Robert Manning irakaslea elkarrizketatu du Italiako «Il Manifesto" egunkariak, kontsumitzaile estatubatuarrek gaur egun duten egoera hobeto ulertu nahian. «Okerrena iristeko dago", esan du
Andrea Rocco - "Il Manifesto"
2008ko Apirilaren 04a
Depresio Handiaz geroztik, egungoa da krisi ekonomikorik larriena», esan du duela gutxi Joseph Stiglitz Ekonomiaren Nobel Sariak, erreferentzia moduan 1929ko Wall Street-eko burtsaren krak-a hartuaz, «La Jornada» egunkarian irakurri ahal izan dugunez. Ez dator bat Orlando Caputo ekonomialaria, aurreko larunbateko GARAn honako ideia hau eskaini baitzuen adituak: «Kapitalismoak historian zehar sarri erakutsi du bere burua birsortzeko gaitasun handia duela».
Kapitalismoaren amaiera? Kapitalismoaren azken mugimenduak ikusten ari garela diote ezkerreko zenbait egilek, eta aurkakoa besteek. AEBetako eta herrialde aberatsenetako agintariek behin eta berriz esaten digute krisia menderatuta dagoela, lasai egon beharra dagoela, beraiek agindutako neurriak nahikoa izango direla egungo egoerari buelta emateko... Aldi berean, hipotekari aurre egiteko aukerarik ez duten milaka estatubatuar (bi milioi inguru, Stiglitzen kalkuluen arabera) etxebizitzarik gabe geratzeko arriskuan daude, eta horietako batzuek etxeari su ematen diote, asegurua kobratzeko; kasu gehienetan lehen zituzten zorrak handitzea eta etxebizitzarik gabe geratzea besterik ez dute lortzen.
Higiezinen burbuila. Robert Manning irakasleak Rochester Institute of Technology-ko Center for Consumer Financial izeneko erakundea zuzentzen du. Estatubatuarrek ikusten dituzten telebista kateetan izan da maiz hipoteka krisiari buruz hitz egiten. AEBetako Kongresuak finantza arazoak aztertzen dituen bakoitzean, bera bertan izaten da. 2005eko urrian aurreikusi zuen AEBetako higiezinen burbuila lehertu egingo zela, eta horrek atzeraldi ekonomiko larria eragingo zuela. Asmatu egin zuela dirudi. Aipatutako atzeraldia aurtengo udan iritsiko dela ere adierazi zuen orduan.
Presioa kontsumitzaileengan. «Nola deskribatuko zenuke kontsumitzaile amerikarrek duten zorraren egoera?», galdetu diogu Robert Manning-i. «Amerikarrak nagusi diren industria-ondoko ekonomia globalizatura pasatzen ari gara azken hamar urteotan. Epe horretan gertatu den gauzarik interesgarriena kontsumitzailearengan sortutako presio handia da. Azken atzeraldian, 2001ekoan, estatubatuarren kontsumo pribatua mundu osoko kontsumoaren bosten bat zen. Garai hartan AEBetako kontsumitzailea zen munduko ekonomiaren motorrik garrantzitsuena. Baina, aldi berean, AEBetan nagusitu zen ereduak ongizatearen Estatua desegitea ahalbidetu zuen, gero eta gehiago gainera, konpainia handiei zerga gutxiago kobratzeagatik Estatuak diru sarrera txikiagoa zuelako. Horrela ez zegoen ongizatearen Estatuari eusterik. Poltsikoan diru gutxiago zuenez, kontsumitzaileari zorpetzea beste erremediorik ez zitzaion geratu. AEBetako eredu hau beste herrialdetara esportatzea zen ideia. Horrela egin zuten Italiak eta kreditu txartelak hedatzean oinarritutako sistemaren aurka zeuden beste herrialde batzuek. Gakoa, beraz, ondorengoa izango litzateke: zor `ona' eta `txarra' zer den definitzea, estatubatuarren zorrak egiteko joera izugarri hazi den garai honetan».
Oso aberatsak gehiago aberastu. «Nola iritsi gara egungo egoerara?», ezinbesteko galdera zen. «Gertatu denari `grabitate ekonomikoaren etetea' deitu izan diot. Orain hamar bat urtera arte, AEBetako soldatek gora egiten zuten. Higiezinen salneurriek ere bai, urtean bizpahiru puntu, hau da, batez besteko historikotik oso gertu. 2001eko atzeraldiarekin aldatu zen egoera. Soldatek behera egin zuten, baina 2001etik 2005era hirietako higiezinen salneurria bikoiztu egin zen. Honela, beti hazkunde ekonomikoaren motorra izan diren diru-sarrerek, zeregin hori galdu dute. Fenomeno honen ondorioak oso larriak izango dira, nahiz eta oraindik ezin diren kalkulatu. Ez dago esaterik arazo hauek nola konpon daitezkeen. Hitz gutxitan esanda, erdiko klasearen ondasunen zati handi bat aberatsei eman zaie azken urteotan», esplikatzen digu irakasleak.
Zorra hirukoiztu egin da. Subprime edo arrisku handiko hipoteken sistemaren gainbeherari buruz ere galdetu behar. «Oso interesgarria da 90 hamarkadako hi-tech-en burbuilaren amaierak higiezinen burbuilaren hasiera ekarri zuela. Burbuila batek bestea ordezkatu zuen mende hasieran. Beti gauza bera galdetzen didate, ea estatubatuarrak gehiago aberasten ari diren, ala zorrak areagotzen ari diren. Zorra, batez ere hipoteken bidez egindakoa, ia hirukoiztu egin da azken hamar urteotan. Une honetan hamabi bilioi dolarretara iritsi da zorra. Horrenbeste hazi bada, higiezinen merkatuan egoterik ez zeukaten pertsonak -nahikoa baliabide ekonomikorik ez zutelako-, merkatu horretara erakarri zirelako da. Gero, zorra egina zuen kontsumitzailea zor hori kreditu txartelen bidez birfinantzatzera animatu zuten, eragile askok esku hartu zuten operazioan. Etxearen balioaren araberako maileguak ematen ziren eta, horren eraginez, etxeen salneurriak berehala egin zuen gora. 2005. urte amaieran bukatu zen prozesu hau. 2006an ikusi dugu higiezinen merkatuaren kolapsoaren hasiera».
«Zorraren industria». «Kolapsoaren unerik larriena pasa al da?». «Ezta pentsatu ere -erantzun digu irakasleak-, Oraindik ez dugu ezer ikusi. Urrats bat atzera egin behar dugu egoera hobeto ulertzeko. `Zorraren industriak' duen produkturik errentagarriena da kreditu txartela. Kontuan hartu behar da kreditu txartelak dituztenen %40k besterik ez duela ordaindu beharreko guztia hilero ordaintzen. Gainerako %60k amortizazioa eta interesak ordaintzen ditu. Datu hau, hala ere, ez da benetakoa, eragileei oso baxu edukitzea komeni zaie-eta. Mailegu berrien bitartez lortzen dute hori. Edonola ere, kontsumorako zorrak ezin du gehiago hazi, asetasun-egoerara iritsita dago-eta. Ondorioz, kiebra jotako pertsonen kopurua ikaragarri hazi da. Gainera, orain gertatzen ari dena ez zen lehen inoiz gertatu. Garai batean pertsona batek kiebra jotzen zuen lanik gabe geratzen zenean. Orain, berriz, lanean ari direnek ere porrot egiten dute. Orain hamar bat urte, milioi bat inguru ziren kiebra jotakoak, nahiz eta garai hartan ia langabeziarik ez egon. 2001eko krisia iritsi zenean, maileguak eta hipotekak emateko garaian kontuan hartzen ziren baldintzak asko arindu zituzten. Horrela ailegatu ziren finantza merkatura benetako finantza baliabiderik gabeko pertsonak, lan egonkortasunik gabekoak».
Hipoteken krisia. Robert Manningek dioenez, goian aipatutakoa izan zen subprime edo arrisku handiko hipoteken krisiaren lehen fasea, eta higiezinen burbuilaren azken astindua: 2004an, 2005ean eta 2006ko hasieran eman ziren hipotekak. «Wall Street-eko operadoreek prestatutako maileguak izaten ziren, gero instituzioetako inbertitzaileei saldu zitzaizkienak. Oso interes baxuko maileguak ziren. Ondoren interesek gora egin dute, eta hipotekak hartu zituztenek, kasu askotan bestelako baliabiderik gabeak, berehala galdu dituzte beren etxeak. Gainera kontuan hartu behar da oso etxe merkeak, balio gutxikoak, izaten zirela eta, horrexegatik, gero banketxeek ezin zituzten saldu. Horrek eragin zuen iazko udazkeneko likidezia krisia, sistemaren egonkortasuna erabat murriztu zuena. Hau arrisku handiko hipoteken krisiaren lehen fasea besterik ez da, AEBetan orain gertatzen ari dena».
Datorkigun «urakana». Manning irakasleak ez du uste hondoa jota daukagunik. Ezta ekonomiak berriz gora berehala egingo duenik. «Krisia urakan baten modukoa da, eta gu urakan horren begiaren erdian gaude. Beste ekaitz bortitz bat iritsiko da, eta horrek pertsona asko kaltetuko ditu, ez bakarrik pobreenak eta gutxiengoetako kideak. Orain etxe dotoreetan bizi diren erdiko klaseko lagun asko ere eramango ditu ekaitz horrek. Egoera normal batean, horien etxeak erosi ahal izateko 250.000 dolar inguruko mailegua eskatzea nahikoa izango litzateke. Baina burbuilaren eraginez, 600.000koa edo 800.000koa eskatu beharra izan dute. Horiek badituzte baliabide ekonomikoak, baina 600.000 dolarreko hipoteka ordaindu behar dute, beren etxeek egun 500.000 dolarreko balioa dutenean. Kreditu txartelen bitartez zorrak handituz hipoteka ordaintzen saiatuko dira, halako batean merkatuak hobera egingo duelakoan; baina ustezko hazkunde ekonomiko hori beranduegi iritsiko da, gutxienez beste bi urte pasako dira-eta. Krisiaren bigarren fase honetako unerik larriena hemendik urte eta erdira ezagutuko dugu. Bestalde, ezin ahaztu finantza erakundeek maileguak saltzeko garaian egin dituzten irregulartasunak. Aurki epaitegietara iritsiko dira horietako kasu asko. Banketxeak hipotekak berriz erostera behartuta egongo dira, baina ezinezkoa izango da. Esaterako, Citibank teknikoki kaudimengabea da dagoeneko, eta krisitik bizirik ez ateratzea gerta liteke».
Hauteskundeak eta politika. Horrek guztiak izango al du eraginik AEBetako politikan eta hauteskundeetan? «Alde batetik, kontuan hartu behar da arazoari aurre egiteko egungo Administrazioaren ezintasuna. Ez dauka inolako sinesgarritasunik. Nire ustez, krisiaren unerik larriena udazkenean iritsiko da, irailean edo urrian, AEBetako hauteskunde presidentzialetarako kanpaina pil-pilean egongo denean. Gainera, egoera gehiago gaiztotzeko, Michiganen, Ohion, Indianan, Floridan eta Kalifornian dagoeneko hasi den lanpostu galera areagotu egingo da. Datozen hilabeteetan, edonork ikusteko moduan larriagotuko da krisia. Une honetan, esaterako, interes-tasa jaitsierek ia ez dute ezer lortzen, tasa asko jaitsita ere. Banketxeei ondo datorkie interes-tasak jaistea, beren galerak, maileguei dagozkienak, zertxobait mugatzeko. Baina zorra egin duten kontsumitzaileen egoerak ez du hobera egiten tasa hori jaisteagatik. Izan ere, iazko udazkenean eta urtarrilean kontsumoak behera egin du AEBetan, gero eta bizkorrago gainera. Fenomeno horrek automobil-industriari eta banaketa konpainiei kalte handia egingo die. Okerrena, edonola ere, iristeko dago. Etxe Zuriak eta Kongresuak iragarritako zergak itzultzeko egitasmoek ezer gutxi lortuko dute. Agintariek dirua banatzen dutenean, berehalako susperraldi labur bat gertatuko da. Gero, atzeraldi ekonomikora itzuliko gara».




