Iņaki Altuna
2008ko Apirilaren 04a
EAE-ANVko hautetsiei gutxieneko etika eta morala eskatuko diela iragarri zuen Iñigo Urkulluk, Joseba Egibar lagun zuela. EAJk, jakina, maila etikoa eta morala nahikorik badu; baita, jelkideen aburuz, PSOEk, PPk edo Estatuko edozein egiturek ere. Horietako inori, ezta bere buruari ere, ez dio EAJk gutxieneko ezer eskatzen. Ez dio deus eskatu, esaterako, GAL taldeen garaian EAEn Espainiako Gobernuko ordezkaria zen Ramon Jauregiri. Espainiako Kongresuan PSOEko bozeramaile nagusietako bat izendatuta, indarberriturik agertu zaigun Jauregiri ez diote inoiz txintik ere esan. Hark bai, ordea, eskatu dizkio kontuak EAJri, ezker abertzalearen kontra gehiago egin dezan, eta jelkideek men egin diote. Ez, ez dute, ez EAJk ez beste inork, inolako moziorik aurkeztuko hain demokratak diren alderdi horien hautetsiek azken boladan izandako tortura lazgarriak salatzeko, ez presoei ezarritako heriotz zigorrak geldiarazteko, ez eskubide zibil eta politikoen zanpaketa masiboari aurre egiteko... Ez dute egingo, orduan zentsura mozio asko aurkeztu beharko bailituzkete.
Astelehenean Arrasateko zentsura mozioari ezetz esan ostean, EAJk ez du presioa jasan eta norabide jakina hartu du, PSOEren eskaeren araberakoa. Horretarako ETAren agiria jarri du aitzakiatzat. Agiriak, nonbait, Isaias Carrasco hil izanak baino gehiago asaldatu ditu burukideak. Hala sinetsarazteko, agiri horretan PSOEko militante guzti-guztien kontra egin duela ETAk mehatxua nabarmendu zuen Urkulluk. Orduz geroztik, EiTBko hedabideek ere agiria aipatzean hortan egiten dute indar. Agiriak, berez, hauxe zioen: «PSOEk esku batean Espainiako Konstituzioa hartuta, beste eskuarekin beste itzuli bat eman dio errepresioaren noria kriminalari. Independentziaren aldeko eragileak eta militanteak desegiteko helburuan ezer baztertu gabe. Eskubide eta askatasun demokratiko guztiak txikituz. PSOEko militanteek ez dute ba pentsatuko inpunitate osoz euskal militanteak torturatu, atxilotu, bizi osorako kartzela zigorra ezarri edota alderdiak legez kanporatzen ikustean, ETA besoak gurutzaturik geratuko denik, ezta? Beraien buruak aurrerakoi eta demokratatzat dituztela dioten PSN eta PSEko sozialistei, hala badira behintzat, estrategia basati honetatik aldendu eta Euskal Herriaren ukazioa eta salbuespen egoera iraunaraztea helburu duen politika neo-faxistarekin amaiaraztea dagokie». Carrascoren heriotzarekin ez bezala, muturreko irakurketa egin du orain EAJk, asmo bakar batekin: ezker abertzalea xehatzeko estrategian bere gain hartzeko prest dagoen ardura justifikatzea. Alderdiaren Legea baino harago joan behar baitute orain.
Urkulluren adierazpena gustura hartu dute PSOEkoek, baina, aldi berean, argi utzi diote urrats bat baizik ez duela egin. Bidea egiteko duela ohartarazi diote. Hain argi erakutsi dute jelkideek beren ahuldadea eta interesak, Zapaterok gero eta konpromiso handiagoa eskatuko die. Izan ere, Espainiako Gobernuak estrategia errepresiboari hauspoa emateko nahi du EAJren laguntza.
Aldi berean, PSOEk gatazka politikoa eta horren gaineko eztabaida bigarren mailan utzi nahiko dituela dirudi, Estatuko eztabaida politikoa beste gai batzuetan kokatzeko. Horretarako lagungarria izango zaio, dudarik ez, EAJ hain otzan izatea. Erronka, beraz, Euskal Herriko afera alor errepresibora mugatzea du; ezker abertzalea neutralizatzea lortuz gero, gatazka politikoaren eragina gutxituko duelakoan. Lozorroan utzi nahi du eztabaida eta, horretarako, ezkerreko independentistak indargabetu nahiko ditu, eta jelkideak morroi bilakatu.
Gaur-gaurkoz, Zapateroren izendapena nola gauzatu zehazten ari dira. Antza, bigarren itzulian eta inolako aurreakordiorik gabe egin nahi dute. Zertarako orain akordiorik? Euskal Herriari dagokionez, nahikoa baldintzatuta ditu bidaideak. Gainera, EAEko hauteskundeei ere so egin behar die PSEk, EAJrekin duen lehia txikian irabazteko asko eta galtzeko ezer gutxi duela jakinda.
Ibarretxe zertan da?
Testuinguru horretan, Ibarretxek iragarritako herri galdeketaren egitasmoak gero eta sinesgarritasun txikiagoa du. Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusiak mundu guztiak uste duena baino ez du esan. Beste kontu bat da nola moldatu ahalko duten lehendakariaren proiektua horren garrantzitsuak dituzten hauteskundeetan kalterik izan gabe. Ez dute erraza izango. Oraingoz, Urkulluk irekitako agintaldiak ez du batere itxura onik eskaini.
Edonola ere, Arrasateko azken gertaerarekin EAJk arriskurik ekar lezakeen egitasmorik gauzatzeko duen benetako adorea erakutsi du. Madrilek esanak esan, herri galdeketa egin egingo zuela adierazi du behin baino gehiagotan Ibarretxek, baina 30 ordutan gertutakoa ikusita -zentsura mozioak ez duela konponbiderik ekarriko esatetik, EAE-ANVren esku dauden udaletxe guztietan zentsura mozioa aurkezteko atea irekitzera pasa dira-, nork sinets dezake EAJk horrelako ezer egin dezakeenik?
Askatasunaren bidea EAJrik gabe egitea zaila da; EAJrekin, aldiz, ezinezkoa. Hori esan zuen behin batek. Hiru hamarkadotan nahikoa adibide izan ditugu: Txibertan ez zuen gainerako abertzaleekin bat egin, Aljergo garaian boikota egin zuen, Lizarra-Garazin ez zen aurrera egiten ausartu, eta azken saioan Estatuarekin lerrokatu da. Etsigarria.




