Itoitzen beste hamaika lurrikara izan dira azken egunotan eta dagoeneko hamazazpi izan dira abenduan
Itoitz eta inguruetan hamaika lurrikara somatu dira azken egunotan; hauetatik birek urtegi barruan izan dute epizentroa, Orbaitz herria zegoen lekuan. Geografia Institutuak jaso eta Itoitzeko Koordinadorak jakitera eman dituen hamaika lurrikara hauek pasa den asteazken goizeko 9:24etik atzo arratseko 20:01arte neurtu dira.
2007ko Abenduaren 10a
Gainera, lur mugimendu hauetako lauren epizentroa, hots, guztien %36, urtegitik bost kilometroko eremuan izan da. Handiena larunbatean nabaritu zuten aparailuek, Gorza herrian, eta Richter eskalan 1,7 harrapatu zuen. Lurrikara gehienak ostegunean eta larunbatean izan ziren, bakoitzean hiru izan baitziren.
Hamaika lurrikara hauekin guztira hamazazpi dira abendua hasi zenetik eta urtegia betetzen jarraitzea «sekulako burugabekeria» dela berretsi du koordinadorak. Horregatik, Cristina Narbona Ingurumen ministrari urtegia «behin betirako kontrolpean hustu» dezatela agintzeko eskatu diote, kalte pertsonalak eragingo dituen istripuren bat gertatu aurretik.




