KOMUNIKAZIOA -

Haritz Rodriguez

2007ko Urriaren 26a

Bilbon egin duten Business Global Conference bilkuran hainbat hitzaldi egon dira marketina, produktibitatea, berrikuntza eta negozio molde berrien inguruan. Enpresaburuak, sektoreko langileak eta hezkuntza mailako hainbat lagun egon dira bi egunetan Euskalduna Jauregian adituen, berritzaile gazteen eta ekonomisten iritziak entzuten. Ibarretxek berriki aurkeztu duen berrikuntza plana presente egon da uneoro. Eta Innobasque ekimena behin eta berriz aipatu da egunotan. Interesgarriak iruditu zaizkidan arren, nahiko gai arrotzak dira niretzat. Baina, akaso afera hauetan jaioa ez naizelako, nire arreta bereganatu dute egin diren irakurketa asko eta askok.

Entzun eta ikusi ahal izan ditudanen artean, Euskal Herrian sortutako Web 2.0 proiektuen aurkezpenak izan dira niretzat aipagarrienak, nahiz eta, "bigarren mailako ekimenak" izanik, apur bat baztertuta geratu diren New York edo Oxfordetik iritsitako hizlariei eman zaien garrantziaren alboan.

Elurnet, Alianzo, Nireblog, Nirudia, NireTv, Niretrad, Nvivo eta Euskaltube izan dira aurkeztu diren 2.0 ekimen horiek. Guztiek izendatzaile komuna badute: ekimen horien atzean jende gaztea dabil. Jende gaztea eta, maiz, tresna horiek garatzeko beren denbora librea baliatzen duen jendea. Arraunlari askok bezalaxe, egunean beste lan batean aritzen den jendea da. Alegia, babarrunak eskuratzeko beste ogibide bat beharrezko duen jendea.

Txakur berdexkak izan gara, beraz, Business Global Conferencen ibili diren gizon eta emakume "trajeatuen" artean. Baina, zer arraio, lehenago ere esan dudan bezala, enpresa eta proiektu txiki horiek aintzat hartzea eskertzekoa baino, gehiago sustatu beharko litzatekeen jarduna da. Eta askoz ere gehiago ere bai, lehenago aipatu ditudan ekimenez gain beste asko ere badirelako Euskal Herrian eta baita euskaraz ere sortzen direnak. Aurrera doan herria baita hau, Lakuako gobernuaren esloganetik harago...

Ikus-entzun ditudan hitzaldien artean interesgarri egin zaizkidanen artean bi aipatuko nituzke. Bata, New York Unibersityko Psikiatria irakasle Luis Rojas Marcosek eskaini zuena, itxiera ekitaldian eta, bestea, Perro Verde Films ekoiztetxeko Manuel Cristobalek eskaini zuena.

Barkatuko didazue, lerro hauek idazterako orduan ostegun gaua da jada. GAUR8ko zierrea gainean dut eta Bilbon wi-fi sarea ezartzen aitzindaria izan omen zen (Galder.net-ek esan dit) taberna batean banago ere, egun ez dago haririk gabeko konexiorik eta, ondorioz, nire dokumentazio zentroa ez dabil. Hankamotz sentitzen naiz... Izan ere, ez dut gogoan txakur berdearen ekoiztetxeak aipatu zuen filmaren izenburua, eta bi egunetan lepotik zintzilik izan dudan akreditazio/egitarauak ez dit gogorarazi nahi. Esan dezaket kakaueteekin egindako lehenengo film luzea dela. Esan dutenaren arabera, fruitu lehorrak protagonista dituen "El Mariachi"ren animazio bertsioa da.

Daltonikoa izanik ere, txakur berdexka sentitu naizela esan dizuet. Baina, egia esateko, gero eta berde lausoagoa dela dirudi. Esan nahi baita, Cristobalek hizlari gisa mahaigaineratu zituen hausnarketak Interneten gabiltzanon erregistrotik oso gertu egon zirela, nahiz eta ikuspegia oso-osorik enpresariala izan. Emaitza: enpresa munduan ere gero eta presentzia nabarmenagoa dute kontsumo ohitura berrietan oinarritutako negozio moldeek.

Labur-labur azaltzen saiatuko naiz. Perro Verde Films-ek azken ekoizpenak oso aintzakotzat hartu baititu kontsumo ohitura berri horiek. Cristobalen hitzaldiak ez ezik, film hori promozionatzeko erabili dituzten baliabideek ere ondo baino hobeto aurrikusi dute ikus-entzunezko ekoizpenen negozioak aurrerantzean kontuan hartu beharko dituen oinarriak.

Duela aste batzuk Radiohead izan bazen musikaren kontsumo ohiturak duen joera negozioaren ikuspegitik ederki aurrikusi zuen taldea, aste honetan Perro Verde Films ekoiztetxeak burutu berri duen banaketa eta marketin kanpaina iruditu zait berritzaile eta eraginkorra. Radioheadek bere azken lana zabaltzeko oraindik ohikoak ez diren bideak hautatu zituen. Laburbilduta, disko osoa debalde jarri zuten deskargatzeko moduan. Nahi izanez gero, borondatea ere ordaindu daiteke musika eskuratzen denean. Aldi berean, liburuxka landua eta beste gehigarri batzuk dituen disko kombentzionala merkaturatu du ohiko zirkuitoetan.

Cristobalek esan bezala, musikarien ogibidearen etorkizuna ez da diskoen salmentatik etorriko ehuneko ehunean. Eta zinemarena ere, segur aski, ez da bide zaharretik iritsiko. Xehetasunez betetako aurkezpenean, filma ekoiztu ondoren egin duten bidea zehaztu zuen Perro Verde Films ekoiztetxeko ordezkariak. Filma zinema areto gutxi batzutan, Interneten eta DVD euskarrietan merkaturatu dute, batera. Eta betiko banaketa moldeetan mugitzen diren etxeekin gogor negoziatu behar izan badute ere, arrakasta nabarmena erdietsi dutela dirudi.

Bi euro eskasengatik pelikula osoa jaitsi daiteke. Nahi izanez gero, zinema areto batzuetan ere ikus daiteke. Hainbat gehigarri dituen DVDa ere eros daiteke, apur bat garestiago. Eta satelite nahiz Lurreko Telebista Digitalaren bitartez emititzen duten zenbait katetan ere ikusgai egon da trailerra. Hori guztia, jakina, aurrera egiteko diru gutxi behar izan duen marketin kanpaina batekin batera.

Zer demontre! Lehenago ere esan dut ez dudala Internet eskura eta ezin dizuedala esan zein den aipagai dudan filma. Baina, egia esateko, lasai asko bilatu dezakezue Elebilan (hizkuntza guztietan bilatzeko aukera hautatu ondoren) Perro Verde Films esaldia. Hor aurkituko duzue hemen esan ditudanen adibide praktikoa. Eta praktikoa ez ezik, negozioen alorrekoa ere. Kontsumo ohiturek behartuko dute ikus-entzunezko industria, negozio molde berrien bila. Merkatua delako agintzen duena, gustatu ala ez.