-

Iragan igandean Munduko Rubik Txapelketa jokatu zen Budapesten. Yu Makayimak,16 urteko gazte japoniarrak, irabazi zuen. 12,5 segundoan osatu zuen koloretako puzlea.

Haritz Rodriguez

2007ko Urriaren 12a

Haurtzaroan, denok izan dugu gure eskuetan Rubik izeneko kubo koloretsua. Beste kontu bat da inoiz (baita heldu bihurtutakoan ere) puzlea osatzea lortu dugun ala ez.

1974. urtean asmatu zuen Erno Rubik hungariarrak eta, bere jaioterrian, Budapesten, egin zen iragan igandean Munduko Txapelketa. 300 lagun baino gehiago lehiatu ziren, tartean, David Calvo bilbotarra. Estatu espainoleko txapelduna da eta kuboa 13,96 segundoan osatzea lortu izan du. Baina Budapestetik txapelik gabe itzuli zen. Irabazlea Yu Makayima japoniarra izan zen. 16 urterekin, 12,46 segundoan osatzea erdietsi zuen.

Lehiakide gogorrak

Makayimak kubo klasikoaren sei aldeak (3x3koa) 12,46 segundoan txukundu zituen, Andrew Kang estatubatuarraren eta Mitsuki Gunji herrikidearen aurretik. Munduko errekorra Thibaut Jacquinot frantsesaren eskuetan dago, 9,86 segundoan osatu baitzuen kuboa joan den maiatzean.

Erno Rubikek asmatu zuenetik, aldaera ezberdinak izan ditu kubo famatuak. 3x3koa da ezagunena, baina aurpegi bakoitzeko 4x4 edo 5x5 laukitxo dituztenak ere badira. Jakina, zenbat eta laukitxo gehiago, orduan eta zailagoa da osatzea.

Aurpegi bakoitzean 16 eta 25 laukitxo dituzten kuboen kategorian Matyar Kuti hungariarra gailendu zen, eta Anssi Vanhala finlandiarrak ere eraman zuen saririk. 49,33 segundoan batu zituen kolore guztiak... oinekin!

Euskal herritarrik ere izan zen joan den asteburuan Budapesteko txapelketa. Dabid Calvo bilbotarrak, Estatu espainoleko txapeldunak, 13,96 segundoan egitea lortu du. Baina esku hutsik itzuli da oraingoan Hungariatik. 21 urte ditu eta Telekomunikazio ikaslea da.

Osabarengandik omen datorkio zaletasuna, Calvok berak egunotan aitortu duenez. Haurra zenean, Euskal Herriko camping batean zegoela, kuboa utzi zion denborapasa legez osabak, eta ordutik ekin eta ekin aritu da, 13 segundoan osatzea lortu arte! Baina beste trebetasun batzuk ere garatu ditu: «Esku bakarrarekin osatzeko gai naiz, bestearekin malabareak egiten ditudan bitartean».

2005ean aurkeztu zen lehenengo aldiz David Calvo txapelketa batera, eta bigarren geratu zen. 2005ean erdietsi zuen bere errekor pertsonala eta Estatu espainolekoa. Mundukoari gertutik jarraitzen dio, hiru segundo eskaseko aldea baino ez. Nork daki, agian noizbait lortuko du hori ere gainditzea.

«Sariak irabazten hasi nintzenetik bizitza asko aldatu zait», aitortu du Calvok. «Asko bidaiatu dut, baita jendea andana ezagutu ere. Telebistarako iragarkiak egin ditut, eta Rubik kuboaren onuren inguruko hitzaldiak ematen ditut.

Haurtzaroan kuboa osatzeko gai izan ez zirenek (edo behar adina denbora hartu ez zutenek) egun badute aukerarik. Izan ere, Interneten «ikastaro» eta gida ugari topa daiteke. Zenbat denboran egin, hori da erronka...