Azken mendean gerrak eta opio karabanak besterik ezagutu ez dituen Mekong ibaiaren arroko eskualde bat garatzeko errepide sare berria egin dute elkarlanean Asiako hego-ekialdeko sei estatuk. Adituek uste dute bertako ingurumenak eta gizarteek jasango dituztela ondorio kaltegarrienak
Frank Zeller - France Presse
2008ko Apirilaren 04a
Mekong ibai erraldoiaren (4.350 kilometro luze da, Asiako hego-ekialdeko luzeena eta garrantzitsuena) arroko makina bat eskualde erabat aldatuko ditu aste honetan bertan Asiako hego-ekialdeko estatuetako agintariek inauguratu duten errepide sare berriak. Ia erabat isolatuta zeuden eskualdeetara iristea, eta bertatik irtetea, askoz ere errazagoa izango da hemendik aurrera. Hala ere, ingurumenak eta bertako gizarteek jasango dituzte ondorioak, adituek salatu dutenez, eta horrexek kezkak eragiten ditu bertakoen artean. Garapena bai, baina zeren truke?
Proiektuaren aldekoek esaten dute Txinako hegoaldearen, Birmaniaren, Thailandiaren, Laosen, Kanputxearen eta Vietnamen arteko komunikazioak hobetzeak «pasabide ekonomikoak» sortzea ahalbidetuko duela, eta horrela bukatuko dela urte askotako gerrek eta isolamenduak Mekong ibaiaren arroko urrutiko eskualdeetan eragin zuten pobrezia. Ia nekazaritza besterik ezagutu ez duten eskualdeetara legezko merkataritza ere iritsiko da hemendik aurrera.
Agintariek inauguratu duten errepide sarea 1.800 kilometro luze da. Laoseko basoak zeharkatzen dituzte errepideek, Txinako Kunming hiria (Yunan probintzian) Thailandiako Bangkok hiriburuarekin lotzeko. Errepide sareak sekulako garrantzia dauka Mekong ibaiaren inguruko sei herrialdeentzat, ibaiak berak mende askotan merkataritzarako izan duenaren neurrikoa. «Lankidetzarako urrats handia egin dugu», idatzi dute agintariek Laoseko Vientiane hiriburuan elkartu ondoren. GAB Garapenaren Asiako Banketxeak jarri du diru gehien.
Berehalako itxura aldaketa ekarriko dute errepideek, zubiek eta estatuen arteko mugak zeharkatzeko eraiki diren pasabide berriek. Orain hogeita hamar bat urte, Mekong arroko bazter hauetan gerra besterik ez zegoen: Laos eta Vietnameko indar komunistak, alde batetik, eta inbaditzaile estatubatuarrak eta horien aliatuak, bestetik. Komunisten garaipenarekin gerra amaitu zen, eta orduan Mekong ibaia merkataritzarako erabili zuten: Urrezko Hirukiak ekoiztutako lobelarra eta heroina bertatik ateratzen zuten.
Lobelarra eta heroina
Garai hartan mundu osoan ekoizten zen lobelarraren % 70 Thailandiak, Laosek eta Birmaniak bat egiten duten eskualdetik ateratzen zen. Orain Afganistani dagokio munduko lobelar ekoizle nagusia izatea.
Langileek errepide sare berria eraikitzen jarraitzen dute, nahiz eta agintariek inaugurazio ekitaldia egin duten. Asiako hego-ekialdean denbora gutxiago beharko da hiri batetik bestera joateko, proiektuaren aldekoek nabarmentzen dutenez. Baina aurkakoek beste gauza batzuk azpimarrtu dituzte, batez ere, errepideek ekarriko dituzten arriskuak: legez kanpoko Tropikoaldeko zuraren salerosketa, ezkutuko ehiza eta hainbat gaien legez kontrako trafikoa bizkortzea. Errepideen eraginez, hiesa bezalako gaixotasunak gehiago hedatuko direla ere aurreikusi dute adituek.
Proiektuaren aurkakoei ematen die arrazoia Chris Lyttleton Australiako Macquarie Unibertsitateko adituak egindako azterketa batek. Mundu Bankuak Asiako hego-ekialdean finantzatutako proiektu batean, Lyttletonek Txina eta Laoseko Xiengkok ibai kaia lotzen duen errepidearen eragina aztertu zuen. Laoseko ipar-mendebaldeko eskualdeak isolamendutik atera zituen errepideak, eta horri esker, berehala ugaritu ziren Txinatik eta Thailandiatik etorritako merkatariak. Horiei esker, ordura arte bertan ezagutzen ez ziren produktuak ezagutzeko aukera izan zuten, eta lanpostu berriak ere sortu ziren. Aldi berean, Lyttletonek nabarmentzen duenez, legez kontrako droga sintetikoen kontsumoak sekulako gorakada izan zuen. Gauza bera gertatu zen ezkutuko ehizarekin eta salerosketarekin. Aipatutako azterketaren egileen arabera, errepide bazterrak jatetxez eta tabernaz bete ziren, eta sexu-transmisiozko gaixotasunen hedapena ahalbidetu dute.
Gazteak eta prostituzioa
Martin Stuart-Fox Australiako Queensland Unibertsitateko adituak laostar askoren kezkari buruz hitz egin du. «Laostarrek uste dute kamioiekin batera garapena ere iritsiko zaiela. Aldi berean, hiesa edo prostituzioa bezalako `gaixotasun sozialek' gora egingo dutelakoan daude, eta bertako gazteak Thailandiara edo Vietnamera prostituzioan edo beste sektoreren batean lan egitera behartuta eramatea ere errazagoa izango dela hemendik aurrera».
Environmental Investigation Agency Britainiako talde ekologistak salatu duenez, Vietnametik eta Thailandiatik etorritako lagunek legez kanpo moztutako zur asko erosi dute, Estatu Batuetan eta Europar Batasunean altzariak egiteko.
NBIP, Nazio Batuen Ingurumen Programak berak ere nabarmendu ditu errepide sarearen arriskuak, berehala eragingo dituen aldaketa ekonomiko zein demografikoek eskualdeko baliabide naturalei kalte ikaragarria egin diezaietelakoan. «Mekong ibaiaren arroak ekonomi integrazio prozesu azkarra izateko aukera badu ere, baditu ahuleziak: garapen iraunkorraren ikuspegia garatuko duen eskualde mailako erakunderik ez dago».
Edonola ere, aipatzekoa da Txinako Gobernuak egindakoa. Txinako hegoaldetik Laoseko Luang Prabang hirira doan errepidea ordaindu du. Txinatarren poltsikotik atera da ere estatubatuarrek eta aliatuek II. Mundu Gerran Birmaniako iparraldean erabili zituzten errepideen konponketa lanak ordaintzeko dirua, eta Mekong ibaia zeharkatuko duen hirugarren zubiaren eraikuntzaren aurrekontuaren erdia. Zubi horrek Laos eta Thailandia lotuko ditu.




