-

Amagoia Mujika/Imanol Amiano

2007ko Urriaren 12a

Poliziaren eskuetan orduak luzeak  dira

Egun batzuk joan dira Madrildik bueltan etorri zirenetik. Egun gutxiegi joan dira eta oraindik kosta egiten zaie gertatutakoaz hitz egitea. Aidean bezala, burbuila batean bezala sentitzen dira, normaltasunera bueltatu nahi, baina ezin. Marka geratzen omen da, betiko marka. Iban Berasategiri, Xabier Albisuri eta Egoitz Apaolazari sumatzen zaie marka hori. Denborak samurtuko du, disimulatuko du, baina ez du erabat borratuko. Hizketaldia mantsoa da, baina ez da oso patxadatsua. Isiltasun une astunak sortzen dira maiz, arnas hasperen sakonak. Iban Berasategi eta Xabier Albisu segurarrak aske daude, kargurik gabe aske. Egoitz Apaolaza zeraindarra, berriz, baldintzapeko askatasunean.

Iluntze hartan polizia kontrol batean geratu zituzten. «Kontrol asko pasatakoak gara eta badakigu nolakoak diren; karneta eskatu, buelta batera eta bestera...baina, gau hartan, poliziakide batek besteari esan zionean `trae unas bolsas para guardar las pertenencias', zerbait berria zela sumatu nuen. `Gaur ez diagu etxean lo egingo' esan nion Egoitzi berehala», kontatu du Iban Berasategik. Asmatu egin zuen, atxilotuta eraman baitzituzten. Lasaitasun arraro bat igartzen zuten poliziakideen arteko giroan, «zerbait potoloa, serioa, zetorrela sumatzen zen giroan», esan du Albisuk.

Hasierako burutazioak eta beldurrak Poliziaren tratuari buruzkoak izan ziren, «geroago hasi nintzen ni bestelako kezkekin. Ez nekien handik bizpahiru egunetara non egongo nintzen, zer izango zen nire bizitzaz», jarraitu du Berasategik.

«Egoera horretan panorama berri bat irekitzen zaizu parean, eta ez dakizu bi eguneko edo hamabi urteko istorio bat izango ote den. Babesik gabeko egoera bat da», gaineratu du Albisuk. Burua da horrelakoetan norberaren etsairik handiena, bueltaka eta martxan hasten da, eta zaila izaten da gurpila gelditzea. «Ni alabarekin gogoratzen nintzen, zazpi hilabeteko alabarekin. Neskalaguna zein egoeratan geratuko ote zen, gurasoak nola egongo ziren, alaba zenbatero ikusi ahal izan nuen, bere hezkuntzan noraino parte izango nintzen...pentsatzen nuen etengabe. Zure bizitzan eskema bat daukazu eta bat-batean dena hankaz gora jarriko den arriskua ikusten duzu», gogoratu du Apaolazak.

Poliziaren eskuetan orduak luzeak dira, luzeegiak, amaigabeak. «Bere txarrenean forenseak-eta etengabe esaten ziguten zein ordu zen eta nolabaiteko erreferentzia bat izatea lortzen genuen», jarraitu du Apaolazak. Albisu, bere osasunarekin zegoen kezkatuta. «Oraintxe dira hiru hilabete bihotzeko ebakuntza bat izan nuela. Nire bihotza ondo ote zegoen zen nire kezka, aguantatuko ote zuen edo lehertu egingo ote zen. Tentsio gune altuak pasatu nituen. Batetik hamarreko eskalan, etengabe bederatzi eta erditik gorako tentsioa da han barruan bizi duzuna. Lo egiten duzu tarteka, baina ahiduragatik; eta beldur zara edozein unetan zure bila etorriko direla, eta zertara etorriko diren batere jakin gabe».

Donostiatik Madrilerako bidea amaigabea izan zen. Iluntzeko 21.00ak aldera atera eta zortzi bat ordu eman zituzten bidean. Atxilotu bakoitza auto batean zihoan, hiru poliziaren begiradapean. Poliziakideek burua estalita zeramaten eta isiltasuna zen nagusi. Atxilotuak erabat deseroso, eskuak lotuta eta burua makurtuta egin zuten bide osoa. Berasategiren kasuan, jatekoa eskaini zioten poliziek, «para que luego digaís que la Policía es mala», esanez. Beste biek berek eskatu zuten ura eta edatekoa.

Guztira berrogei-berrogeita hamarren bat polizia auto elkartu ziren Donostiatik Madrilera bidean. «Batzuk aurretik eta besteak atzetik gindoazen, baina azken ehun kilometroak elkarrekin egiteko agindua zeukatela garbi ikusten zen. Ordu pare bat geldirik egon ginen gu atzetik zetozenen zain, eta irudia ikaragarria zen. Izugarrizko auto ilara, denak jarraian, eta polizikide batzuk irudiak hartzen bideoarekin, gorputz erdia autoko leihotik kanpora aterata. Zirko bat osatu nahi zuten», gogoratu du Albisuk.

Madrilera sartzerako polizia autoetako sirenak piztu zituzten guztiek. «Inpresioa ematen zuen mediatikoki irudi hori saldu nahi zutela».

Nora eraman zituztenaren batere arrastorik gabe, «pasilo ilun eta amaigabeak» zituen polizia etxe batera iritsi ziren. «Hitlerren garaiko konzentrazio zelaiak etortzen zitzaizkidan gogora. Pertsonaren alderdi psikikoa erabat deusezteko prestatuta dauden tokiak dira. Minutuero arnasa hartu behar duzu sakon eta minutuero zure burua konbentzitu behar duzu indarra hartu eta aurrera egiteko», kontatu du Albisuk.

Polizia deklarazioa eta epailearen aurrekoa. Albisuk oso gogoan zituen biak: «Banekien biak pasatu behar genituela eta nahiko kezkatu egon nintzen polizia deklarazioarekin. Azkenean tramite hutsa izan zen, kartzela handi hartako bulego txiki eta zaharkitu batean pasatu beharreko tramite merke bat».

Aurretik inoiz atxilotuta egon ote zen galdetu zioten Xabier Albisuri eta berak, baietz, dikatura garaian atxilotuta egon zela erantzun zien. «Harrituta geratu nintzen 24 urte nitueneko argazkia, hatz markak eta nire polizia fitxa ekarri zutenean. Diktadurako artxiboak ondo gordeak dauzkate, bi minutuan ekarri baitzuten nire fitxa», kontatu du.

Igandean pasatu ziren Garzon epailearen aurretik. «Ostiraleko gaua ez zen hain txarra izan. Ziegan jende gehiagorekin nengoen ni, Xabier bera (Albisugatik), Iparragirre eta Elkano. Haiek izugarri lagundu zidaten, lasaitu egin ninduten, Garzonen aurrekoa nola izango zen esan zidaten... egia esan, asko eskertu behar diet beren laguntza. Larunbat gaua txarra izan zen. Garzonen aurretik pasatu aurreko 8-10 orduak oso latzak izan ziren. Orduan hasi nintzen buruari bueltaka. Etxekoak, lana, lagunak, ... aldi baterako dena utzi beharko nukeela pentsatzen orduan hasi nintzen», gogoratu du Iban Berasategik. Bera izan zen Garzonen aurretik pasatzen lehena. Hamar minutu eskaseko deklarazioa izan zen. «Nik banekien zer esan behar nuen eta urduri nengoen. Baina, Garzon bera hain patxadatsu ikusi eta neroni lasaitu nintzen».

Xabier Albisu izan zen ondoren Garzonen aurretik pasatu zena. «Ni sartzerako jakin nuen Iban aske zegoela eta beste atxilotu batek builaka esan zuen `Segurakoak kanpora'. Pentsatzen nuen hala izango zela, baina, badaezpada, txarrenerako prestatzen ari nintzen etengabe», jarraitu du Albisuk.

«Queda usted en libertad» entzun eta ez omen zuen ezer egin. «Uste dut ez nuela inongo espresiorik egin, ezta arnasa hartu ere».

Kalera ateratzen azkena Egoitz Apaolaza izan zen, beste biak dagoeneko Euskal Herrira bidean zirela jakin zuten kalean zegoela.

Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean, jende mordoa zuten zain, etxekoak eta lagunak. «Une berezia izaten da. Hainbeste jende zain... pozik nengoen noski. Baina, amak esan zidanarekin harrituta geratu nintzen: `pozik zaude, baina hori ez zara zu, orain irudikatzen ari zarena ez zara zu'. Amak hori esan bazuen, arrazoia izango zuen», gogoratu du Ibanek.

Aske zeuden, asko zen, baina ez zen ospatzekoa. «Ezin dituzu inolaz ere ahaztu barruan geratzen direnak. Zure parte bat barruan geratzen da eta ezin duzu hori ahaztu, une oro gogoratzen zara haiekin». Eta kosta egiten zaie kontaketarekin jarraitzea, eztarriko korapiloak ez die uzten jarraitzen.

Egoitz goizaldera iritsi zen etxera, lo zegoen alaba, eta denbora luzea eman zuen berari begira.

Batasunaren kontrako operazioa

Batasunaren kontrako azken operazioaren gainean ehunka orrialde bete dira egunkarietan, ehunka minutu albistegietan. Irakurketa politikoak, kolore guztietakoak, irakurri ahal izan dira han eta hemen. Aurretik ikusitako film baten kronika izan da askorentzat.

Duela hamar urte Herri Batasuneko Mahai Nazionala espetxeratu zutela gogoratu du askok, nahiz eta kasik inork ez duen ahaztu. Ahaztu gabekoak gogoratzeko beharra izaten da batzuetan, ordea, egungo gertaerak eta erasoak lekutze aldera.

Irakurketa politikoaren zirrikituetatik barrena, bestelakoa egiten saiatu da GAUR8. Hainbeste lagun atxilotuak eta espetxeratuak, hainbeste familia eta lagunarte zulatuak, faktura politikoaz gain, errepresio politikak badu bestelako faktura, aurpegiko zimurretan kobratzen den horietakoa.

Segurako iluntze hotz hartan 23 lagun atxilotu zituzten, tartean hiru herritar. Ohiko ordulariekin kontatu ezin diren orduak eman zituzten Poliziaren eskuetan eta etxean daude orain. Iban Berasategiren, Xabier Albisuren eta Egoitz Apaolazaren testigantzak balioko du, akaso, ziegako psikologia zerbait ezagutzeko.

Kostatu egiten zaie egun horietaz hitz egitea, gertatu berriak dira eta markak sakonegiak dira oraindik. Marka sakonena barruan geratu direnek marrazten dute beren aurpegietan.

Kostatu egiten zaie beren buruaz hitz egitea, berea «txikikeria» iruditzen zaielako eta beraiek etxean daudelako. Kostata, hasperen sakonak eta isilune gaziak tarteko, ahal bezala gogoratu dituzte ordu amaigabe horiek.

 

Koldo Castañeda

Koldo Castañedak ere gogoratzeko ariketa bat egin du. Duela hamar urte Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea zen, eta atxilotuta eraman zuten. Hogei hilabete eman zituen kartzelan. Segurako operazioaren eta ordukoaren artean antzekotasun handiak ikusten ditu Castañedak, «orduan bezala Estatuak inposaketaren hautua egin du».

«Euskal preso politikoen kolektiboko parte izateak markatu egiten du», gaineratu du Koldo Castañedak. Bistan da.

«Hamar urte eta gero hau...», laburbiltzen du egungo egoera Koldo Castañedak, duela berrogei urte, 1977an, aurreko beste hainbeste urtetako garai ilunak amaitu ondorengo egoera deskribatzeko hain erakusgarria zen esaldiaren moldaketarekin. 1963an Lizarran jaioa, 1997an atxilotu, epaitu eta kartzelatu zituzten Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea zen. Komunikazio arloko arduraduna zen Koldo, hain zuzen.

«Hamar urte eta gero hau», dio. Izan ere, parekotasun nabarmenak aurkitzen ditu Koldok egunotan eta duela hamar urte gertatutakoaren artean. Eta oroitzapenak eta sentipenak azalaratzen dira, ezinbestean. «Orduan sentitutakoak orain sentitutakoen oso antzekoak izan dira. Batetik, haserrea sentitu nuen, nerekin batera beste lagun batzuk atxilotu eta kartzelatu zituztelako. Baita ere familiek ere gartzelaratzearen ondorioak pairatu behar dituztelako. Eta noski, Euskal Preso Politiko gehienek bezala, dispertsioari aurre egin behar izan genion, Euskal Herritik kanpora. Estatuaren erantzuna, garai hartan Euskal Herriaren aitortza lortzeko Alternatiba Demokratikoaren proposamenari emandako berbera izan da oraingoan ere, ezezko biribila. Orduko proposamenari ezezko hura irudikatzeko gure atxiloketa izan zen, eta kasu honetan ere parekotasunak argi daude, ezker abertzaleko kideak atxilotuz», nabarmendu du.

Haserreaz gain, ordea, beste parekotasun bat ere izan da, «jendearen erantzun positiboa. Injustizia baten aurrean jendeak nola erantzuten duen ikusi genuen garai hartan eta orain ere bai. Gazi-gozo sentsazio hori; injustiziaren aurreko haserrea eta sektore batzuen erantzuna, kalean», nabarmendu du.

Memoria astintzeko eskatu diogu. «Gurea aurreikusita zegoen -hasi da nafarra-, `epaiketa txiste' bat izan genuen, gure abokatuek akusazio guztiak hankaz gora jartzen baitzituzten, baina hala eta guztiz ere zigorra etorri zen. Zazpi urtekoa. Ezustekoa ez zen izan, prozesua nola hasi zen, bai. Jon Idigoras nola kartzelatu zuten 1996ko otsailean, nola 300 milioi pezetako fidantza izugarri hura ezarri zioten... -Garzonek 300etik 15era jaitsi zuen kopurua eta azkenean 5 milioi ordaindu eta ekainean atera zen baldintzapeko askatasunean-; gero gainerako mahaikideei deitu ziguten eta banan-banan Madrilera joateko agindua jaso genuen. Ez ginela joango esan genuen eta atxiloketak eta kartzelatzeak etorri ziren. Apirilean izan ziren lehenbiziko atxiloketak. Gero, urriaren erdialdera, epaiketa iritsi zen eta Nafarroakoak behintzat, abenduaren 6an kartzelatu gintuzten, Konstituzio Egunean. Data oso seinalatua izan zen, bai», azaldu du.

Ez ahazteko modukoak izan ziren; izan ere, orduko gertakariak. Are gehiago atxilotuko duten norbaiten larruazalean egonez gero. «Iruñeko Herri Batasunaren egoitzan gure bila noiz etorriko zain geunden. Polizia Nazionala etorri zen, bertan sartu ziren, atera eta eraman gintuzten. HBren egoitza Iruñeko Udal Plazan zegoen eta bertatik ikusi genuen jendearen erreakzioa injustizia horren aurrean, batetik; eta Polizia Nazionalaren jarrera, jendeari oldartuz eta hainbat jipoituz, bestetik. Eta okerrena, ezin genuela ezer egin», gogoratu du.

Handik Madril ondoko Soto del Realeko presondegira. Kondena zazpi urtekoa zen eta orotara 20 hilabete egin zituen. «Bi hilabete eman genituen Soton -oraingoan ere denak han daude-, eta bertan normalean euskal preso politikoek jasotzen duten tratu bera jaso genuen; dispertsioa eta horrek ekartzen dituen ondorioak; familia bidean duzula-eta edozer gauza gerta daitekeela pentsatzen baituzu. Gero, kartzela bakoitza mundu bat da, eta kartzela bakoitzeko modulo bat beste bat. Han, Euskal Herrian zer gertatzen ari zen begira geunden. Jendeak nola erantzuten zuen jakin nahi genuen... zuk utzitako hutsunea nola betetzen zen ikusi nahi zenuen; Estatuak hutsune inportanteak geratzen zirela irudikatu nahi zuen, baina lekukoa azkar hartu zutela eta aurrera egiten zela ikusi genuen. Orain gertatuko den moduan», gaineratu du.

Esperientzia larria izanagatik, «hobe duzu burua beste edonon izatea, handik ateratzea ez baitago zure esku. Hemengo albisteak eta politikagintzaren nondik norakoak jarraitzen dituzu... Nere kasuan behintzat ez nengoen `kondizionala' noiz emango zidaten zain; beno, azken asteetan bai, orduan erabakiko dela badakizulako», esplikatu du. Era berean, «espetxean zaudela beste preso politiko batzuk ezagutzen dituzu... Beste moduloetako presoekin hitz egiterik ez bagenuen ere, beti saiatzen ginen. Ohiuka ibiltzen ginen, agurtzeko edo behintzat batak bestearen berri izateko, bakoitza non zegoen jakiteko... gauza horiek bai markatzen zaituztela, funtzionario batzuek emandako tratuak bezala. Euskal preso politikoen kolektiboan parte hartzeak izugarri markatzen du», esan du.

Castañedak argi dauka. «Egoera aldatzeko aukera bat egon da baina Estatuak Euskal Herriaren aitortzari berriro ere uko egin dio eta inposizioaren hautua egin eta bakearen bideari atea itxi. Orduan bezala, atxiloketa horiekin `independentzia zaleok, etorkizunik ez daukazue' esan nahi digute, baina jai dute».