BERTSOLARITZA -

Arabako Bertsolari Txapelketa iritsi da bere azken hitzordura, hitzordu handira. Gaur, larunbata, arratsaldeko 17.00ean abiatuko da finala. Printzipal antzokira bueltatuko da, azkenekoz 2004. urtean jokatu baitzen finala xarma handia duen areto horretan. Finalista berri bat izango da bertan, Andere Arriolabengoa eta, hortaz, bi emakume eta lau gizonezko arituko dira. Inoiz baino parte-hartzaile gehiago izan ditu aurten txapelketak. Final eder bat josteko osagaiak, behinik behin, baditu gaurkoak.

Amagoia Mujika

2008ko Apirilaren 04a

Oihane Perea: «Txapela defendatu beharra sentimendu berria da niretzat»

Txapela defendatzea egokituko zaio, eta horrek sentsazio berezia sortzen dio. Gustura eramango luke txapela berriz etxera iazko txapeldunak, «baina gozatu eta gero izatea nahiko nuke».

Nolako finala espero duzu?

Itxura polita hartu du finalak. Andere sartu da eta poz handia eman dit horrek, orain artean emakume bakarra bainintzen. Gainera, finalista berriak freskura ekarriko duela uste dut. Entzuleentzat final freskoa eta koloretsua izatea espero dut.

Final gaztea eta freskoa. Txapelketa jendetsua. Zer-nolako unea bizi du bertsolaritzak Araban?

Poliki-poliki doa aurrera. Zenbait pauso eman direla bistakoa da. Lehen bazegoen nolabaiteko haustura finalera pasatzen zirenen eta bidean geratzen zirenen artean, eta badirudi muga hori hautsi egin dela. Maila gero eta hobea eta parekatuatugoa da. Finalerdietan aritu den edonor pasa zitekeen finalera, eta duela urte batzuk ez neukan sentsazio hori. Pelotoia helmugara parean heltzen hasia da eta, orain, norbaitek ihesalditxo bat egitea falta da.

Zu zeu ihesaldiren bat egiteko moduan al zaude?

Nik egin ditut nire ihesalditxoak, baina, ikusiko da. Bertsolari baten bizitza ziklikoa da eta inoiz ez da jakiten zer datorren. Ni gustura nago egindakoarekin eta gehiago egin nahiko nuke, baina belaunaldi gazteagoari dagokio ihesaldi handi bat egitea.

Nola sentitu zara txapelketan?

Berezia izan da, txapela defendatu beharraren sentsazio horregatik. Oraindik ez naiz ohitu egoera horretara, sentimendu berria baita niretzat. Erronka bat lortua dut eta orain artean bizitza hor amaitzen zela uste nuen. Krisi baikor batean nago horregatik.

 

Andere Arriolabengoa: «Nahiko sari bada finalera iristea eta gozatzera joango naiz»

Aramaioarra, 1982an jaioa. Arabako txapelketa guztietan parte hartu du, eta aurten lehendabizikoz lortu du finalerako txartela. Inoiz baino lasaiago aritu da eta horrek mesede egin diola uste du. Bere txapelketarik onena izan da aurtengoa.

Nolako finala espero duzu datorren larunbatean?

Printzipal Antzokia lepo beteta ikustea espero dut eta bertsozaleak ahalik eta gehien gozatzea. Bertsolarien aldetik, final gaztea eta freskoa espero dut. Ea urduritasunak ez digun trago txarrik pasarazten.

Zure lehen finala izanda, urduritasuna izango al duzu etsai nagusiena?

Alde batetik, bai. Baina, beste aldetik, ez daukat ezer galtzeko eta, ondorioz, lasai kantatzeko modua izan beharko nuke. Baina, noski, Printzipal Antzokian, hainbeste jenderen aurrean eta finalean kantatzea ez da makala. Seguru sumatuko dudala urduritasuna. Hala ere, ni gozatzera aterako naiz. Nahiko sari bada niretzat finalera iritsi izana.

Zertan asmatu duzu finaleraino iritsi ahal izateko?

Aurten tenplatuta kantatu dut, nerbioak kontrolatu ditut eta ez dut akats nabarmenik egin. Nire txapelketarik onena izan da aurtengoa.

Zein ariketatan sentitzen zara erosoen eta zeinetan okerren?

Erosoen zortziko handian aritzen naiz eta okerren daramadana bakarkakoa da. Hori landu beharko dut batez ere. Aste Santuan oporrak hartu ditut, bertsotatik urrun. Eta, orain, jo eta ke entrenatzen hasi beharko dugu.

 

Iñaki Viñaspre: «Espero dut bukaeran txapelari oso gertutik begiratu ahal izatea»

Bosgarren finala, eta bostak jarraian jokatu ditu. Iaz, bigarren tokia lortu zuen eta, aurten, marka hobetzea du helburu. Zuzen-zuzenean begiratuko dio Abetxukokoak txapelari.

Nolako gorputzaldia daukazu finalari begira?

Ni, guztiaren bila joango naiz, iaz egin nuen bezala. Iaz ez zen hain gaizki atera, beraz, ea aurten marka hori pixka bat hobetzen dugun. Aurten, gainera, finalista berri bat dago -Andere- eta Printzipal Antzokira bueltatuko gara. Jendearen gustukoa izateko osagai guztiak dauzka finalak.

Seikoteari begira, nolako finala espero duzu?

Manexek umorea eta berezko grazia dauka, nahiz eta erregistro guztiak kontrolatzen dituen; Oihanek, iaz erakutsi zuen zertarako gai den; Otamendik, askotan erakutsi du hori; Andererekin ezustekoa hartzeko aukera dauka bertsozaleak eta Zigor bere betiko mailan arituko dela uste dut.

Eta, Iñaki Viñaspre?

Neure ikuspuntua edo izaera gehituko diot finalari. Daukadan guztia emango dut. Nire arma ni neu naiz.

Eta, zure ahulguneak?

Horiek nahiago ditut final ostera arte gorde, besteek nire puntu ahulak ezagutu eta baliatu ez ditzaten.

Urtebetean, zertan aldatu zara oholtza gainean?

Denok bezala, urtebeteko esperientzia gehitu diot nire bizkarrari, ez bakarrik bertsotan, baita bizitzan ere. Urtebetean pasatzen den guztia eramaten dugu gainean oholtzara igotzen garenean.

Txapelari begiratuko al diozu?

Oholtzara igotzerakoan begiratuko diot lehendabizi eta, gero, bukaeran gertutik begiratzea espero dut.

Eta, txapela jantziz gero, asko aldatuko al da zure orain arteko ibilbidea?

Ez dakit eta ez nau kezkatzen. Txapelak berak badauka nahikoa garrantzi eta nahikoa pisu bertsolari batentzat ondorengoari begiratu gabe.

 

Zigor Enbeita: «Ez da jakiten eskarmentua abantaila edo desabantaila den»

Abornikanokoa, 1971. urtean jaioa. Finaletan trebatua, dagoeneko galdu du jokatu dituen finalen kontua. Aurtengoa berezia izango da, aurrekoak baino askozaz gutxiago prestatu duelako. Bere lehendabiziko finalean gazteena zen. Aurtengoan, zaharrena izango da.

Final dezente pasatu dituzu. Aurtengoa nolakoa izango da zuretzat?

Guztiz desberdina. Aurten ez dut asti handirik izan entrenatzeko. Nire helburua finalean sartzea zen eta, behin finalean sartuta, guztiok bezala, ni ere txapelaren bila aterako naiz.

Eta, seikoteari begira, nolako finala eskaintzeko moduan zaudete?

Final polita espero dut eta desberdina, Andere sartu delako. Orain arte Arabako bertsolaritzan emakumeek beti Oihane Perea izan dute erreferente; aurten, Andere sartu izanak xarma berezia emango dio finalari, bertsolari gaztea izateaz gain, emakumea delako. Seikote polita osatzen dugula uste dut, eta benetan daukagun maila ematen baldin badugu final polita izango da.

Eskarmentua daukazu zure alde.

Askotan alde izaten da eta, beste askotan, kontra. Segurantza puntu bat izan dezakezu eta horrek akatsak egitera eraman zaitzake. Inoiz ez da jakiten eskarmentua abantaila edo desabantaila ote den.

Nola definituko zenuke zure bertsokera?

Akaso, segurua dela esango nuke. Akats gutxi egiten ditut eta bakarkako lanetan altxatzen dut maila. Beti izan dut gustukoa bakarkakoa. Nire hutsune nabarmenena, berriz, zortziko txikia da. Azken urteotan zertxobait hobetu dut, baina beti ematen dit nahiko lan zortziko txikiak.

Nola prestatuko duzu finala?

Bada, bertsotan eta ahal dudan moduan. Ez daukat denbora askorik baina, ahal baldin badut, aitarekin egingo dut zerbait. Azken urteotan aitarekin entrenatu naiz eta aurten ere saiatuko naiz.

Gertutik jarraitu duzu Araban bertsolaritzak izan duen ibilbidea. Zein une bizi du?

Araban hutsetik hasi ginen eta, astiro-astiro, gorantz doa. Urtetik urtera -nahiz eta txapelketa batzuetan ez den igarri- maila hobetzen ari da. Aurten, garbi ikusi da bertsolari gazte askok gora egin dutela, eta Eskolartekoan ere nabari da gorakada. Inoizko mailarik onena lortu du Araban bertsolaritzak. Akaso beti gauza bera esaten dugu, baina Araba horrelakoa da. Hutsetik hasi zen eta dena dauka gorantz egiteko.

 

Manex Agirre: «Sei finalistak gaude txapelera hurbiltzeko prest»

Azken bost finaletan kantatu du Aramaiokoak. Aurtengoa, beraz, bere seigarren finala izango da. Horrek lasaitasun apur bat eman badezake ere, finala beti da finala eta seguru daki azkenerako urdurituko dela. Txapela edozein burura joan daitekeela uste du, final irekia izango dela. Berak bertsozaleak merezi moduko saioa josi nahi du: saio ona.

Zein gorputzaldi daukazu?

Ez da nire lehendabiziko finala eta esperientzia horri esker nahiko trankil noa. Finalerdietan egindako papera kontuan hartuta, lehen postua lortu izanak konfiantza apur bat ere ematen du. Baina, hala ere, finala beti da finala eta seguru urdurituko naizela.

Txapelari begiratuko al diozu?

Finalera goazen guztiok begiratuko diogu. Azken urteotan Araban finalak oso irekiak izan dira eta aurten ere halaxe izatea espero da. Finalera bertara sartzeko lehia ere estua izan da eta horrek esan gura du txapelketak badaukala mugimendu eta dinamismo bat. Txapelketa bera horrela joan bada, finala ere beretsu joatea espero da. Seiok gaude prest txapelera hurbiltzeko.

Umorea da zure puntu indartsuenetakoa, ezta?

Bai, izan daiteke. Neurri arinetan, zortziko txikian-eta, umore kontuetan ondo moldatzen naiz. Baina, horietan eroso jardutea beste kontu bat da. Umore kutsuko gaiak ez dira hartzen errazak.

Baina, beste erregistroak ere dezente landu eta biribildu dituzu azken urteotan.

Azken finean bertso eskoletan egiten den lanaren helburua hori da, ahulguneak lantzea. Zein hutsune dituzun aztertu eta horiek lantzen saiatzea da helburua. Nik aurten ikusi dut bakarka nahiko eskas nenbilela, eta horretan zentratu naiz batez ere. Ez dakit horrek fruiturik emango ote duen.

Zein helburu jarri diozu zure buruari finalerako?

Helburua saio on bat egitea izango da. Azkenaldian Arabako Txapelketak dimentsio handiagoa hartu du, bai parte-hartzaileen aldetik, bai eta entzuleen aldetik ere. Horren guztiaren araberako final bat egitea da nire helburua. Horrek esan nahi du final on bat egitea dela helburua, bertan egongo diren guztiei zor diegun errespetuagatik. Ea han daudenei zerbait aportatzeko gai naizen.

 

Asier Otamendi: «Ondo kantatzera joango naiz, nire buruari final on bat zor baitiot»

Taldeko beteranoetakoa da. Prudentzio Deuna Sariketako txapela azken bost urteetan berak jantzi du eta Arabako Txapelketakoa 2002, 2004 eta 2005 urteetan. Eskarmentua dauka bere alde eta orain txapela janzteak oraindik bertsolari badela sentiaraziko lioke.

Zer-nolako finala espero duzu?

Oso final irekia eta anitza izango dela uste dut. Ezusteek lekua izango dutela uste dut, faborito argirik ez dagoela iruditzen baitzait. Oihane txapelduna da, sendo dago gainera, baina bide asko ikusten ditut besteren batek ere txapela janzteko.

Zure burua nola ikusten duzu?

Aurreko urtetan baino gogotsuago nago. Ez dut erraza ikusten, baina garbi daukat nire alea uztera joango naizela. Ondo kantatzera joango naiz, nire buruari final on bat zor baitiot.

Ondo dakizu zer den txapela janztea. Aurten jantziz gero, zertan izango da desberdina?

Orain janztea autoafirmazio moduko bat izango litzateke, bertsolari naizela eta oraindik bertsotan egin dezakedala erakutsiko lidake. Esan daiteke nik urrezko garai moduko bat pasatu dudala, goian egon naiz, bertsotan ondo egin dut eta txapelak jantzi ditut. Baina, azken urteotan lasaitu egin naiz eta apaldu samar nabil. Horregatik, txapelak oraindik bertsotan ondo egiteko gai naizela sentiaraziko lidake .

Zure alde izango al duzu eskarmentua?

Agian eskarmentu puntu bat, bai. Baina eskarmentudunak dira Zigor eta Oihane ere. Eta Manexek eta Viñasprek ere badaramatzate urte batzuk. Andere da finalean lehendabiziko dagoen bakarra, beraz, ni ez naiz izango eskarmentua duen bakarra.

Eta, zer izan dezakezu kontra?

Gazteak ausartak dira, askoz ausartagoak, eta gehiago arriskatzen dute. Ni, kontserbadoreagoa naiz. Iruditzen zait gazteak animatuago daudela, ilusio handiagoa eta arriskatzeko gogo handiagoa daukatela. Hori da, nire iritziz, nire kontrako puntu ahulena.