2010 urtetik aurrera, 175 milioi haurrek klima aldaketaren ondorioz hondamendi naturalak pairatuko dituzte Save The Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak gaur, pobreziaren aurkako egunean, aurkeztutako txostenean adierazi duenez.
2007ko Urriaren 17a
Bi urte barru ingurugiro arazoak direla eta egokitu gabeko 50 milioi pertsona egongo dira mundu osoan, gehienak haurrak, eta urte gutxiren buruan 175 milioi adin txikikok klima aldaketaren ondorioz hondamendi naturalak pairatuko dituzte, Save The Children nazioarteko GKE-k 'Hondamendidun etorkizuna?' izeneko txostenean dionez.
Hondamendi naturalak %15 gehitu ziren 2005 eta 2006an, eta denak klima aldaketari egozterik ez badago ere, kaltetuen %98 sortzen dituztenak tenperaturen igoerarekin zuzenean erlazionaturik daude.
Beraz, erakundeak gobernuen «inongo aitzakiarik ez duen pasibitatea» atzean utzi beharra dutela dio eta hondamendiak ekidin edota berauek sortzen dituzten kalteak gutxitzeko martxan diren programetan diru gehiago sartzeko eskatu du.
Horrela, 2020an «Afrikan 250 milioiraino iritsi daiteke ur eskasiari aurre egin beharko dioten pertsonen kopurua». Mende erdirako, nahiko euri egingo ez duenez, mila milioi izango dira ur edangarri gabezia jasango dutenak.
Era berean, erakundeak ingurugiroarekin eta batipat urarekin erlazionaturiko malaria bezalako gaixotasunak pairatzeko arriskua %45etik %60ra gehituko da mundu osoko populazioan.




