-

Lehengusu batekin hasi zen margolari ofizioa ikasten. Brotxa loditik brotxa finera pasatu zen gero. Dekorazio pinturaren inguruko munduko eskola onenetan aritu da eta, egun, hori du bizibide victor goikoetxea muralistak

Amagoia Mujika

2007ko Urriaren 12a

Brotxa lodiko margolaria izatetik brotxa fineko muralgilea izatera pasatu da Victor Goikoetxea. Aitak bultzatuta hasi zen margolari ofizioa ikasten, hamabost urte ere ez zituenean. Gaur egun, 42 urte dauzka eta mural panoramikoak egiten ditu, hori du bizibide. In Fraganti harrapatu dugu Hernanin daukan estudioan. Tolosako kultura elkarte baterako mural bat hasi berri du, hiru metro luze eta sei metro zabal den mural izugarria. Oihaletik metro pare bat aldenduz gero, apenas somatzen diren arkatzarekin egindako lehen lerroak. Muralera gerturatuz gero, berriz, azkar ikus daitezke lerro perfektuak, eta muralak zentzu gehiago hartzen du. Hiruzpalau astean amaitzea espero du. Eta dagoeneko zain ditu beste zenbait enkargu, Donostiako Udalerako bat, Galizian hitzartutako beste bat... urtean laupabost mural panoramiko egiten ditu, eta ez zaio lanik falta. «Hemen inguruan mural panoramikoak egiten ditugun margolari oso gutxi gaude eta, horregatik, beti izaten dut enkarguren bat», kontatu du.

Victor Goikoetxearen ibilbide artistikoa bitxia izan da. «Margolaria zen lehengusu bat neukan eta aitak harekin lanera bidali ninduen 13-14 urte nituela, ofizioa ikas nezan. Lehengusua arotza izan balitz, akaso, orain, ni ere arotza izango nintzen. Auskalo». Berez Urretxun jaioa da, baina Hernanira etorri zen lanera, eta bertan bizi da gaur egun.

Hasiera hartan, brotxa lodiko margolari batek jarraitu ohi duen bidea jarraitu zuen Victor Goikoetxeak: «Ikastun hasi nintzen, enpresa batean aritu nintzen ondoren eta, azkenean, neure enpresa jarri nuen martxan. 25-26 urte nituenean enpresatxo bat nuen, laupabost langilerekin, eta margolari lanetan aritzen nintzen, brotxa lodiarekin alegia. Hori bai, gauza berriak probatzea gustatzen zitzaidan, beti nenbilen saltsan», gogoratu du. Bera hasi zenean, margolariak oso modu artisauean eta eskuz egiten zuten lan. «Margolariak artisau handiak ziren, artista handiak», gogoratu du.

22-23 urte zituenean ezagutu zuen Felix Rincon, bere bidea erabat aldatu eta markatu zuena. «Arte Ederretan doktorea da Felix Rincon, eta Hernanin ikastaroak ematen zituen garai hartan. Nire etxetik oso gertu eskaintzen zuen ikastaroa eta, horregatik, izena ematea erabaki nuen», kontatu du Victor Goikoetxeak. Oso gogoan dauka lehenengo klase eguna. «Iritsi eta Felixek papera eta ikatza eman zizkidan. Zerbait marrazteko agindu zidan, eta nik ideiarik ez neukala esan arren, berak, baietz, egiteko zerbait. Klaseak iraun zuen ordu eta erdian ez zen nigana gerturatu. Amaitzerakoan, ez zekiela noiz eta nola, baina nik bizimodua artetik atera nezakeela esan zidan. Erotuta zegoela pentsatu nuen. Nahiko lan neukan nire enpresaren gorabeheerekin».

Laguntasun handia sortu zen Victorren eta Felixen artean. «Nire bezeroei muralak egiteko aukera eskaintzen hasi nintzen, eta Felix etortzen zen muralak egitera. Behin eta berriz esaten zidan lantxo horiek nik egiteko. Berak piztu zuen nire gogoa eta azkenean ikasi egin behar nuela erabaki nuen». Parisera joan zen orduan, han badagoelako pintura muralistaren eta errealistaren inguruko unibertsitate karrera. «Ingurukoek erotuta nengoela esaten zidaten, ea nola utziko nuen dena ez dakit zer ikastera Parisera joateko. Aurreztutako diruarekin auto bat erosteko eta Kubara bidaia egiteko aholkatzen zidaten. Nik, ordea, oso garbi neukan probatu beharra neukala».

«Ez nekien frantses zipitzik. Parisko eskolara informazio bila joan ginen Felix, ni eta frantsesa zekien nire lehengusu bat. Hendaian hartu genuen trena gauez, goizeko 7:00etan iristen ginen Parisera, eskolaraino joan ginen korrika batean eta, hara iritsitakoan, frantsesa jakin gabe ez nindutela onartuko esan zidaten. Ezezkoa entzun eta bueltan etxera». Hiru aldiz joan ziren Parisera eta, azkenean, eskatzearen eskatzeaz, onartu egin zuten Victor Goikoetxea eskola hartan. Hori bai, gainontzeko ikasleen martxa ez zuela etengo esanaz klausula moduko bat sinatu behar izan zuen.

«Hasiera oso gogorra izan zen frantsesa ez nekielako. Eskolan diziplina handia geneukan, ordu asko ematen genituen eta gauetan hizkuntza ikasten saiatzen nintzen». Urtebete igaro zuen Parisen IPEDEC zentroan ikasten. Handik bueltan, muralista bezala lanik ez zegoenez, berriz bueltatu zen margolari lanetara, brotxa lodira. Baina, handik aurrera bere buruari agindu zion «zerbait berezia» zuten lanak bakarrik hartuko zituela, «nik zati berezi hori egiten nuen, eta nire laguntzaileek egiten zuten gainontzekoa, ohikoagoa zen lana. Lan horietatik ateratako diruarekin berriz joan zen Bretainiako Guegan institutura. Dekorazio-pinturaren arloko zentro onenetakoa da Bretainiakoa.

«Mundu guztiko hamabi bat lagun ginen zentroan eta eguna ikasten ematen genuen, goizeko 6:00etan hasi eta iluntzeko 21:00ak arte. Oso gogorra izan zen», gogoratu du Goikoetxeak.

Bretainiatik bueltan lanean jarraitu zuen, «gero eta lan bereziagoak eta hobeak egiten nituen. Baina zenbat eta gehiago aritu, orduan eta hutsune handiagoak somatzen nizkion neure buruari. Berriz lan egin, aurreztu eta Parisera itzultzea erabaki nuen, pintura muralaren inguruko espezializazio bat egitera». Italiako Toscanan izan zen ondoren, han ere ikasten. «Hamar urtean jarraian margolari lana eta prestakuntza txandakatu ditut. Ikasten jarraitu ahal izateko egiten nuen lan, aurreztu eta benetan gustatzen zitzaidana egin ahal izateko».

Gaur egun muralista da, dekorazio pintura errealista egiten du eta hori du bizibide. Enkarguz egiten du lan, eta uste baino jende gehiagok eskatzen dio muralen bat egiteko.

Lehen lana Titanic fundazioak eskatu zion. «Paristik bueltan erakusketa bat prestatu nuen Hernaniko kultur etxean. Dei bat jaso nuen bat-batean. Titanic fundazioko kide bat zen, Hernanikoa bera, eta esan zidan fundazioko Kataluniako bazkideak hurrengo egunean etortzekoak zirela nire erakusketa ikustera». Titanic itsasontziko eskaileraren mural bat egiteko eskatu zioten, benetako elementuak kontuan hartuta, ez baitago eskaileraren irudi benetakorik. Lau hilabete eman zituen hamabost metro koadroko mural hura egiten.

«Lehen lan harekin mural handi eta konkonplexu bat margotzeko gai nintzela ohartu nintzen, eta aurrera jarraitzeko indarra eman zidan», kontatu du artistak.

Lehen lan hartatik, geratu gabe dabil. «Arkitekto eta dekoratzaile dezenterekin egiten dut lan. Denda askotarako muralak ere egin ditut, eta badira partikularrek egindako enkarguak ere». Egin duen azken lana Hernaniko familia batek eskatutako mural izugarri bat izan da, azken egunetan Udalean ikusgai izan dena. Herriko paraje eta txoko esanguratsuenak bildu ditu Goikoetxeak mural horretan. Goikoetxeak egin izan ditu 4.000 euroko muralak, baita 18.000 eurokoak ere. Eskatu dioten gauzarik arraroena?, «gizon batek ohe gainean, sabaian, biluzik zegoen emakume beltz bat margotzeko eskatu zidan eta egin nion. Nahikoa arraroa da, ezta?».