Haritz Rodriguez
2007ko Urriaren 12a
Meme» bat ahoz aho, edo blogez blog, zabaltzen den mezua da. Oro har, blogari batek hasi eta beste batzuei jarraitzeko aukera ematen die. Maiz, aldarrikapenen inguruan izaten dira «meme»ak.
Joan den astean, hainbat ordezkari independentista Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu eta kartzelatu dituztelako, zenbait blogari euskaldunek «meme»a abiaraztea erabaki zuten. Manifestu laburrarekin bat egin eta mezu katea jarraitu nahi izanez gero, nahikoa da blogean edo web orrian «freebatasuna» hitza idaztea. Hartara, zenbatu egin daitezke hitz hori erabili duten blogak, eta salaketa kanpainaren oihartzuna neurtu egin daiteke sareak eskaintzen dituen tresnak erabiliz.
free-batasuna.blogspot.com gunean egin zuen «meme»aren erantzunaren jarraipena eta, ordu gutxiren buruan, Interneteko blog bilatzaile garrantzitsueneko (Technorati.com) hitz bilatuena bihurtu zen «freebatasuna». Batzuek garrantzia kendu nahi izan diote kanpainari, eta beste batzuek argibideak eskatu dituzte Technoratiko afera horren benetako garrantziari buruz.
Imanol Murua kazetariak honakoa galdetu zuen bere blogean (www.berria.info/blogak/imanol), adibidez: «Ez dakit arrakasta horren tamaina zein den, Technoratiko sailkapenean aurrena egoteak zer esan nahi duen, mezuaren zabalkundearen neurriari dagokionez. Ea azalpen argigarririk ematen diguzuen kontu hauetan jantziago zaudetenok. Eta ea bidegabekeria honen aurkako mezuak bidea egiten jarraitzen duen».
Blogek eskaintzen duten aukerari heldu eta Muruari erantzutea erabaki nuen. Eta gaur azalpen hori berreskuratu nahi nuke. Izan ere, informazio hau ixterako orduan 157 blogetan ageri zen «freebatasuna» hitza technoratiren arabera. Zenbaki horri «freebatasuna»k izandako arrakastaren ondorioz hitz hori beren blogetan paratuz irakurle-ikusleak bereganatu nahi izan dituzten hainbat blog pornografiko kendu behar zaizkio. Eta Technoratik sailkatzen ez dituen beste hainbat batu. Beraz, nola neur dezakegu kanpaina honen arrakasta edo porrota?
Imanol Muruak arrazoi apur bat bazuen. Nire ustez dut bi parametro neurtu behar baitira kanpaina honen inguruan. Bata, mezuak zer nolako zabalpena izan duen, alegia, zenbat jendek ikusi edo irakurri duen. Bestea, zenbat jendek edo blogek egin duten bat kanpainarekin. Lehenengoarekin esango dut arrakasta itzela izan dela. Alegia, zenbat jenderengana ailegatu den mezua.
Technoratik agian hori irudika dezake bere bilaketen lehenengo postuan hainbat ordutan «freebatasuna» hitza edukita. Jakina, ez du esan nahi Technoratin «freebatasuna» hitza bilatu duten guztiek kanpainarekin bat egiten dutenik. Baina hitzak berak (joan den astera arte ez zegoen sarrera bakar bat Interneten) eta kanpainak izan duten oihartzunaren erakusle da datu hori.
Zergatik pasatu da Technoratiko lehenengo postuetara? Bada, leku askotatik (GARA.net gunean eta «freebatasuna» blogean bertan) bilaketa horretara egin dira loturak. Technorati baita tresnarik onenetakoa horrelako gauzen jarraipena egiteko. Bestalde, Technoratiko azalean agertze hutsagatik ere hainbat lagunen arreta bereganatu zuen aipatutako hitzak.
Lagun batek esan dit Technoratin lehenengo postuan egotea ez dela hainbesterako, puztutako datua dela. Beno, hemen azaldu dugu zergatik iritzi deizaiokeen nire lagunak puztuta dagoela.
Hark, kanpainaren erantzuna «freebatasuna»rekin bat egin duten webgune kopuruaren bitartez neurtzen du. Nik zera esango dut, biak ala biak ere nahiko arrakastatsuak izan direla. Hogeita lau orduan baino gutxiagoan 60 bat blogarik eta webgunek egin zuten bat eta idatzi zuten «freebatasuna» hitza.
Bestalde, nire ustez Technoratiko bilaketetako lehenengo postuetan egotea bada marka. Izan ere, ekaina aldera, Hazruido.org lehiaketak blogen posizioamendu edo kokatzearen inguruan «habitaquo» hitza asmatu zuten. Denbora laburrean, Technoratiko hitz bilatuena bilakatu zen. Eta lehiaketaren sustatzaileek zera nabarmendu zuten, oker ez banago: «Hitz espainol bat lehenengo aldiz Technoratiko bilaketen lehenengo postuan».
Haiek hain garrantzia handia eman baldin bazioten, lehiaketa atolatu zutelako izan daiteke. Baina oihartzun handia izan zuen ekimen hark ere. Eta «freebatasuna»ren kasuan, zer esanik ez. Euskaraz, edo euskanglishez, idatzita dagoen hitz bat Technoratin lehenengo postuan egotea ez da, gero, ahuntzaren gauerdiko eztula.




