OSASUNA -

Oier Gorosabel

2007ko Abenduaren 07a

Uda partean ahaztu baditugu ere, aspaldian hautsitako hezurrek, artrosiak jota ditugun giltzadurek... «kaixo, hemen nago!» esaten digute hotz eta hezetasunarekin eta, guk, birao batekin erantzuten diegu. Guztiz normalak izan arren, neguko aje horiek ez dira batere gozoak sufritu behar dituzten pertsonentzat. Orain dela gutxira arte -30, 40 urte- gorputzeko min horientzako erremedio bakarra gaztelerazko «ajo y agua» famatuak ziren (izorratu eta agoantatu). Baina Euskal Herria urte gutxitan asko aldatu da -galdetu zaharrei- eta, bizimodu hobearekin, minari aurre egiteko erremedio asko ditugu eskura; gaur egunean, beraz, ez dago zertan sufritu.

Hotz eta hezetasunarekin batera gertatzen den makaltzea azaltzeko argibide fisiologiko konplikatuak eman baditzakegu ere, modu sinplean azaltzen saiatuko naiz. Eguraldiarekin batera, airearen hezetasuna eta presio atmosferiko aldaketak gertatzen dira. Eguraldi «onarekin», presio altuak halako euskarri efektua egiten du objektuengan -gorputz atalak barne-. Eguraldi euritsuarekin, berriz, presio hori txikiagoa da eta, orduan, guri interesatzen zaigun fenomenoa gertatzen da: gerriko batekin presionatutako sabela askatzen den bezala, presio atmosferikoaren euskarriaz askatutako gorputz atala ere zabaldu eta harrotu egiten da bolumen handiagoa hartuz -hezetasunak harrotzea areagotzen du-.

Negu aldean izaten ditugun minen arrazoi printzipala hezurrak eta beraien arteko giltzadurak dira. Askotan kontrakoa eman arren, hezurrak ere materia bizia dira: zelulez osatuta daude, odolak elikatzen ditu eta horrek beraien malgutasuna eta mugikortasuna bermatzen du. Artrosia dugunean, higatutako giltzadurak ez dira behar bezala labaintzen eta elkar igurzten dute; karraskada horiek dira minaren jatorri arruntenak. Goratxoago aipatutako hezetasun eta presio aldaketekin, hezurrak harrotu egiten dira -baita higatutakoak ere, noski-. Horrenbestez, aitzinako egurrezko altzariekin gertatzen den bera gertatzen da: udan ederto ixten den atea, neguan ez da bere lekuan sartzen.

Neguko min horien tratamendu eraginkorrena, bizimodu osasuntsua egitea da. Elikadura egokia, aktibitate fisikoa, lasaitasuna... zaintzen baditugu -prebentzioa alegia-, arazoaren erdia konponduta izango dugu. Horrez gain, giltzaduretako min horientzat lagungarriak izan daitezkeen terapia medikoak ere baditugu. Izan ere, botikak, osagarri dietetikoak... erabilita higadurarekin ematen diren aldaketa biokimikoak oreka daitezke. Azkenik, naturan dauden indar fisikoak ere baditugu; hau da, fisioterapeuten lan esparruan sartzen direnak. Jarraian, sakonago azalduko dizkizuet horiek. Gorputzeko giltzaduretan gerta daitezkeen arazoak asko diren bezala, fisioterapeutek erabiltzen ditugun baliabideak ere ez dira gutxi. Hona hemen horietako batzuk.

Gizakia bezain zaharra izan arren, termoterapiak ez du parerik gorputzaren autosendatze prozesuen pizgarri legez; beroa eta hotza modu egokian erabiliz gero, giltzaduren zirkulazioa hobetu eta bertako prozesu fisiologikoak lagun ditzakegu, mina gutxituz. Esku terapia ere ez da atzo goizekoa. Aitzinako kiromasajetik hasita, menderik mende dozenaka teknika berri garatu dira giltzadura inguruetako gihar eta lotailuen tentsioak leundu eta orekatze aldera. Fisioterapiaren ezaugarri edo ikur diren esku terapia horiek osatzen dute gure lanaren parterik garrantzitsuena. Uhin elektromagnetikoekin ere, giltzaduretako minarengan eragin anitza lor dezakegu: batetik, zuzenean, giltzaduratik garunera doazen minaren bideak anestesiatuz, eta bestetik, zeharka, lehen aipatutako tentsioak gehiago lasaituz eta zirkulazioa hobetuz. Uhin mekanikoak ere aipa ditzakegu: ultrasoinuen edo infrasoinuen maiztasunarekin, profilarekin eta intentsitatearekin jokatuz, eragin oso interesgarriak lor ditzakegu mindutako artikulazioetan, besteak beste hantura edo inflamazioa jaistea, itsatsitako ehunak disolbatzea, zelulen kanpo-mintzaren iragazkortasuna handitzea...

Askoz ere terapia fisiko gehiago daude, noski; gure gorputz mindua gozatzeko erabil ditzakegun eraginkorrenak baino ez ditugu aipatu. Hala ere, berriro esango dugu: prebentzio egokia daramanak ez du beharko ez terapia kimikorik ezta fisikorik ere. Sendagileak laguntzaileak baino ez gara, eta norberaren sendatze ahalmena gainditzen duten kasuetan baino ez ginateke sartu behar.

Amaitzeko, datu bat: azken urteetako osasun aurrerakuntzekin Euskal Herriko biztanleen bataz besteko adina gero eta altuagoa da eta, horrekin batera, giltzaduretako minak ere ugaldu egin dira. Merkatari askok dirua egiteko baliatu dute egoera eta, horrenbestez, non-nahi ikus ditzakegu «masajeak ematen ditugu» lelodun txarteltxoak. Kontuz ibili, masajeak ematea oso erraza baita, baina non, noiz eta nola egin behar den jakitea oso zaila. Higatutako artikulazioen kasuan, maniobra zakar batek kalte asko egin dezake eta ez da komeni osasunarekin jokatzea. Terapia fisikoak egiteko eskumena duen profesional bakarra fisioterapeuta da eta hark bakarrik ziurtatuko dizu diagnostiko zehatza eta arriskurik gabeko tratamendu egokia. Eskurik onenak aukeratu ostean, orduan bai: erlaxatu eta gozatu!