-

Bortxaketen kopuru handiena duen herrialdea da Hego Afrika. Hainbeste, haurren artean «Bortxa nazazu-bortxa nazazu» eta «Jo nazazu-jo nazazu» harrapaketaren antzeko jolasak bihurtu direla azkenaldian. Hauxe Giza Eskubideen Batzordeak egin duen salaketa.

2008ko Martxoaren 12a

Umeak elkarren atzetik korrika ateratzen dira eta batak bestea harrapatzen duenean bortxatzearen edota jotzearen itxura egiten dute. «Honek argi adierazten du basakeria zein neurritara igo den eta sexu indarkeria zein barneratuta dagoen Hego Afrikan», argitu du Giza Eskubideen Batzordeak gaur argitara eman duen txostenak.

Poliziaren aurrean 54.000 bortxaketa salatzen dira, baina arlo honetan lanean ari diren hainbat erakundek dio benetan gertatzen direnak bederatzi aldiz gehiago direla. Azken proiekzio hau kontuan hartuta, 48 mlioi biztanle dituen herrialdean minutuero pertsona batek bortxaketa jasaten du.

Aipatu txostenak dionaren arabera, bortxaketen bosten bat ikastetxeetan ematen da eta horietatik asko irakasleen beraiek eginikoak dira.«Sexu erasoak jasan dituzten 1.227 neska ikasleen artean eginiko galdeketak esan du %8.6 irakasleen esku gertatu zela». Ikasle hauen %26ak uste du behartutako sexu harremana ez dela derrigorrez bortxaketa.

Txostenak azkenaldian gehitzen ari den beste gertaera bat jarri du mahai gainean. Ikasle mutilek, ustez homosexualak diren neskak erasotzen dituzte, aurrerantzean ikasleak lesbiana izateari utziko diolakoan.

Giza Eskubideen Batzordearen esanetan Hego Afrikan ikastetxeak beste edozein toki baino arriskutsuagoak dira, lapurretan eta sexu erasoak oso ohikoak baitira bertan. «Adin gutxiko ikasleen artean, 5etik 2k onartu egin du inoiz erasoren bat jasan duela», zehaztu du.