-

Joxean Agirre

2007ko Urriaren 12a

Lau gela liburuz beteta zituen Jose Antonio Arana Martixak Gernikako etxean eta, beste etxe batera joan denean, Euskaltzaindira eta Eresbilera eraman ditu. Sei mila liburu utzi ditu, esaterako, lehen erakunde horretako liburutegian.

Inazio Mujika Iraolak, Alberdania argitaletxeko arduradunak, ederki definitu zuen bere egoera: «Liburuekin dibortziatu behar izan dut, emaztearekin jarraitzeko». Oraingo etxean, beharrezko liburuak baino ez dauzka; gainerakoak lehengo etxean utzi ditu.

Hala dabiltza gehiago ere. Iñaki Urdanibia Donostiako Aieten bizi da, eta etxepean salgai jarritako areto zabala erosi behar izan zuen etxekoak isilarazteko. Areto hori liburuz mukuru dauka. «Zuek etorri behar zinetela eta, txukuntzen aritu naiz», esan zigun.

Jon Odriozolak gela bat hartu du Bergarako Lamaño-Etxeberrin, eta han sartzen da bakarrik egon nahi duenean.

Inazio Mujikaren ustean, liburuak pilatzen dituztenak bildumazaleak dira. «Ez dakit gaixotasuna den, baina nik ezin dut libururik bota, eta bota beharra izan dudanean bigarren eskuko liburudendetara eraman izan ditut. Gure gurasoei ogiarekin gertatzen zitzaiena gertatzen zait niri ere», esan zuen.

«Bitartekoak izanez gero, askoz diru gehiago gastatuko nuke liburutan, baina, seme-alabak daudenez, zaletasunok bigarren mailakoak dira. Azken liburu zaharra orain urtebete erosi nuen, Jean Etxepareren `Buruxkak'. Lehen edizioa da; zentsuragatik atera gabe utzi zuena. Horrelako ale bat aurkitu eta erosi egin nuen», esan zuen. Hautsak kentzea eta hezetasunetik babestea da liburu zaharrek ematen duten lan bakarra. «Denbora eta dirua banitu, koadernatu egingo nituen gehienak, baina horrela ere gustatzen zaizkit», esan zuen.

Iñaki Urdanibia

Hemezortzi urterekin hasi zen liburuak pilatzen. «Politikari lotutako liburuekin hasi nintzen. Vietnamgo gerrarekin, Bertrand Russellen «Gerrako krimenak» liburuarekin eta antzekoekin hasi, eta marxismoaren adar guztiekin eta anarkismoarekin jarraituta, politika izan nuen hasieran ardatz nagusi», esan zigun etxeko soto ikusgarria liburuz beteta duen Iñaki Urdanibiak. 1972an espetxean egon zen eta gero erbestera jo zuen.

«Frantsesa debekatutako liburuak irakurtzeko ikasi nuen. Proudhom-en liburuak hizkuntza horretan irakurri nituen, baita Engelsenak ere, hiztegia alboan eta irudimena erabilita. Gurasoen etxean hasi nintzen liburuak pilatzen eta, gero, patinak jantzi nituenean, batetik bestera ibili behar izan nuen nire liburuekin. Dena den, liburutegi hau geroago handitu da asko, patologikoki handitu ere. Hasiera hartan, literatura irakurtzea debekatu egiten nion neure buruari, denbora alferrik galtzea zela uste nuelako. 1976an itzuli nintzen erbestetik, Franco hil eta laster, eta orduan hasi nintzen abanikoa zabaltzen eta literatura erosten», esan zuen.

Zuzenbide ikasketak egiten ari zenean, gaztetan, fabrika batean lanean hasteko erabakia hartu zuen, eta, 30 urterekin, erbestetik itzuli eta Filosofiako ikasketak hasi zituen. «Ordurako, pixka bat, politika albo batera uzten hasita nengoen, eta filosofia neure kasa egin nuen hiru urtean. Materialismo dialektikoaz asko nekien arren, gainerakoaz ezer gutxi nekien, eta adin horrekin bete-betean sartu nintzen. Filosofiarekin literatura asko irakurtzen hasi nintzen. Nobela on batek eskuliburu askok baino gehiago erakusten zuela ikusi nuen, eta liburutegia beste arlo batzuetara zabaltzen hasi nintzen», jarraitu zuen. «Niri dena kontrolatzea gustatzen zait, eta barruan dena ulertzen saiatzeko grina daukat. Testurik zailenei ere inolako prestakuntzarik gabe egiten diet aurre», esan zuen.

Erbestetik itzuli eta gero, panfletoak egiten zituen inprenta bat birmoldatu eta hura negozio iturri bihurtzen ere saiatu zen. «Ni jarri ninduten hura zuzentzen, eta porrot egin genuen», gogoratu zuen. Orain Filosofiako irakaslea da Irungo institutu batean eta, dioenez, ez du parekorik gai bat bestearekin lotzerakoan eta hainbat orduz hitz egiten egoterakoan. Irakurtzeko astia? «Ordubete libre dudanean, Hendaiara joan eta zerbait erostea gustatzen zait. Arratsalde libre batzuk ere baditut, eta institutuko liburutegian egon ohi naiz irakurtzen», esan zuen.

Ez ditu inoiz zenbatu, baina 6.000 liburutik gora izango ditu etxeko sotoan. «Etxean beste mordoska bat badut, baita Hendaiako etxean ere. Hau irakurle konpultsibo baten liburutegia da, eta pena emango zidan ni desagertutakoan hau guztia alferrik galtzeak. Koldo Mitxelenara edo Artelekura eramateko hitz egin beharko nuke, nahiz eta heriotzarekin pentsatzen hasteak pereza pixka bat ematen duen», esan zuen.

Jose antonio Arana Martixa

Ehun eta berrogeita hamar metro koadroko etxe handi batean bizi izan da Jose Antonio Arana Martixa Gernikan. «Etxe horretako lau gela liburuz beteta neuzkan. Beste etxe batera bizitzera etorri ginenean, seme-alabei galdetu nien ea bakoitzak bere arloko liburuak eraman nahi ote zituen eta ezetz esan zidaten aho batez; liburutegi hori, bere horretan, erakunde bati eman behar niola. Eta zer erakunde aproposagorik nik neuk hogei urtez lan egin dudan Euskaltzaindiko liburutegia baino?», esan zuen. Etxe horretatik 255 kutxa liburuz beteta atera zituzten Euskaltzaindira eramateko. Jose Antonio Arana Martixaren bizitza liburuei lotuta egon da. «Hamabi urterekin joan nintzen seminariora eta 14rekin liburu artean nenbilen, Andres Ibañezekin Artean eta Andres Mañarikuarekin Gasteizen. Ni laguntzaile soila nintzen, paketeak eraman eta ekarri ibiltzen nintzen, baina liburuekin maitemindu egin nintzen. Hamasei urterekin utzi nuen hura eta, ordurako, autore klasikoak erosten hasita nengoen. Orduan, bi drama idatzi nituen gazteleraz eta bertsotan. Euskararekin harremanetan, Bilbon, Ekonomia ikasten hasi nintzenean jarri nintzen», kontatu zuen. Falta zitzaizkion Batxilergoko hiru urteak batean egin eta Valladolidera joan zen errebalida egitera. Ohorezko matrikula atera zuen. «Azterketa bezperan, kaletik nindoala Austral bilduma ikusi nuen liburudenda batean. Begira jarri eta hara non ikusten dudan Miguel Angel Bonarrotiren biografia. Ezin izan nion gogoari eutsi eta erosi egin nuen. Biharamunean, `A ver qué nos dice usted de Miguel Angel Bonarroti' galdetu zidaten. Hala, normala da matrikula ateratzea», esan zuen Arana Martixak.

Azkue liburutegiko liburuzaina ere izan zen hogei urtez Euskaltzaindian. «Ni parrokiako sopranoa izana nintzen. Zuzenbidea ikasten ari nintzenean, ahotsa ondo aldatuta nuen eta otxote bat sortzea erabaki nuen Gernikan. Hala, taldea hornitzeko euskal kantutegi bat osatzen hasi nintzen. Horretara joan nintzen Euskaltzaindira, Azkueren kantutegiaren bila, eta Azkueren lan guztiak erosi nituen. Liburuekin ere lehenengoak erostea izaten da zailena, mendekotasuna sortzen dute, bizitza osoan pilatzen joan naiz», jarraitu zuen.

Arana Martixa 6.000 liburu pilatzera iritsi da. «150 metro koadroko etxe handi batean bizi izan naiz Gernikan, eta sekulako liburutegia nuen. 6.000 liburu eraman nituen Euskaltzaindira eta musikari buruzko beste pila bat eraman nituen Eresbilera. Lau edo bost gela nituen liburuz beteta, emaztearen haserrerako. Niretzat tristea izan da hainbeste maite nituen liburu horiek uztea, baina ez neukan beste biderik. Orain urtebete aldatu ginen etxe berrira eta, lekurik ez nuenez, seme-alabei galdetu nien ea zer egingo genuen etxeko libutegiarekin. Bost seme-alaba ditut eta bakoitza arlo batean dabil lanean; bata historian, bestea bibliotekonomian, arlo desberdinetan alegia, baina liburutegiak erakunde baten eskuetan egon behar zuela esan zidaten. Hasi dira katalogatzen. Multzo horretatik, liburu batzuk neuk behar ditut lanean jarraitzeko. Behar ditudanak etxera ekarriko dituzte», esan zuen. Orain esku artean duen lana euskal katiximen katalogoa da. 76 urte eta beste hiru bat egitasmo ditu. «Atseden hartzeko garaia iritsi zait, lanean jarrituz, ordea», esan zuen.

Jon Odriozola

Jon Odriozola komikiekin egin zen irakurle. «Umea nintzela, aitak astero ekartzen zizkidan `Capitán trueno'ren eta `Jabato'ren ale berriak. Auzoan baziren erosteko dirurik ez zutenak eta haiei pasatzen nizkien. Sekulako grinarekin itxoiten nituen abentura horien pasadizo berriak», esan zuen. Gaztetxoa zela, futbolean nabarmendu zen Jon, eta asti gutxi izaten zuen irakurtzeko. Hori bai, «Marca»ren urtekariak goitik behera irensten zituen. Hogei urterekin hasi zen politikari eta pentsamenduari buruzko liburuak irakurtzen. «Hogeita bat urterekin kartzelan egon nintzen. Politikan buru-belarri sartuta nenbilen, eta hantxe hasi nintzen liburutegia osatzen. Hori bai, ia liburu guztiak harrapatutakoak ziren. Ez neukan dirurik nahi nituen liburuak erosteko. Saioa da gehien pilatu dudan generoa, saioa eta pentsamendua. Autore marxista klasikoak irakurri nituen; Marx, Engels eta Lenin, bereziki. Oso harro kontatu izan dut Fondo de Cultura Económicak argitaratu zituen `Kapitala'ren hiru liburukiak Bilboko liburutegi batetik harrapatu nituela», jarraitu zuen. Ea lapurtzeko zer sistema erabiltzen zuen galdetu eta honakoa esan zuen: «Lagun bat nuen horretan oso artista zena, gero ertzain sartu zen. Oso ona zen liburuak lapurtzen eta nik ere hartzen nituen batzuk. Asko lapurtu genuen eta asko esaten dudanean mordoa esan nahi dut. Gero, presoen edo lagunen artean banatzen genituen. Ehuneko bost-edo geratuko zen nire liburutegian», esan zuen. Marxismoa izan da Jon Odriozolaren gairik gogokoena, baina denetik du liburutegian, poesia salbu. «Hutsune handi bat dut arlo horretan», aitortu zuen. Liburuen kritika egiten zuen «Egin»en eta artikulugilea ere izan da. Liburuak bigarren aldiz irakurtzen ditu eta Internetetik jaisten du informazio asko.

Inazio Mujika

Bere diruz erositako lehen liburua “Fernando amezketarra” izan zen, 13 urterekin. «Artean alfabetatu gabe nengoen eta etsipena izan nuen, gauza batzuk ez nituelako ulertzen. Liburu arrunta zen, azalean Txikiren marrazkia zuena. Oraindik gordeta daukat». Inazio Mujikak gaztetatik izan du irakurtzeko eta gordetzeko zaletasuna. «Baditut gordetzeko bakarrik direnak, irakurri gabe gordetzekoak alegia; ederrak, lehen edizioak edo zaharrak direlako erositako liburuak. Mugak jarri behar izaten dira. Bolada batzuetan dezente erosi izan dut. Orain, urtean pare bat erosita konformatzen naiz. Dena den, etxean dudan libururik zaharrena 1800ekoa da, Mogelena», esan zuen.
Editore izan aurretik ere liburuzaletasun bera zuen Inaziok. «Niretzat aurkikuntza ederra izan daiteke 15 eurotan erosi dudan bigarren eskuko liburu bat. Demagun, Joseph Rothen liburu ezezagun bat aurkitzen dudala bigarren eskuko liburudenda batean. Liburu hori, niretzat, gauza handia da», jarraitu zuen.
Amaginarreba  hil zenean, etxez aldatu ziren eta liburuak lehengoan geratu ziren. «Nik, batetik, gaztelerazko liburuak ditut eta, bestetik, euskarazkoak. Gaztelerazkoak ere jatorrizko hizkuntzaren arabera dauzkat. Egile alemaniarrak elkarrekin jartzen ditut. Kafka, esaterako, alemaniarren artean dago, hizkuntza horretan idatzi zuelako. Edo Beckett frantsesekin dago, nolabait antolatzeko. Euskarazkoak, gaurkoak behinik behin, argitaletxeka dauzkat, horrela kontrolatzen ditudalako. Zaharrak, berriz, beren azal itsusi eta guzti, apal berezi batean ditut eta oso garrantzitsuak dira niretzat», esan zuen.