Haritz Rodriguez
2007ko Azaroaren 09a
Hainbat gai nahastuko ditut gaur zutabeotan, azken asteotan irakurri ditudan albisteen harira. Batetik, jakingo duzue Andoni Sagarna euskaltzain oso izendatzeko ekitaldia egin zutela orain bi aste, Miramongo teknologia parkean. Oso diskurtso interesgarria egin zuen Sagarnak euskarak informazioaren eta komunikazioaren teknologien ingurunean biziraun dezan egin beharrekoei buruz. Bestetik, Arrasateko kooperatiba eraikitzen ari den Polo Garaia teknologia gunean Microsoft enpresak ordezkaritza moduko bat izango duela jakin dugu.
Ez naiz aditua gauza hauetan. Esan nahi dut, ekonomiaren suspertzearen inguruan eta multinazional handien alorrean arrotza sentitzen naiz. Software aldetik ere, gauzak nahiko argi ikusten ditudala uste dudan arren, esango dut ez naizela ausartzen nire ikuspegi «tekno-ideologiko» orokorretik harago iritzia ematen. Alderdi teknikoena ere, maila primarioan dauden oinarrizko xehetasun teknikoak, ez ditut sakontasun handiz ezagutzen. Beraz, ez dakit ziur nire iritzia oso kualifikatua izan daitekeen ala ez. Hala ere, euskararen normalizazioa eta gisa honetako gaiak nahastu izan ditudanean, beti esan izan dut euskarak aurrera egingo badu enpresaritza atalean, alor komertzialetan, finean, egungo ekonomiak oinarrizkotzat dituen eremuetan txokoa bilatu behar duela. Sistema ekonomikoa aldatzen ez den bitartean behintzat. Pragmatismoa da .
Hasieran, zapore gazi-gozoa utz dezake Microsoften inguruko albisteak. «Diario Vasco»n iritzia plazaratu dutenei itsu-itsuan sinetsiz gero, dudarik gabe albiste ona dela pentsatuko dugu. «Gihar-teknologikoa dagoela erakusten du», «Haustura digitalaren aurka egitea du erronkatako bat», «Aberastasuna eta lanpostu gehiago ekarriko ditu»... Nork bazter lezake, beraz, horrelako ekimen bat? Jakina, iritzi horiek Gipuzkoako Aldundiarenak, patronaleko ordezkarienak, gobernukideenak edo gobernuari lotutako ikerketa eta berrikuntza alorreko ekimenenetako arduradunenak dira.
Andoni Sagarna euskaltzainaren diskurtsoak ere badu zer ikusirik gai horrekin. Izan ere, Euskal Herrian hizkuntza naturalaren tratamenduan espezializatutako industria sortzearen aldeko da ingeniari donostiarra. Estrategikoki oso ondo garatutako teoria da berea. Orain arte, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek euskarari onura besterik ez diotela ekarri uste du, baina bigarren iraultzaren atarietan gaude (batez ere Interneti eta komunikazioei lotutako teknologiari dagokienean) eta euskara ez badugu garai berri horietarako prestatzen, bere izaera berezi eta txikiak «harri aroan» geratzeko arriskua indartu dezake. Zer egin, orduan, erronka horiei heltzeko? Sagarnaren ustez, hizkuntzaren teknologien industria sortzea izan daiteke irtenbideetako bat. Hartara, beste edozein hizkuntzatarako ere baliagarri izan daitezkeen tresna berritzaileak sor genitzazke. Jakina, euskaldun izanda, ez genuke euskara ahaztuko eta errentagarritasun globalak, teknologia horiek esportatuz izan daitezkeen irabaziak gure eskutan izanda, bermatuko genuke euskararen garapena alor horretan.
Askoz ere gehiago da Andoni Sagarnaren diskurtsoa, baina laburbildu nahi izan dut, ulerterraz egin eta mamiari heltzeko. Izan ere, Microsoftek Euskal Herrian bere bigarren ordezkaritza (lehenagotik badu Noainen) ireki nahi izatea, jakina, bada Euskal Herrian dagoen «gihar eta behar» teknologikoaren erakusle. Baina beharrezko zaizkigun tresnak Microsofti sortzen utziko dizkiogu, gero horiek erabiltzeko berak nahi dituen erabilpen baldintzak eta murrizketak jar ditzan?
Enpresa eta software librea ez daude etsaituta, norbaitek kontrakoa pentsa badezake ere. Alderantziz, maiz software librea oso interesgarri baita enpresentzat, gastuak murrizte aldera, esaterako. Merkeago eta, segur aski, eraginkorrago egingo litzaieke MCCkoei software librea oinarri hartuta Microsoftek garatuko dizkien aplikazio berberak garatzeko ikerlari talde bat, laborategi bat, sortuko balute. Are gehiago kooperatibari lotutako ikasketa unibertsitarioak egonda. Alegia, laborategi horretan lan egiteko prest dagoen profesional poltsa ezin hobea. Eta, are gehiago, Euskal Herrian egon bai baitaude enpresaren munduari software librearen bitartez heldu dionik. Baina horiek denak baztertu eta handienarengana, boteretsuenarengana eta softwarearen munduan murrizketa eta desoreka gehien bultzatzen dituenarengana jo dute, edo hark jo du berengana. Interesagatik, noski. Beste bidetik lan eginda, badago aukera erreferente izatera iristeko, etxean aplikatutako esperientziak aurrerago beste enpresa batzuetan ezartzeko. Esango nuke horrek bideragarritasun ekonomikorik baduela, ikerketa horien emaitza guztiak Redmondeko enpresaren eskuetan uzteak baino gehiago. InnoBasque, IkerBasque... asko entzun ditut azkenaldian. Nahiago nuke hemen azaldu dudan bigarren aukera horri, softeare libreari, arreta gehiago jarriko baliote, baita enpresaren mundutik ere.
Askoz ere praktikoagoak iruditu zaizkit Elebilak bere bilatzailea garatzeko erabili dituen argumentuak. Tresna bat edo bestearekin lan egiteko prestatua dago, eta, beraz, mendekotasuna ez da hain estua. Mementuz, bideragarriena iruditu zaien hautua egin dute (Windowsekin, bai). Baina aldatzeko aukera aurreikusi dute hasieratik. Irtenbideak aukera eta beharren arabera moldatzea begi honez ikusten dut.
Gomendio bat, bide horretan. Jimmy Wales Euskal Herrian egon berri da. Bada, kontuan hartu ezazue Wikia.




