Ordenagailuz beteriko XXI. mendeko kobazulo bilakatu da aste honetan Gernikako Astra gaztetxea. Atzo abiatu zen bertan Hackmeeting edo Hackelarrea, ekintzaile teknofiloen topagunea.
Haritz Rodriguez
2007ko Urriaren 12a
Garai batean Astra etxeak Gernikan armak egiteko erabiltzen zuen eraikina, egun, gaztetxea da. Urte osoan kontzertuak, antzerkiak, hitzaldiak, tailerrak, eta abar egiten dituzte bertan. Atzo, baina, bestelako bilkura baterako topaleku bilakatu zen. Hackelarrea egiten ari baitira Estatu espainoletik iritsitako hainbat «hacktibista».
Euskal Herrian lehenagotik ere egin dira Hackmeetingak, eta tokiaren arabera izen ezberdinak hartu dituzte. Leioan 2001ean egin zenak Leioa01 izena zuen, eta 2003an Iruñean egin zenak, Hackuña. Oraingoan, hackerren Zugarramurdi bilakatu da Gernika.
Atzo hasi eta bihar arte, Internetekin, teknologiarekin eta kultura librearekin harremana duten hainbat gai jorratuko dituzte hitzaldi, mahai-inguru eta tailer ezberdinen bitartez. Hackmeetingak ekitaldi irekiak dira, oso-osorik. Izan ere, edonork proposa ditzake interesekoak zaizkion gaiak eta bere burua aurkez dezake eztabaidak antolatzeko edo gidatzeko. Horretarako, wikia erabiltzen du tresna gisa Hackelarrek.
Zer da?
Antolatzaile/parte-hartzaileen esanetan, «Hackmeetinga topaketa libre eta autogestionatua da. Teknologia berriak eta beren eragin sozialak, jakintzaren eta teknika ezberdinen joan etorri askea, pribatutasuna, talde sorkuntza, gatazka telematikoa eta beste hainbat dira jorratzen diren gaiak. Ekitaldi honek ezaugarri bat badu; antolatzaile eta partehartzaileen arteko berdintasuna, alegia».
Hackmeeting-ak antolatzeko, Internet erabiltzen dute nagusiki parte hartzaileek. Koordinazioa, antolaketa eta eztabaida wikiaren bitartez egiten dira. Gainera, posta zerrenda bidez ere trukatzen dituzte ideiak, eta IRC kanala dute (txat modukoa) komunikazioa bideratzeko: www.irc.freenode.org zerbitzarian, (hackmeeting kanala).
«Ezagutza gizarteratu eta askotariko esperientziak partekatzeko topaketa autogestionatua da. Ez da party bat [Euskal Encounter izan daitekeen bezala], ez dago antolatzaile edo gonbidaturik, definizioz dinamikoa da eta eta nahi duen orok parte har dezake. Izaera berezia du ospatzen den lekuaren arabera, eta berau ulertzeko nahiz bizitzeko modu oso ezberdinak daude», gaineratu dute Wikian.
Tailerrek, mahainguruek eta hitzaldiek osatzen dute nagusiki aurtengo Hackelarrea, baina beste gauza batzuetarako tartea ere izan ohi da. Esan bezala, nahiko antolaketa espontaneoa du Hackmeetingak eta, horregatik, ideiak suertatu ahala ixten da egitaraua. Esaterako, Gernikan barrena bisitaldi gidatua antolatu dute biharko: Juntetxea, Gernikako Arbola eta faxisten bonbardaketak suntsitu ez zituen eraikinak erakutsiko dizkiete bertaratzen direnei. Umorearentzako tokia ere badago. Wikian irakur daitekeenez, Gernikako piper famatuak jateko aukera ere izango da, «nahiz eta aukera hori oraindik ixteke dagoen».
«Guztiak software librearen filosofia eta jakintzaren zirkulazio librea du oinarri. Ziber-eskubideen defentsak ere badu lekua, baita sormen lanek eta teknologiak eragile sozialetan duen garrantziak ere», gaineratu dute Wikian.
2000. urtetik
Hackmeetingak 2000. urtetik egiten dira Estatu espainolean. Bartzelonakoa izan zen lehenengoa, «HMBCN» izenburupean. Euskal Herrian egin direnez gain (Leioa eta Iruñean), 2002an Madrilen izan zen «MaDHacK» izenburupean, 2004an «HackAndalus» Sevillan, 2005ean «hm<k'05» Menorkan eta 2006ean Hackiluro Santiagon (Galizia).
Ehunka lagunek parte hartu ohi dute Hackmeetingean eta aurten ere Gernikako Astra gaztetxera jende andana gerturatzea espero da, antolatzaile/parte-hartzaileen arabera.




