GIZARTE -

Orain zazpi bat urte, eztei-bidaian Mexiko DF-ra joan zen lagun batek Kantaberriren argazkia deskubritu zuen museoan. Kantalaberrik berak kontatu zigunez, tesi bat egiten ari ziren antropologiako ikasle batzuek atera zizkioten argazkiak duela urte batzuk

Joxean Agirre

2008ko Apirilaren 04a

Orain zazpi bat urte ezkondu zen Zumaiako Jabier Carballo argazkilari ezagunaren seme zaharrena, eta Mexikora joan zen eztei-bidaian. Mexiko DFko Museo Antropologikoa bisitatzera sartu zen, hiri hartara joaten diren turista gehienak bezalaxe, eta sarrerako aretoetako batean hartu zuen ezustekoa, argazki handi batean herritar bat ikusi zuenean. Ez zen edozein herritar, Kantalaberri baizik. Oso azkar zabaldu zen berria herrian eta geroztik Mexiko DFra joaten diren zumaiar gehienak Kantaberri dagoen areto horretaraino iristen dira behintzat.

«Sartu eta eskubitara dagoen lehen aretoa da, `Introducción a la antropología' izeneko erakusketa hartzen duena. Bertan metro erdiko argazkiak daude ikusgai. Horietako bat Kantalaberrirena da. Aurrez aurre begiratuta, aurpegia besterik ez zaio ikusten, baina burua pixka bat mugitzen baduzu, beste angelu batzuetatik, une batean buruhezurra ikustera ere iristen zara. Erakusketa oso ikusgarria da», esan zigun Pello Etxabek, Nikol Enea tabernako jabea eta Kantalaberriren lagun minak.

Argazkia noizkoa den? Oso azkar ohartu ziren Kantalaberri eta Pello beren lehen bidaian museo horretara egindako bisitakoa zela.

«Mexikora lehen aldiz, orain hamar-hamabi urte joan ginen gu. Museo horretara sartu eta atean ikasle batzuk zeuden tripode eta argazki makinekin eta ea argazki batzuk ateratzen utziko genien galdetu ziguten. Ez zirela bada poliziak izango erantzun nien nik eta algara batzuk egin zituzten. Orduan ateratako argazkiak dira», azaldu zigun Kantalaberrik.

Antropologia aldetik interesa duten aurpegien bildumak daude areto horretan eta Kantalaberrirena dago horien artean.

«Nire aurpegia arruntagoa da, normalagoa, baina Kantalaberrirenak badu misterio moduko bat, badu morboa. Emakumeengan sortzen du, batez ere, morbo hori. Eta, gainera, arraza ezberdinetara egokitzen da. Pontxo bat jartzen badiozu, mexikarra ematen du. Txilaba bat jarriz gero, mairua», jarraitu zuen bere lagunak, Pellok.

Argazki horietan beste edozein zumaiar agertu izan balitz, ez zukeen berriak oihartzun berezirik sortuko, baina Kantalaberri bakarra da eta berezia. «Egia esan behar bada, bi Kantalaberri daude, Jekyll doktorea eta Hyde jauna bezala. Bata egunez ezagutzen duguna da, jendetasun handikoa, traturako dohain handiak dituena. Orain dela gautxi Gestoren inguruko zozketa baten txartelak saltzen ari ziren gazte batzuk eta guk salduko genituela esan genien. Kalean jarri eta sorta osoak saldu genituen. Baina, badago beste Kantalaberri bat iparra galtzen duenean umore txarrez jartzen dena. Orduan jendearen aurka jartzen da. Horrela egoten denean, hobe izaten da bakarrik utzi eta ingurutik alde egitea», adierazi zigun bere lagunak.

Harrigarria bada ere, Kantalaberrik serio-serio entzun zituen lagunak esandakoak, onartuz bezala, tarteka bere patxaran kopari tragoxka bat emanez.

Umore aldaketak noiz izaten dituen galdetu genion Pellori. «Normalean gau ez izaten ditu, baina ez du ordurik. Batzuetan oso goiz jartzen da iparra galduta», erantzun zuen. «Nik ez nuke iparra galtzen dudanik esango. Ni `esplaiatu' egiten naiz, besterik gabe», erantzun zuen bere aldetik Kantalaberrik. Gizon hau xelebrea eta berezia dela antzemateko ez dago berari entzutea besterik. Mexikora zazpi edo zortzi aldiz joan dira, baina lehen bidaiarekin bakarrik ematen dute orrialde batzuk betetzeko adina kontu. «Lehen bidaia horretan 5.000 kilometro egin genituen autobusean, guk `errefuxiatuaren ibilbidea' deitu geniona egin baikenuen, Mexikon barreiatuta zeuden euskal errefuxituak bisitatuz. DF-ko Euskal Etxean geundela jarri ginen harremanetan eta Jalisco, Huaxaca, San Cristobal de las Casas... jauziak eginez herrialdeari itzulia eman genion. Hori izan zen gure bidaiarik mugituena. DF-ko metroan, esate baterako, Pellori dokumentazio dena lapurtu zioten. Eskerrak hiri horretan guk enbaxada bat dugun, Gernika jatetxea, zumaiar batzuk eramaten dutena», kontatu zigun. Ondoren, beste bidaia batean, urakanak harrapatuta nola egon ziren azaltzen hasi zen.