2007ko Urriaren 26a
Adimen emozionalaren kontzeptua orain dela hamarkada bat baino ez zen egin ezaguna gure gizartean, eta Daniel Goleman-en lanarekin hedatu zen. Adimen emozionalaren kontzeptuak geure berezko sentimenduak eta gainontzekoenak onartzeko, geu motibatzeko eta geure buruarekin nahiz gainontzekoekin ditugun erlazioak egokiro maneiatzeko gaitasunari egiten dio erreferentzia.
Goleman-en hitzetan adimen emozionala horrela defini daiteke: norbere buruaren zein beste inoren sentimenduak antzemateko gaitasuna, geure burua motibatzeko, harremanak era egokian menpean edukitzeko trebetasuna, bai eta emozioak sentitzeko, ulertzeko, kontrolatzeko eta aldatzeko gaitasuna ere. Barnekoak diren arlo psikologikoak ongi aztertzeko eta ezagutzeko gaitasunari dagokio adimen emozionala; hau da, nor bere buruaren bizitza emozionalean murgiltzea, sentimenduak aztertzea, horiek bereizten jakitea, sentimendu horiei izena jartzea, eta jarrera-gida moduan erabiltzea. Adimen emozionala pertsonarteko adimena ere bada; hau da, egoki erlazionatzeko gaitasuna.
Adimen emozionalaren osagaiak honako hauek izango lirateke: autoezagutza emozionalaren gaitasuna, emozioak bideratzeko gaitasuna, nor bere burua motibatzeko gaitasuna, enpatia eta besteengan erantzunak eragiteko gaitasuna.
Lehenengo osagaia, momentu bakoitzean esperimentatzen eta sentitzen denaz ohartzeko gaitasunari, eta horren ondorioz daukan jokaeraren arduraduna dela kontziente izateko ahalmenari dagokio (nire emozioak nireak dira eta ni naiz beraiekin egiten dudanaren arduraduna). Gaitasun hori funtsezkoa da geure burua ezagutzeko eta ezagutza ziurra ematen du erabakiak hartzeko garaian.
Emozioak (beldurra, frustrazioa, amorrua, kulpa, tristura eta antzerakoak) bideratzeko gaitasuna izatea, bizitzak dakartzan zailtasunei aurre egiteko modua da. Emozionalki inteligenteak diren pertsonek badakite sentimenduak onartzen, arlo seguruetan espresatzen eta oreka berreskuratzeko jokatzen. Auto-kontrol horren bitartez, tentsio desatseginetatik aska gaitezke, eta egoera latzei aurre egiteko eta konpontzeko gaitasuna handitu egiten da.
Auto-motibazioa gure helburuen lorpena bideratu edo erraztu dezaketen iturburu edo tendentzia emozionalak aurkitzeko gaitasuna da. Emozionalki inteligenteak direnak baikorrak eta borondate handikoak dira, ez dira zailtasunen aurrean beldurtzen, pazientzia daukate, itxaroten dakite eta lanean jarraitzen dute inporta zaiena lortu arte.
Besteen esperientzia eta sentimenduak ulertzeko gaitasunari dagokionez (enpatia), ezinbestekoa da hitzezkoak eta hitzezkoak ez diren adierazleak dituen hizkuntza emozional zabal baten jabe izatea, besteak zer sentitzen ari diren ulertzen lagun diezagun. Erlazio sozialak ugaritzea ahalbidetzen du eta hainbat aktibitate profesional garatzeko gaitzen du. Aldi berean, sistema kognitiboak, afektiboak eta portaerazkoak indartzen ditu.
Azkenik, besteengan erantzunak eragiteko gaitasunari dagozkion erlazio trebetasuna ondorengo elementuez osatuta dago: komunikazio-trebetasuna; autoafirmazio-trebetasuna, edo norberak besteengan dituen ikuspuntuak eta eskubideak defendatzeko gaitasuna; gatazken irtenbidea, hau da, gatazkak era egokian gidatuz, desadostasunak argitara ateraz, tentsioaren gorakada ekidinez eta adostasun-puntuak bilatuz, limurtze-estrategia eraginkorrak negoziatzeko gaitasuna; eta, laguntasun trebetasuna, hau da, aurre hartzeko gaitasuna, beste pertsonen beharrak antzematea eta asebetetzea, eta beren ongizateari laguntzea.
Urte askotan pentsatu izan da pertsona arrakastatsuaren ezaugarririk garrantzitsuena gaitasun intelektual handia edukitzea dela; hau da, inteligentzia akademikoa, baina iritzi hori ez dator bat errealitatearekin.
Azken ikerketen arabera, gaurko umeak eta gazteak duela 50 urtekoak baino azkarragoak dira inteligentzia akademikoan, baina, hau paradoxa hau, era horretako gaitasunetan gora egiten duten bitartean, emoziozko adimenean eta gaitasun sozialetan makalduz doazela igartzen da.
Hortik dator adimen emozionalari eman behar zaion garrantzia, baina, ahaztu barik inteligentzia mota biak direla inportanteak garapen pertsonal egokia lortzeko.
Ondo hazitako eta ondo hezitako umeak, gazteak eta helduak behar ditu gure gizarteak. Gizakiaren jokaera aztertzen dugunok badakigu pertsona izatea, adimen intelektual handia edukitzea baino garrantzitsuagoa dela. Hezkuntza arloan egindako ikerketek diotenez, arrakastaren %20 adimen intelektualari esker da eta %80 adimen emozionalari esker. Adimen intelektuala eta adimen emozionala ez dira kontrakoak, ezberdinak baizik.
Bukatzeko, adimen emozionala, txiki-txikitatik, sustatzeko zenbait gomendio:
Lagun diezaiogun umeari zer sentitzen duen adierazten; umeak jokaera desegokia erakusten duenean galde diezaiogun nola sentitzen den eta konturatu ote den egin duenak nolako ondorioak ekarri ahal dituen; lagundu sentimendu ezkorrekin; aintzakotzat har itzazue beti umearen emozioak, errespetatu behar ditugu, sekula ere ez alde batera laga; umeak ziurtasun osoa eduki behar du gurasoengan, argi eta garbi sentitu behar du ulertu egiten diotela eta onartu egiten dutela; irakatsi besteei entzuten, epaitu gabe, iritziak onartuz nahiz eta ez egon ados; entzun dezagun arretaz umeak esaten diguna, ikus dezala guretzat ere berarentzat besteko garrantzia daukala berak esandako guztiak; batzuetan hitzik egokienak, ahoz esaten ez diren horiek guztiak izaten dira; eta, erabakiak hartzen irakatsi, ereduen bidez, imitazioa baita umeak garapen egokia lortzeko daukan tresna nagusia.




