Ines Intxausti
2007ko Urriaren 12a
Parkeak baino gehiago, hiriak ditut gogoko. Hiriek parkeak dituzte barruan eta parkeek, berriz, ez dute hiririk». Ez dut (sic) idatzi Andy Warholek halako zer edo zer esan zuelako hiriekiko zuen grina nabarmentzeko. Egia da. Gaurko hiriak denetarikoak izan nahi dute. Eta batzuek dena eta gehiago eskaintzen digute. Gune berdeak, bidegorriak, zulo beltzak, lerro urdinak... Bilbon, adibide gisa, betidanik ezagutu dugun merkatu klasikoak ez du Madrilek duenarekin zerikusirik. Madrilgoa askoz ere petoagoa delako, noski. Orain dela urte batzuk, Bilbo erdian kokatzen zen merkatu txiki hori. Uribitarten, hain zuzen ere. Baina gure merkatariak Bilbo beste parametro batzuetan ikusten hasi ziren mementu ameslari hartan. Gaur ezinezkoa izango zen halako merkaturik, Guggenheimen aurrean ikustea, inondik inora. Horrexegatik, museo inguruko lan bukaezinak hasi baino lehen, Boluetara mugitu zuten Uribitartekoa.
Hiri garbiketa gardena eta fina izan zen mugimendua. Harri gogorra besterik ez zen lur antzu hartan. Ijitoek antolatzen dute postuen presentzia eta proportzioa egun Boluetan. Eta denetarik aurki dezakegu bertan. Nahiz eta aurrean manta hutsa duen laguna ikusi, lasai galde diezaiokegu ea Berlingo zahar baterako karburagailua duen. Baietz esango digu. Beti. Eta laster lortuko dugu nahi duguna, berdin karburagailua zein alternadorea. Boluetako merkatua, nahiz eta 211 saltoki baino gehiago izan, sasi-marjinala da. Ez dauka Londresko Portobelloren xarma, Madrilgoaren herri usaina edota Pariseko arkakusoen trebetasuna. Aipatzekoa da Amsterdameko leku erarkargarriena ere: Waterlooplein merkatua. Izan ere, 1893. urtean jaio zen eta merkatu judua izan zen, Munduko Gerra eta nazien sarraskia, biak batera, hasi arte. Bilbon, zoritxarrez, ez dugu lortu gure merkatu txikiek turistikoki leku ebitaezinak sortzea. Eta erronka horrekin sortu dira han-hemenka hainbat ekimen.
Orain dela hiru urte eskas (hiru ez bada neurri mortala), Maiatzak 2ko kaleko auzokideek merkatu berezi bat antolatu (edo) zuten. Egun hartan -beti zapatuetan egiten dute- kaleko bi espaloietan dauden dendak kalera atera ziren. Eta bertako bizilagunek ere etxeko gauzak kaleratu zituzten, inolako aurreiritzirik gabe. Ondo gogoratzen dut bikote hura; egongelako altzari guztiekin jaitsi zen kalera -guzti-guztiekin- eta gela bera birsortu zuten, bide erdian. Han mahai txikia, ondoan sofak, argiak, apalak eta erdian erretilua, bermut, oliba eta antxoekin. Etxerako bueltan, esku hutsik itzuli ziren. Nik lo hartu baino lehen gauero itzaltzen dudan azken argi izpia beraien lanpara eder ohiak ematen dit, adibide gisa. Auzoko -eta batez ere, Maiatzak 2ko kaleko- merkatariek maizago egin nahi dute. Zaila egin zaie, ordea. Jendearen eta erosleen harrera ezin hobea izan arren, Udalak oztopo asko jarri zizkien esperientzia errepikatzeko orduan. Gerora adostasuna lortu zuten eta egun Udalak eta Aldundiak parte hartzen dute saltokietan, dena kontrolatzeko asmo aseezinarekin.
Santo Tomas balitz bezala, etxetxo suntsigarriak eraikitzen dizkiete, denon kontenterako. Baina bertoko merkatariek ondo dakite gauza bat: beraiek salerosteko zirkuitutik at bizi dira. Zazpi kaleko dendek osatzen dute Bilboko merkataritzaren bihotza. Eta zubi bat dago Maiatzak 2ko kaleraino. Igorrekoek edota ondarrutarrek euritako bat erosteko inoiz igaroko ez zuten zubi gaindiezina nonahi.
Argi dago halako merkatxikiak ez duela zentzurik izango maiztasunik gabe. Eta hori da, hain zuen ere, hemen negozioa sortzeko erronka hartu dutenek aldarrikatzen duten lehen gauza: merkatua bai, baina comme il faut! Urtean behingo gauza izanda, sinbolikoegia da. Emakumeen eguna bezain azkar pasatzen den horietakoa. Izar herratua baino iheskorragoa. Ez dute erraza, ez, Hernani, Sanfran, Dosde, Lamana, Marzana, Bilbi, Mirasol, Artetxaga eta abarreraino mugitu diren lagunen dendek. Bilbo erdian egiten diren apustuek, hain zuzen ere segurutzat jotzen dute bezeroen presentzia. Gutxienez erakusleihoetakoena. Eta askoz ere diru gehiagorekin jokatzen dute merkatu azokako frontoi pareten kontra.
Horrexegatik, joan den larunbatean, nahiz eta hitzordu ofiziala hurrengo abendurako izan, auzoko lagunek berriro ere aulkiak, trapuak, kopak, mantak, altzariak, berogailuak, hozkailuak, partxisak, maxi-gonak eta abar kaleratu zituzten, berriro ere «Bilbaok tamainako merkatua behar du, hemen eta orain» leloa nabarmendu nahian. Eta Bilbao birtualki egungo hiri handiena bada, merkatu txikiena izatea merezi du. Gutxienez.
Ez naiz aztia, astirik ez dudalako, noski, baina zin dagizuet, datorren abenduko data horretarako Bilboko Udaleko sasi-politikariek beren arropa alternatiboenak astinduko dituztela, guztiak ere bertatik paseo hippy-nostalgikoa egiteko prest. Entzun dezatela lehendabizi auzoko hip-hopa, badaezpada ere: hemen jaioa naiz eta harro nago, badut larrua beltz eta ez zait arraro. Noizko alkatezkuna, merkatu duina? Agian, Bilboko plan estrategikoan ez dator Maiatzak 2ko kalea? 1808koa balitz...




