-

Isidro Esnaola

2008ko Apirilaren 04a

Urteko edozein opor sasoiren aurretik erregaien prezioak igotzea ohiko bihurtu da. Joan den Aste Santua ez da salbuespena izan. Beti zerbait gertatzen da: Nigeriako egoera politiko nahasia, Irakeko oliobide baten leherketa, edota oraingoan bezala, gasolio falta eskaera handiegia delako.

Aste honetan ere, Jean Claude Trichet-ek, Europako Banku Zentraleko buruak, prezioen igoera kontrolatzea lehentasuna dela esan du. Beraz, interes tasak ez dira oraingoz jaitsiko. Europar Batasunak prezioen igoerari buruzko azterketak egitea gomendatu du eta hainbat estatuk aztertzeari ekin diote. Prezioen igoerak herritarrak kezkatzen ditu, baita gobernuak ere. Dena den, prezioekin zer gertatzen ari den ulertzeko azterketa sakon eta garestiak egitea ez da beharrezkoa.

Azken bi hamarkadetan, mota guztietako gobernuek, teoria neoliberalak jarraituz, merkatuak liberalizatu dituzte, askeagoak egin omen dituzte. Horretarako, araudiak murrizteaz gain, sektore publikoa pribatizatu dute eta enpresen arteko bateratzeak bultzatu dituzte.

Horren ondorioz, erregaien merkatuan, telekomunikazioen merkatuan, elikaduraren merkatuan, esparru finantzarioan, azken batean, merkatu guztietan enpresa handi eta indartsuak sortu dira. Estatu guztietan, merkatu bakoitzean, hiru edo lau enpresa erraldoik merkatuaren %70, %80 edo %90 kontrolatzen dute. Egoera horretan, enpresen arteko lehia erabat aldatzen da.

XX. mende hasieran, aspaldi beraz, ekonomialariek merkatuen bilakaera enpresa gutxi eta indartsuekin aztertu zuten. Gertakari horri ere izena jarri zioten: oligopolioa. Eta azterketa horien ondorioak nahiko bitxiak dira. Alde batetik, oligopolioak, enpresa handi eta boteretsu horiek, indar berdintsua baldin badute, prezioak jaitsiz lehiakideak garaitzen saiatzen baldin badira, estrategia horrek enpresa erraldoi guztien porrota ekarriko du. Enpresa handiek merkantzien prezioa asko jaits dezakete.

Nahiz eta debekatuta egon, merkatua irabazteko merkantzien salmenta galerekin egin dezakete. Eta denek gauza bera egiten badute, denek itxi behar izango dute. Horregatik, horrelako lehiatan ez dira sartzen. Estrategia hau oligopolio batek beste bat baino askoz indartsuago baldin bada jarraitu dezake, galerak jasateko askoz erresistentzia handiagoa izango duelako. Baina orduan, irabaziz gero, oligopolio izatetik monopolio izatera pasatuko da, hau da, lehiakide bakarra, eta hau debekatuta dago. Beraz, ez zaio interesatzen.

Nagusitasuna

Bestalde, oligopolioak beren nagusitasunaz baliatzen dira euren produktuen prezioek kostu eta etekin normalak baino altuagoak izateko. Horrela, merkatu aske batean baino gehiago irabaz dezakete.

Gainera, oligopolioak ezartzen duen prezioa erreferentzia bilakatzen da enpresa txiki guztientzat. Gasolinaren kasuan adibidez, enpresa handien gasolindegietatik aparte, ziur asko, prezio merkeagoa duten beste batzuk egongo dira, baina auskalo non dauden, bilatzen saiatzea denbora eta gasolina gastatzea da; merkeago ateratzen da betiko lekuan hartzea. Gasolindegi txiki horiek prezioak jaitsiz ez dute bezero gehiago lortzen. Orduan, kontuak berdintzeko oligopolioek markatzen duten preziora hurbiltzen dituzte euren prezioak.

Beraz, merkatu libre baten prezioa, nonbait existitzen bada, oligopolioak kontrolatutako merkatu baten prezioak baino txikiagoak izango dira beti. Oligopolioek nahi duten prezioa ezartzeko boterea dute. Horregatik, jendea oporretara joan aurretik, abuztu hasieran edo, gasolinaren eta gasolioaren prezioak berriz igoko dira.

Kontrola

Lehia sustatzeko aitzaki hartuta, merkatu librea baino oligopolioek kontrolatutako merkatuak sortu dituzte nunduko gobernu ezberdinek. Horrelako enpresa handi eta indartsuek merkatuaren gainean euren prezioak, euren borondatea inposatzen dute. Eta orain euren indarra erakusten ari dira. Finantza krisiarekin erlazionatuta dauden galerak, edo ondare higiezinekin lotutakoak edo bestelako galerak ezkutatzeko, euren merkantzien prezioak igotzen ari dira etengabe. Aitzakia asmatuko dute.

Politika neoliberalek munstro bat sortu dute: oligopolioak. Horien gutiziak ez du mugarik. Orain, munstro horrek bere sortzailea akabatu dezake. Eta bide horretan, lehenago gainerako guztiok akabatuko gaitu. Amerikako Estatu Batuetako presidente izandako batek esan zuenari buelta emanez, BBVA-rentzat ona dena, ez da ona Euskal Herriarentzat.