AEBetako hauteskundeak -

Jose Angel Oria

2008ko Apirilaren 04a

Obamak ala Clintonek irabaziko ditu AEBetako hauteskunde presidentzialak? Estatubatuar boto-emaileei zerk eragiten die kezka edo beldur gehiago, Etxe Zurian gizon beltz bat ikusteak ala emakume bat ikusteak? «AEBetako hurrengo presidentea John McCain izango da», esan berri du Noam Chomsky hizkuntzalari estatubatuarrak, hedabide nagusiek azken hilabeteotan indartu duten «aldaketaren» ideia hankaz gora botatzeko. Kolonbiako "El Espectador" egunkariak Chomskyrekin egindako elkarrizketa argitaratu du. Bertan esplikatzen du irakasleak, zergatik uste duen azaroan egingo diren hauteskundeak hautagai errepublikanoak irabaziko dituela . «Oso zaila da zer gertatuko den esatea, baina nire espekulazioa da seguruenik McCainek irabaziko duela. Arrazoia zera da: Alderdi Errepublikanoak daukan izen ona zikintzeko makina oso eraginkorra da, eta oso profesionala, baina oraindik ez da hasi lanean. Alderdi Demokratak hautagaietako bat aukeratzen duen bezain pronto, bere estrategiak abian jarriko ditu, eta estrategia horiek oso eraginkorrak izango dira». Beraz, inkestek diotenari buelta emango dio aipatu makinak.

«Bush al da, begirale askok esan bezala, AEBek izan duten presidenterik txarrena?», galdetzen diote Angélica Lagos eta Juan Camilo Maldonado kazetariek Massachusetts-eko Institutu Teknologikoko irakasleari. «Bai, horrela pentsatzen dut nik», da Chomskyren erantzuna.

«Zer da Bushek gaizkien egin duen gauza?», kazetariek. «Irak, zalantza izpirik gabe -erantzun die hizkuntzalariak-. Azken mendeko tragediarik okerrena da herrialde horretakoa. Inbasioak erabat suntsitu zuen. Sekulako hondamendia da. Bushek horrenbeste defenditzen duen estrategia, lurralde txikiak menderatzen dituzten `gerrako jaunak' sortzean datza. Etorkizunean, jaun horiek bata bestearen aurka borrokan arituko dira. Bushek terrorismoaren gorakada ikaragarria eragin du».

Chomskyren iritziz, Irakeko okupazioak asko iraungo du oraindik. «McCainek esan du ehun urte beharko direla. Ni bat nator. Demokratek tropak Iraketik ateratzeko aukera aipatzen dute, baina baldintza eta muga gehiegirekin. Gainera, Gobernua eta Kongresua zertan ari diren begiratzen badugu, ezin esan okupazioaren bukaera bertan dagoenik: Iraken sekulako base militarrak eraikitzen ari dira, munduko handienak agian, eta horrelako lana ez da egiten gero berehala egindako guztia desegiteko».

Izen ona zikintzeko makina lehenago ere erabilia dute errepublikanoek, irakasle estatubatuarrak gogorarazten duenez. ««2004ko hauteskundeetan bi hautagai ziren: Bush, Vietnamen egin beharreko soldaduska saihestu zuena, eta Kerry, Armadan egoteaz gain lekurik arriskutsuenetan borrokan aritutakoa eta ausardia erakusteagatik ohorezko dominak jasotakoa. Nola bukatu zen bada historia? Errepublikanoek beraien difamazio makina lanean jarri zutenean, Kerry agertu zen aberria gutxien maite zuen hautagai moduan, eta Bush heroi militar bat bezala». Hillary Clintonen aurkako kanpaina aspaldi hasia dute errepublikanoek, Chosmyren arabera. «Gezurren eraginez, Clinton da gutxien maitatua», dio.