.

Donostia hirian, pertsonak, etxeko animaliak, landareak eta zuhaitzak, autoekin eta etxeekin bizitzeaz gain, badugu gure artean bizi den beste hiritar bat. Kantauri itsasoa. Elkarrekin bizi gara hiri honetan baina bakoitzak bere bizitza egiten du normalean. Bizilagunak bagara ere, norberak bere legeak dauzka eta baita bere mugak ere. Itsasoan, itsasoa bizi da, bere ur gazia, hondarra, animaliak, barkuak, plastikozko poltsak, gurpilen bat, aingura asko, azalean dabiltzan ontziekin batera. Hiri barruan berriz, pertsonak, autoak, etxeak, txakurrak, kea, zaborra, bizikletak eta beste gauza asko bizi gara. Baina eraikin berean bizi garen bizilagun onak bezala, noizbehinka eta udan batez ere, hartu-eman estua izaten dugu. Muga batzuen barruan beti ere. Berlineko harresi zaharra bezalako harrizko harresi erraldoi batzuek mugatzen dute itsasoa eta hiria. Naturaren kontra prestaturiko harresi gogor eta sendoak. Baina sarritan gertatzen den moduan, mugak, legeak bezala, hausteko egiten dira, ezta?

Ba horixe da Donostiako Kantauri itsasoak aurreko hilean egin zuena. Armairutik aterako zen akaso, edota nerabezaroko matxino bilakatu zitzaigun edota, auskalo... Kontua da, hiriaren bihotz-bihotzeraino sartu zela itsaso bisitaria. Zementuan barrena. Harrizko harresietako mugak jauzi batez pasatu, edota kolpe bortitz batez puskatu, eta hiritar baten moduan sartu zen gure kaleetan barrena. Hiritar arruntok egunero egiten dugun moduan, espaloietan ibili zen egun batez urezko ibiltaria. Kalean berarekin topo egin genuen ogia erostera irten ginenean, amarekin geratu ginenean, zinemara joan ginenean, zaborra botatzen ari ginenean edota txakurra atera genuenean.... «Zemuz Kantau... hiritarroi bisitan?»

Alde Zaharrean sartu zen pote batzuk hartu eta pintxoak jatera. Jatetxe batean ere izan zen, menu gozoren bat dastatu nahian. Eta bide batez, digestioa hobeto egiteko, gimnasiora joan zen gero, termetan lasai-lasai etzatera. Eta gaualdean, edozein gaztek egingo lukeen bezala, parranda! Donostiar peto-peto bilakatu zitzaigun egun batez. Izozkia jaten ikustea besterik ez genuen behar... Baina mila ikusteko jaioak omen gara!

Hiritar izateko bere gogoa ase bete zuenean, etxera itzuli zen berriz ere, olagarroekin, plastikozko poltsekin, izurdeekin, gurpilekin eta Jaizkibel magaleko merkantzia-ontzi zaurituarekin batera. Bere mundura. Bere legeetara. Bere lekura. Baina ezusteko bisitariaren bisitaldiak izan al zuen gure hiriarengan ondoriorik? Sekulakoak! Estralurtarrak Donostian izan balira bezalakoxeak. Baina ez estralurtar lasai eta zintzoak, baizik eta V telesaileko edota «Mars Attacks!» filmeko estralurtar maltzurrak. Orson Welles-en «Munduen guda» bera, gure hirian gertatu izan balitz bezalaxe izan zen. Apokalipsia.

Itsasoaren egun bakarreko bisitaldiak galera handiak eragin ditu Donostian. Lokal asko goitik behera berritu behar izan dituzte. Bulegoak, etxeetako atariak, gimnasioak, diskotekak, dendak... Gure bizilagunak ukitu zuen guztia txiki-txiki eginda geratu da. Paseo Berria batez ere. Harrizko harresiak birrindu egin ditu. Karela, bankuak, farolak, zementua... aurrean harrapatu duen guzti guztia irentsi du itsasoak, senitartekoei oparitzat eraman nahiko balie bezala... Konponketa batzuk egiten ari badira ere, autoek ezin dute oraindik bertatik pasatu eta badirudi, luzerako izango dela kontua, maiatza arte gutxi gorabehera. Oteizaren «Eraikuntza hutsak» bertan dirau eta baita Aquariumak ere. Eskerrak gure bizilagunak Urgull eraman ez zuenik...

Paseo Berrian, paisaia ikaragarria aurrean izateaz gain, olatu baten besarkadak kolpetik eramango zaituen beldurra sekula baino biziago sentitu daiteke orain. Naturaren boterearen indarra nagusitzen da bertan. Inurria sentitzea gustuko duenarentzat, aukera paregabea da benetan. Eta itsaso urdin eta grisaren kantu sakona entzunez, edota azalean bere ur gazi eta hotza sentituz, gure ezusteko bizilaguna entzun daiteke ate joka harresi ahulen kontra behin eta berriz. Olagarroak, arrainak edota izurdeak gure etxeko txirrina jotzen ariko balira bezala... Bisita ordua berriz ere noiz iritsiko zain gaude.