2007ko Urriaren 12a
Lehen fase estua aurreikusten zen, lehia bizikoa. Batzuen irrist egiteko beldurrak eta besteen salto egiteko gogoak markatutako fasea izan da. Amaitu da, eta txapelketa koska bat gorago dago orain. 79 bertsolarik hasi zuten lasterketa eta 23k lortuko dute aurrera jarraitzea. Joan den asteburuan Jokin Urangak, Nahikari Gabilondok, Ibai Esoainek eta Bixente Gorostidik lortu zituzten final laurdenetarako zuzeneko txartelak, eta ez zeuden merke.
Behin saio guztiak amaituta eta puntu guztiak banatuta, honako 23 bertsolariak pasatuko dira final laurdenetara: Agin Rezola, Xabier Sukia, Uxue Alberdi, Iñigo Izagirre, Unai Muñoa, Iker Zubeldia, Aitor Sarriegi, Iñaki Zelaia, Ibai Esoain, Nahikari Gabilondo, Jokin Uranga, Bixente Gorostidi, Aitzol Barandiaran, Ainhoa Agirreazaldegi, Unai Agirre, Joxe Luis Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñigo Manzisidor «Mantxi», Arkaitz Oiartzabal, Joxe Munduate, Beñat Gaztelumendi, Hodei Iruretagoiena eta Josu Oiartzabal.
23 horiei orain lau urteko zazpi finalistak gehituko zaizkie: Jon Maia, Jon Martin, Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Amaia Agirre, Ekaitz Goikoetxea eta Iñaki Gurrutxaga.
Final-laurdenetako saioak
Final-laurdenak bost saiotan jokatuko dira. Hogeita hamar bertsolari lehiatuko dira eta 18k lortuko dute finalerdietarako txartela. Hauek izango dira saioak. Azkoitian, urriaren 20an, honakoak arituko dira kantuan: Iñaki Gurrutxaga, Jexux Mari Irazu, Xabier Sukia, Agin Rezola, Unai Agirre eta Joxe Munduate. Hurrengo egunean, urriaren 21ean, Irunen dago jarria hitzordua. Jon Martin, Uxue Alberdi, Iñigo Izagirre, Unai Muñoa, Aitzol Barandiaran eta Josu Oiartzabal izango dira bertan. Urriaren 27an, Eibarren izango da final-laurdenetako saioa. Honakoak arituko dira kantuan: Amaia Agirre, Iker Zubeldia, Iñaki Zelaia, Arkaitz Oiartzabal, Hodei Iruretagoiena eta Ainhoa Agirreazaldegi. Urriaren 28an, Zumaian, hauek daukate hitzordua: Ekaitz Goikoetxea, Aitor Sarriegi, Jokin Uranga, Bixente Gorostidi, Iñigo Manzisidor «Mantxi» eta Joxe Luis Urdangarin.
Azkenik, azaroaren 4an, Tolosan, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Nahikari Gabilondo, Ibai Esoain, Iñaki Apalategi eta Beñat Gaztelumendi arituko dira.
Jokin Uranga: «orain ondo prestatzea da helburua»
Ataungo saioan Jokin Uranga azpeitiarra izan zen nagusi 287,5 punturekin. «Puntuazioak ikusita eman dezake lasai egon naizela, baina aurretik ez nuen aste ederra pasatu. Nahi bezalako prestakuntzarik egin gabe iritsi nintzen saiora, eta nahiko larri gainera».
Urduri iritsi zen saiora Uranga –hala aitortu du– eta zortziko handiko ariketaren ondoren «gehiegi» lasaitu zen sentsazioa izan zuen. «Ez nintzen oso eroso sentitzen eta erabaki nuen gauza eta ideia berrietan gehiegi saiatu gabe, etortzen zitzaizkidanak ahalik eta txukunen josten saiatuko nintzela, ezer berezirik egin gabe, egiten dakidana ahalik eta ondoen egiten saiatuko nintzela alegia», kontatu du.
Datorren final-laurdena iritsi bitartean –Zumaiako final laurdenean kantatuko du urriaren 28an–, etxerako-lanak jarri dizkio bere buruari: Prestakuntza serio-serio hartu eta ahalik eta indartsuen iristea bigarren fasera.
«Urruti ikusten dut hurrengo saioa eta helburua ez daukat saio horretan jarrita, tarteko hiru asteetan egin beharreko lanean daukat burua jarrita. Ez du merezi orain saio horrekin itsutzen hastea, prestakuntzarekin motibatu nahi dut. Eta gero gerokoak». Ez dio beldurrik ematen finalari begiratzeak, baina nahiago du urrutira begira ez jarri. «Ez naiz batere handinahia. Gauzak pixkanaka egitea gustatzen zait, helburuei gerturatu ahala eustea. Eta gerturatzen hasten direnean hasiko naiz amets egiten, orduan ikusiko dut noraino egin dezakedan amets», amaitu du Jokin Urangak.
Nahikari Gabilondo: «Tentsio puntu egokia lortu nuen»
Ez zen Elgetako saioko zaharrena adinez, baina bai txapelketan esperientzia handiena zuena. Horregatik, Nahikari, kantukideak lasaitzen aritu zen saioaren aurretik –hori egin behar zuela sentitu zuelako– eta berak ere lasaitzea lortu zuen azkenerako. «Neure buruarekin harrituta egon nintzen, tentsio puntu egokia lortu nuelako, ez lasaiegi ez gehiegizko presioarekin. Gozatu egin nuen saioan eta hori da onena». 273 punturekin lehen postua lortu zuen zarauztarrak, baita final- laurdenetarako txartela ere. Garrantzitsua zen berarentzat lehen fasea pasatzea, baina ez zegoen horrekin obsesionatuta. «Banekien oso posible zela kanpoan geratzea eta garbi neukan pasatzen ez banintzen ez nuela traumarik izango».
Hemendik aurrera, lehenengo fasean baino lasaiago arituko da, nahiz eta orduan ez zuen presiorik sentitu; «norbaiti iruditzen bazitzaion baneukala lehen fasea pasatzeko ardura, bigarrenean egokitu zaidan taldea ikusita, uste dut nahiko garbi dagoela horrelako ardurarik ez zaidala tokatzen», esan du zarauztarrak. Azkeneko final laurdenean arituko da Nahikari, azaroaren 4an, Tolosan. Aitor Mendiluze, Jon Maia, Ibai Esoain, Iñaki Apalategi eta Beñat Gaztelumendi izango ditu kantukide. «Ikaragarri gustatu zait egokitu zaidan taldea eta niretzat luxu bat izango da horiekin kantatzea. Akaso presio handiagoa etorriko zaigu azken final laurdena delako eta giroa desberdina izaten delako horrelakoetan. Baina lasai-lasai hartu nahi dut, eta gozatzera joan».
Ibai Esoain: «bigarren fasea bera nahiko gozamen da»
Gustura dago Ibai Esoain lehen fasea pasatuta. Oreretako saioan lehenengoa izan zen, 263,5 puntu lortuta. «Saio bakarra egin, eta kaskarra eginez gero, hori bakarra erakutsi izanaren sentsazio txarra geratzen da, zapore gazia. Lehenengoa pasatzeak zerbait eman duzun inpresioa uzten dizu, eta konfidantza irabazten duzu zeure buruarekin». Aurretik oriotarrak ez zuen sekula lortu lehen fasea gainditzea.
«Hogei urte dituzunean normaltzat jotzen da atzean geratzea, baina edade honetan zerbait eman beharra ere sentitzen duzu. Eta hor dago koska. Jende asko dago teknikoki-eta oso prestatuta iritsi dena baina gero, oholtzan, bere burua bilatu ez duena. Gu daukagun ofizioa erakusten saiatu gara, bere garaian oholtzan ibiliak garelako», kontatu du Esoainek.
Hemendik aurrera «ahal dela gozatzera» joango dela aitortu du. «Baina zeure burua ondo ikusten duzunean eta gauza politak uzten dituzunean gozatzen da batez ere, eta hori ez da bereziki nire kasua. Oraindik hilabete bat daukat burua horretan jartzeko eta ea gozatzera iristen naizen». Hala ere, final-laurdenetara pasatzea bera nahiko gozamen badela uste du Esoainek; «bigarren fase honek beste dimentsio bat hartzen du, leku handiagoetan kantatzen da, entzule gehiagoren aurrean... eta bertso onak ere beste dimentsio bat hartzen du giro horretan, sentimenduak ere, modu handiagoan bizi baitira. Handitasun horren parte izatea nahiko gozamen izango da, eta muturra sartzea lortuz gero, bada, ederki».
Bixente GorostidiI: «saioak sentsazio arraroa utzi dit»
Getariako saioan lehen postua lortu zuen Bixente Gorostidik 253,5 punturekin. «Emaitzarekin gustura nago, baina ez hainbeste saioarekin. Puntuazioa baxu samarra izan zen, eta sentsazio arraroa utzi zidan». Ez omen zen erabat gustura aritu, nahiz eta memento onak izan zituen. «Aspaldian mikroaren aurrean aritu gabea nintzen, 2005eko Euskal Herrikotik edo. Hori beti sumatu egiten da, eta urduri samar egon nintzen».
Lehen koska pasatuta gustura dago Bixente eta garbi dauka bigarren fasean zein izango den bere helburua: «saio txukuna egiteko gogoa daukat. Oso talde ona tokatu zait eta saioa polita izango dela dirudi». Gorostidi urriaren 28an arituko da Zumaian. Ekaitz Goikoetxea, Aitor Sarriegi, Jokin Uranga, Iñigo Manzisidor “Mantxi” eta Joxe Luis Urdangarin izango ditu kantukide.
Saio txukuna eginda konformatzen da Gorostidi, aurreko saioak utzitako «sentsazio arraroa» borratzeko moduan aritu nahiko luke, baina ausartzen da finalerdiei begira jartzen. «Beldurrik ez dit ematen. Txapelketan izena ematen duenak ahalik eta urrutien iristea du helburu. Finalerdietako giroa polita da eta gustura arituko nintzateke. Egia da, halere, txapelketan ez dugula jarduten nahi bezain ondo sekula, presioak ez digu mesederik egiten». Hala ere, lehenengo fasea pasatuta «lasaiago» arituko dela aitortu du. «Lehen fasea arriskutsua da, presio handia jartzen diozu zeure buruari. Orain lasaiago nago».
Duela lau urteko finalistak
Orain igoko dira Gipuzkoako Txapelketaren trenera. Jakinmina piztuko du, seguru, zazpi horiek txapelketara zein puntutan iritsiko diren ikusteak, eta orain arte jendetsu datorren hitzordua jendetsuago bihurtuko dela espero da.
Maialen Lujanbio izan zen txapeldun duela lau urteko Irungo finalean. Lujanbiok aurten ez du parte hartuko. Bigarren tokia, bigarren txapel txikia, Jon Martinek jantzi zuen 2003koan. Ezustekoa eman zuen oiartzuarrak orduan, kiniela asko jarri zituen hankaz gora. Aurten ikusi egin behar zein gorputzaldi daukan, Indian hilabete luzeak eman ondoren baitator txapelketara.
Aitor Mendiluze izan zen hirugarrena aurrekoan. Sasoiko datorrela aitortu du Mendiluzek, txapelketan oso zentratua eta bere onena emateko gogoz. Mendiluzek 1995. urtean jantzi zuen Gipuzkoako txapela, hogei urte zituela. Ordutik bertsolaritzan ibilbide garrantzitsua egina du andoaindarrak.
Jon Maia izan zen laugarren 2003koan. Bertsolaritzakoaren parean -azken urteotan punta-puntan dabil- ibilbide politak osatu ditu musikan eta idazle lanetan Jon Maiak. «Karidadeko Benta» bere taldearekin agur esan eta gero, sekula baino zentratuago omen dago txapelketa honetan. Iñaki Gurrutxaga oriotarra izan zen bosgarren aurreko txapelketan. Salto polita egin zuen finalera orduan, eta aurpegi berrietako bat berea izan zen. Galtzeko ezer gabe joan zen orduan, eta aurtengoan ere halaxe omen dago, ez du, bere esanetan, presio berezirik somatzen.
Ekaitz Goikoetxea izan zen seigarrena. Azken urteotan nahi baino plaza gutxiago eginda iritsiko da Goikoetxea final-laurdenetara, baina txapelerako grina somatzen zaio. Lan txukunak egin izan ditu txapelketetan.
Amaia Agirre izan zen aurreko beste finalista. Villabonako bertsolariak ondo ezagutzen ditu txapelketaren barrunbeak -bai Gipuzkoakoarenak eta bai Euskal Herrikoarenak ere- eta normalean emaitza onak lortzen ditu lehia tarteko denean.
Martxan da final-laurdenetako trena, eta finalerako bidean ez da denentzat tokirik izango. Bertsozaleari ez zaio faltako gozatzeko aukerarik.




