-

Iratxe Esnaola

2007ko Azaroaren 30a

Eten digitala kontzeptu anitza da, esanahi bat baino gehiago dituena. Anbiguotasun horren baitan, ordea, eten digitalaz ari garenean, ezberdintasun sozioekonomikoez eta banaketa ez ekitatiboez hitz egin behar dugu, halabeharrez. Baina anbiguotasun hori, halere, eragiten dion eremu geografikoaren araberakoa da.

Herrialde baten barruan ematen den eten digitalak, herrialde horretako jendartea osatzen duten herritarren artean ematen diren ezberdintasun teknologikoei egiten die erreferentzia. Alegia, herrialde baten barruan jendartearen sektore ezberdinen artean dagoen distantzia teknologikoaz hitz egin behar dugula. Eta hau, teknologiaren eskuragarritasunean eta alfabetazio teknologikoaren terminoetan definitu behar da. Eta paradoxikoa badirudi ere, teknologia-klase diferentzia hau, herri garatuenetan ere eman daiteke.

Herrialde ezberdinen arteko eten digitalaz ari garenean berriz, herrialdeen artean dauden distantzia teknologikoak aipatu behar dira. Ezberdintasun hauek, noski, aurrez existitzen diren ezberdintasun sozioekonomiko eta kulturaletan dute oinarria. Eta beraz, modu orokorrago batean azaltzeko, esan daiteke, kasu honetan, eten digitala Internet eta orohar teknologia berriak ( irratia, telefono mugikorrak, ordenagailuak...) eskuragarri dituzten herrialdeen eta teknologia horiek ez dituzten herrialdeen arteko ezberdintasuna dela.

Baina, noski, faktore kultural, ekonomiko, sozial eta politikoek ere eragina dute herrialdeen arteko ezberdintasunetan, eta beraz, eten digitala, digitala deitu arren, teknologia berriak izan baino lehenagoko ezberdintasunetan oinarrituta dago. Hortik abiatuz, ezberdintasun horiek berak gainditzeko tresna baligarri eta potenteak diren arren, ezberdintasun horiek are indartsuago bihurtzeko gaitasuna ere badute teknologiek.

Esandakoaren ildotik, GARAko iritzi artikulu batean aipatu nuen gaia lehen aldiz. Bertan Nicholas Negroponte, MIT-eko (Massachusetts Institute of Technology) ikerlari eta informatikan adituaren proiektu bat izan nuen mintzagai: XO, hirugarren mundurako ordenagailu merke eta funtzionala. XO izan zen orain dela pare bat urte mundu mailan aurkeztu zuten gisa honetako lehen proiektua. Nabaria izan zen sortu zuen jakinmina. Eta nabaria zen ere informatikaren munduko enpresa multinazionalentzat aukera asko eskaintzen dituen 'merkatua' dela hirugarren mundua. Eta merkatua diot, pobrezia egoeran edo garapen-bidean bizi diren herrialdeak bezero berriak baitira XOren gisako proiektuak diseinatu eta garatu dituztenentzat.

Negropontek XO ordenagailua ezagutzera ematean, `100$eko ordenagailua' bezala aurkeztu zuen, eta OLPC (ordenagailu bat haur bakoitzeko) proiektuaren baitan garatu da. Hezkuntza proiektua da, hirugarren munduko umeen alfabetazio teknologikoa oinarri duena (2008rako munduko 150 milioi umeren eskuetara iritsi nahi dute). Horretarako hezkuntza-helburuak beteko zituen ordenagailu merke bat garatzeari ekin zioten, software librean oinarrituz. Ordudanik, asko hedatu da proiektua bera, eta dagoeneko salgai dago 300 bat eurotan.

Halere, XO ez da garapen-bidean diren herrialdeak helburutzat dituen proiektu bakarra. Hirugarren mundurako ordenagailuen garapen eta salmentari ere lehiakortasunaren zipriztinak iritsi zaizkio.

Txipak garatzen dituen Intel enpresak, inoiz ordenagailurik saldu ez duenak, 'Classmate PC' izeneko ordenagailua garatu du. 400 euro inguru balio ditu eta Windows XP-ren Starter Edition sistema eragilea dakar instalatuta. Marketin kanpaina bortitzak egin ditu Intelek (XOrekiko konparaketa zuzenak eginez), eta egun, Argentinako 10 herritan erabiltzen da. Itxuraz, gainera, 2008ko martxorako Argentinan 8.000 'Classmate PC' funtzionamenduan izatea espero dute.

Microsoft ere hirugarren munduak merkatu bezala duen garrantziaz jabetu zen. Eta hori, paradoxikoki, Negroponteren lan taldearekin akordio bat sinatu bazuen ere. Akordio horren arabera, printzipioz software librearen gainean funtzionatzen duen XO ordenagailuan Windows erabiltzeko aukera adostu zuten. Baina Microsoftek begi bat du interesatzen zaion merkatu bakoitzean. XOrekin akordioa egin arren, Txinan, adibidez, 3 dolarretan saltzen ditu Windows sistema eragilea eta O-ffice pakete ofimatikoa.

ASUS enpresak ere garatu du gisako ordenagailu bat: Eee PC. Honek ere software librearen gainean funtzionatzen du, baina Windows-ekin bateragarria da. 200 euro inguru balio ditu.

Alternatibak badaude, enpresa multinazionalen eskutik badatoz ere. Halere, ezberdintasun sozioekonomikoak teknologien eremutik soilik gainditu nahi izateak ez du berehalako soluziorik ekarriko. Badirudi azpiegitura teknologikoak garapen komunitario iraunkorra ekar dezakeela. Baina ez da horrela, noski. Ezberdintasun horiek pertsonen garapen sozial eta kulturalari egiten diote erreferentzia. Eta egia da, teknologiek garapenean lagun dezakete, ongizate sozialera bidean beren ekarpena egin dezakete, baina noski, ikuspegi teknologikoari, aspektu sozioekonomiko, politiko eta kulturalak ere gehitu behar zaizkio, garapenak diziplina anitzetan eragin behar baitu, iraunkorra izango bada.

Beraz, eten digitala deitu arren, arazoa globalagoa da. Eta horren aurrean, ezinbestekoa da eten digitalean eragiten duten faktore, diziplina eta baliabide guztien parte hartze armonikoa bermatzea, horrela bakarrik lortuko baititugu teknologiek herrien garapenerako ekar ditzaketen onurak.