Durangoko Errai enpresak hamalau urte daramatza ezkontzak antolatzen. Oso bereziak prestatu izan ditu; zelai batean karpa handi bat muntatuz edo pilotaleku bat jatetxe dotoreenaren pare atonduz. Dena, ospakizunak ospatzeko modukoak egitearren
Amagoia Mujika
2008ko Apirilaren 04a
Bere bizitzako egunik zoriontsuena espero zutena, bestelakoa suertatu zaie askori. Izan ere, ezkontzatan maiz gutxien gozatzen dutenak ezkontzen direnak izaten dira. Hori bai, zorigaiztokoa izatera irits daitekeen eguna irribarre politena jantzita sufritu ohi dute. Horrelakoak dira gizarte arauak.
Durangoko Errai enpresak hamalau bat urte daramatza askotariko ekimen sozialak antolatzen. Tartean, ezkontza asko. Rafa Iriondo da sortzailea eta arduraduna. Iriondok Luhartz musika taldean aritu da azken hogeita bost urteetan eta, hain justu, ezkontzaz ezkontzako ibileran okurritu zitzaion Errai enpresa sortzea. «Ezkontza askotan jotzen genuen taldearekin eta, konturatu gabe, konpromiso asko hartzen hasi nintzen. `Zuk ezagutzen duzu jatetxe hartako jabea, lagunduko al zeniguke beregana joaten?' hasi zitzaizkidan ezkontzeko asmoa zuten ingurukoak. Edo bere ezkontzan gure taldea aritzea nahi zutela esanez deitu, egun horretan ezin genuela esan eta ea beste talderen bat lortuko ote nien galdezka ere hasi zitzaizkidan asko. Pixkanaka, eta konturatu gabe, horrelako enkargu asko hartzen hasi nintzen eta, mementu batean, lan horri forma ematea eta enpresa bat sortzea erabaki nuen», kontatu du Iriondok. Errai enpresaren filosofia garbia da. «Ospakizunak ospatzeko dira, ondo pasatzeko. Eta ezkontideek beren ezkontza eguna ondo pasatu dezaten baliabideak jartzen ditut nik».
Iriondo ezkontza bat antolatzeko egin beharreko guztiaz arduratzen da, bai egunaren aurretik eta bai egun handian bertan ere. «Hona etortzen diren bikoteek zer nahi duten agertzen didate, zenbat jende izango den eta zein aurrekontu daukaten. Batzuek oso garbi dituzte gauzak: halako tokian ezkontza eta halako jatetxean bazkaria. Horrelakoetan, koordinatze lanak egiten ditut, profesionalekin harremanetan jarri eta dena ixten dut. Niretzat interesgarrienak bestelakoak dira, zerbait desberdina egiteko gogoz gerturatzen direnak. Beren ezaugarrien arabera proiektu bat prestatzen diet, eta, hortik aurrera, bikoteak erabakitzen du dena. Nik proposamena baino ez diet egiten. Antolatu ditudan ezkontza batzuetan behin edo bitan baino ez ditut ikusi ezkontideak», jarraitu du.
Ospakizun bereziak antolatu izan ditu Errai enpresak. Iriondok bereziki gogoratzen du antolatu zuen lehendabizikoa. «Neguriko emakume batek deitu zidan. Alaba, dantzaria, Londresen zebilen Royal Balletean eta bertako beste dantzari batekin ezkontzekoa zen. Alabak Londresen nahi zuen ezkondu baina, amak, ez zuela hori onartuko eta berak antolatuko ziola ezkontza esan zion. Niregana jo zuen eta sekulako ezkontza antolatu genuen». Igorreko zelai batean karpa handi bat muntatu zuten, Britainia Handiko erara, eta hantxe ospatu zuten ezkontza. «Primeran atera zen dena eta jatetxe batean baino merkeago. Horrelako ezkontzak jatetxe bateko ohikoak bezalatsu edo merkeago atera daitezke, nahiz eta jende askok kontrakoa uste izan», gogoratu du.
«Datorren astean beste ezkontza bat daukagu hemen Durango inguruan. Andregaia baserri batekoa da eta hantxe, baserriaren kanpoaldean, karpa bat jarriko dugu afaltzeko. Gertukoak elkartuko dira ezkontzan, 30 bat lagun, eta gau osorako festa antolatu dugu. Gero, lagunekin zerbait egin nahi zutela-eta, beste egun batean txakolindegi batean bazkaria egingo dute koadrilakoekin. Hala, denak kontentu», jarraitu du.
Duela bi urte, Garaiko pilotalekuan antolatu zuen beste ezkontza bat. «Hemen inguruan oso ezaguna den gizon bat ezkontzera zihoan. Ospakizun txiki bat nahi zuela esan zidan, etxekoekin bakarrik. Baina, bere koadrilakoak enteratu zirenean festa handi bat egin behar zutela erabaki zuten. Azkenerako 270 lagun elkartu ziren eta, jatetxe batean kabitzen ez zirenez, Garaiko pilotalekua prestatu genuen. Senargaiari proposamena egin nionean ez zuela herri-bazkari bat egin nahi esan zidan. Eta, nik, lasai egoteko, pilotalekua jatetxe dotoreenaren pare jarriko genuela esan nion. Sekulako festa izan zen azkenerako eta jendea harrituta geratu zen. Geroztik beste ezkontza bat ere egin dugu bertan».
Bergarako baserri baten ondoko zelaian antolatutako ezkontza ere nahiko berezia izan zen. «Arrasateko mutil bat Aljerreko neska batekin ezkondu zen. Gurasoek Bergaran baserri bat daukate, toki zoragarrian, eta bertan egitea erabaki genuen. Aljerretik jende asko zetorren ezkontzara eta senargaiak gure herriaren berri izan zezaten nahi zuen. Sekulako ikuskizuna prestatu genuen. Ongietorri modura txalaparta, bertsolariak, musika... baina, hori guztia, kanpotarrei informazioa emanez. Liburuska batzuk prestatu genituen horren guztiaren informazioarekin eta itzultzaile bat ere aritu zen bertan. Kanpotarrek nora etorri ziren jakin zezatela zen asmoa, baina, bertakoek eskertu eta gozatu zuten gehien. Gero, dantzari batek euskal dantza bat erakutsi zien gonbidatuei eta sekulako giroa sortu zen», kontatu du Iriondok.
Euskal Herritik kanpoko gonbidatuak dauden ezkontzetan Errai enpresa saiatzen da gure herriaren berri emateko bideak sortzen. «Adibidez, otorduaren aurretik herri-kirol emanaldiak antolatu izan ditugu. Baina ez ikuskizuna besterik gabe, beti informazioa eskaintzen saiatzen gara, zentzu bat izan dezan».
Egunean bertan, dena ondo atera dadin arduratzen da Rafa Iriondo, baina aurretik ere izaten du lanik. «Denetarik egiten dut. Adibidez, behin senargai batek deitu zidan kanpoan bizi zen izeba bat egun batzuk lehenago etorri zela eta ilepaindegi bat behar zuela esanez. `Lasai, nik topatuko diot ileapaindegi bat'. Eta, ikaragarrizko arazoa zena berehala konpondu genuen. Egin behar izan dudan gauzarik bitxiena andregaiari soinekoa erosten laguntzea izan da. Ez zuen amarekin edo amaginarrebarekin joan nahi, erotu egingo zutela esaten zuen, eta laguntza eskatu zidan. Hartu nuen denda batean hitzordua eta biok joan ginen. Gero, noski, berak aukeratu zuen soinekoa. Nik ez dut sekula erabakirik hartzen, laguntza baino ez dut eskaintzen, baina, erabakiak, ezkontideek hartu behar dituzte».
Eta, ezkontza egunean detaile guztiak zaintzeaz arduratzen da Rafa Iriondo. «Maleta txiki batean `biziraupenerako kit' moduko bat eramaten dut beti: bertan, denetariko tiritak eramaten ditut norbaiti zapata berriek mina eman eta babak baldin baditu. Eta arraspagailu bat ere eramaten dut. Izan ere, senargaia beti irristatu egiten da zapata berriekin eta zola pixka bat xehatuz gero, akabo arazoa. Beste gauza mordoa eramaten dut kit berezi horretan».
Hamalau urteko ibilbidean askotariko ezkontzak antolatu baditu ere, azken urteotan berezi samarrak direnak prestatzen saiatzen da, nahiz eta ez den samurra izaten. «Bikote asko etortzen da ospakizun berezi bat egin nahi duela esanez eta, hilabeteko epean, iritziz aldarazten diete ingurukoek. Presioak izugarriak dira eta, askok, azkenean, ezkontza normala egitea erabakitzen du, ingurukoak ez entzutearren. Badirudi inork ez duela bere lehengusuaren edo lagunaren ezkontza berea baino politagoa izaterik nahi».
Ezkontzen inguruan oinarririk gabeko «psikosi» moduko bat dagoela uste du Iriondok. «Jatetxean tokia urtebete lehenago hartu beharraren kontuak, adibidez, ez dauka ez hankarik eta ez bururik. Normalean, epe laburragoan ere antolatu daiteke ezkontza bat. Baina zabalduta dago kontu hori, eta bikoteak asko larritzen dira horrelakoekin. Presio horren ondorioz, azkarregi eta arinegi hartzen dira erabakiak», iritzi dio Erraiko arduradunak.
Bere egitekoa, hain justu, erabaki horiek patxadaz eta zuzen hartzeko egin beharrekoak egitea da. «Ezkontza egunean hogeita lau orduak gozatu nahi dituzte ezkontideak. Aldiz, ezkontzak antolatuta dauden moduan, gehienetan hori ezinezkoa da. Ezkontza bat antolatzea ez da zaila, ingurukoek zailtzen dute kontua eta ez dakit zergatik. Lagunek eta senideek maiz ezkontideak larritu eta urduritu arte ez dute bakerik ematen. Ezkontza bat ospakizun bat baldin bada, ospatzeko izango da, ezta?», bukatu du.




