BIDAIAK -

Idiazabalgo Herri Kirol Elkarteak antolatuta, ehun laguneko taldea ibili da Eskoziatik barrena autodeterminazio eskubidea aldarrikatu eta herrialde hartako ordezkariekin hitz egiten

Joxean Agirre

2008ko Apirilaren 04a

Goierritarrek Aste Santuan Eskoziara egindako bidaian eramandako zanpantzarrek eskoziarren jakimina piztu zuten, baina aizkolariek, trontzalariek, harrijasotzaileek eta dantzariek ere hartu zuten parte herrialde horretan egin zituzten ekitaldietan. Nazioak Munduan izenez bataiatu zuten espedizioan ehun lagunek hartu zuten parte eta ekitaldi nagusia Inverness-en egin zuten Aberri Egunean. Bidaiaren helburua Euskal Herriak duen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzea baldin bazen ere, Eskoziako egoeraren berri jakiteko baliatu zuten. Alderdi Unionistako Des McNultyrekin izan zuten elkarrizketa bat eta Alderdi Nazionalistako Keneth Gibsonekin ere bai. Elkarrizketa horiek eta ekitaldiak DVD batean bildu dituzte eta Goierri Telebistak erreportaje luzeak egin ditu.

«Herrian, Idiazabalen, alegia, bazen udaltzain bat Mikel Garmendia izenekoa, oso maitatua, kirolzale amorratua eta herrian herri kirol mobida sortu zuena. Gure koadrila, esate baterako, parrandan izan da ona, baina ez da inoiz kirolzalea izan eta kirola egiten jartzea lortu zuen. Urtero festetarako herri kirolen inguruan ekitaldi handi bat antolatzen hasi ginen eta jenderik gehien biltzen duen ekitaldia bilakatu da. Mutil hori orain hilabete eta erdi hil zen istripuan, mendian aizkoran ari zela. Ni iaz Londresen nengoela, hasi ginen bidaia honen proiektua lantzen. Hasieran Londresko Euskal Etxean herri kirolekin zerbait egitea proposatu genuen, baina ez zen atera eta Eskoziako egoera politikoa zein den ikusita, independentziaren inguruan erreferenduma egingo dutela kontuan izanik, gure esperientziaren berri eman eta haienetik ikastera joatea erabaki genuen», hasi zen Dani Oiarbide proiektuaren hastapenak agertzen.

Danik ingelesa eta euskara irakasten ditu Ordiziako Jakintza ikastolan, soinu txikia jotzen du eta bolada honetan Goierriko Beste Bat taldearekin dabil. «Oso petsona ezberdinak elkartu gara Eskoziara eraman dugun goiburuaren atzean, autodeterminazio eskubidearen atzean alegia. Ez gara politikoak eta ez dugu inongo alderdirik atzean. Herritar soilak gara eta helburu batzuetarako elkartzea posible dela erakutsi nahi genuen eta erakutsi dugu», jarraitu zuen Danik.

Ehun lagun

Idiazabalgo herri kirol elkartea izan da espedizioaren ardatza. Gonbidatu gisa Miren Urkiola harrijasotzailea joan zen. Aimar Irigoien ere joatekoa zen, baina eskumuturreko arazo bat tarteko, etxean geratu zen. Beasaingo Ostadar eta Aurkatza dantza taldeek ere hartu dute parte eta Iruñeko zapantzarrek ere bai. «Dantzariak eta soinujotzaileak mundu guztian daude eta beste zerbait eraman nahi genuen eta bete-betean asmatu genuen. Zanpatzarrek sekulako jakimina sortu zuten egin genituen ekitaldi eta kalejiretan», jarraitu zuen Danik.

Laurogeita hamazazpi lagun ziren eta hegaldietearako txartelen erosketa ere konplexua izan zen. «Txartelik merkeenak nahi genituen eta Udaleko idazkari bat ibili dugu zeuden eskaintzak bilatzen, baina oso zatikaturik egin behar izan genuen. Biarriztik, Bilbotik eta Iruñetik abiatu behar izan genuen. Aste Santuko asteartean joan ginen eta Pazko Astelehenean itzuli ginen», jarraitu zuen Danik.

Astearte gauean iritsi ziren gehienak Edinburgora. Asteazkena parlamentariei elkarrizketak egin eta azken orduko harremanak egiteko baliatu zuten. Ostegunean kalejira ikusgarri bat egin zuten hirian zehar, ostiraleko ekitaldia jakinaraziz eta ostiralean, ekitaldiaren ondoren, Inverss-era jo zuten eta han bi ekitaldi handi eman zituzten, larunbatean bata eta igandean, Aberri Egunean, bestea. «Invernesseko Udalarekin harreman zuzena genuen eta gurekin ibili ziren bi ordezkari. Herri kirolak oso ikusgarriak dira, baina ikaragarri zailtzen dute bidaia. Guk bi furgoneta eraman behar izan genituen errepidez. Horietan aizkora, harri eta gainerakoak eraman genituen. Gu baino egun bat lehenago irten behar izan zuten eta itzuleran ere berdin, egun bat lehenago atera ziren», esan zuen Danik.

Aurreko hilean taldeko hiru lagunek bidaia bat egin zuten harremanak lotzeko. «Oso ezberdin funtzionatzen duen gizarte batekin egin genuen topo -esan zuen Danik-. Ez dute guk bezala inprobisatzen. Haiek ez dituzte gauzak presaka egin nahi. Gu baino hotzagoak dira, baina jakimin izugarria agertzen zuten askok. Aizkorak, trontzak eta dantzek sortarazten zien jakimin hori, baina batez ere zanpantzarrek. Ikuskizun bezala zanpantzarrak izan dira arrakasta gehien izan dutenak eta gure eskaintzarekin ere harritu egiten ziren, gazta eta sagardoa doan ematen baikenituen eta guzti hori herri bat izan nahi dugula adierazteko. Horrekin asko harritzen ziren», jarraitu zuen Dani Oiarbidek.

Tradizio demokratikoa

Herri bat garela adierazteko esku-orri batzuk atera zituzten, Euskal Herria zer den eta zer nahi duen agertuz. «Naziotasuna aldarrikatzen duen herri batetik joan gara naziotasuna aldarrikatzen duen beste herrialde batera eta hala da, baina haiek erabat asumitatuta daukate, nazioarte mailan ezagunak dira eta onartuak. Gu askoz ere maila apalagoan gaude eta kaleko jendeak oraindik gure aldarrikapenak oso urruti ikusten ote zuen irudipena hartu nuen nik. Gu zerbait erakustera joan ginen eta asko ikasita itzuli gara. Hirurehun urteko tradizio demokratikoa duen herrialde batekin topo egin dugu eta beste giro batean bizi dira. Kameraz josita bizi dira, baina polizia ere beste modu batekoa dute. Kalejiran gindoazela poliziak gerarazi gintuen eta baimenik ez genuen arren, oso modu onean Aste Santua zela, jende asko zebilela gazteluan eta mesedez eta axola ez bazitzaigun erretiratzeko eskatu zigun. Bestalde, Alderdi Unionistako jendea naturaltasunez erabakitzeko eskubidea onartzen dutela esaten entzutea ere berria zen guretzat. Han independentistak zein unionistak eskoziarrak dira eta sentitzen dira. Kiroletan, esaterako, nazio bezala onartuta daude. Gure harrementako batek esaten zigun, han erreferenduma egin eta irabaziko balute ere, ez pentsatzeko sekulako festak antolatuko dituztenik, modu oso naturalean hartzen dituztelako gauzak. Inbidia pixka bat sentitu genuen», jarraitu zuen Danik.

Bidaia nekagarria izan zen. Lo gutxi egin zuten, lehen egunetik sekulako euforia bizi izan baitzuten. «Lehen gauetik bertatik ordu txikiak arte soinua jo eta bertsotan eginez hasi ginen eta azken egunerako abailduta geunden, baina pozik», erantsi zuen Danik.

Dirua bildu ahal izateko ETBko «Kalaka»ra joan ziren behin eta berriz, taloak saltzen ibili ziren eta elastiko eta materiala atera zuten, eta herriko festetan herri lanak egiten ere aritu ziren. Erakundeetatik ere diru-laguntzak agindu zizkieten.

Prentsan eta telebistan bidaiaren berri ematea lortu dute eta Goierri Telebistak erreportaje luzeak egin ditu. «DVD bat ere atera dugu hango elkarrizketa eta giroarekin. Gure asmoa datozen urteetan gisako bidaiak errepikatzea da eta gure proiektua aurkezteko orduan erabili nahi genuke bilduma hori», esan zuen Danik.

Inverness Highland-etan dago (Goi Lurretan) eta goierritarrek harreman bereziak egin nahi dituzte eskualde horretakoekin. Hangoak gonbidatu nahi dituzte eta hangoek bertan egingo den munduko herri kirol txapelketa batera joateko eskatu diete.