Iņaki Altuna
2007ko Urriaren 12a
Bake prozesua egiteko aukera izan zitekeelako zurrumurruak, adierazpenak edota usteak zabaltzen hasi zirenean, akordio baterako triangelu jakin baten hiru erpinen arteko adostasuna lortu beharko zela esan zuen batek baino gehiagok; betiere, ahalik eta indar eta eragile gehienen konpromisoa lortu behar baldin bazen ere. PSOE (Estatu espainoleko Gobernuko alderdia eta PSE eta PSN biltzen dituena), EAJ (abertzaletasun instituzionalaren ordezkari nagusia) eta ezker abertzalea (egungo eremu juridiko-politikoari aurre egin dion eragilea eta Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren indar metaketa ordezkatzen zuena) ziren, teoria horren arabera, hiru erpinok. Aldaketaren bidea egiteko Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan gehiengoa bermatuko lukete.
Hirurekin ezinezkoa izanez gero, biren arteko hitzarmenik egon ahal zitekeen ere eztabaidagai izan genuen garai horretan. Josu Jon Imazek, adibidez, «zeharkako ituna» defendatu eta jelkideen zein PSEren artekoa hobetsi zuen, nahiz eta, hona hemen ñabardura, horrek ezer gutxi duen ikustekorik gatazkaren konponketarekin. Halaxe da, Alderdi Sozialistaren eta EAJren arteko hitzarmenak, azken hamarkadetako historiak ageri-agerian uzten duenez, egungo erakundeen egituraren kudeaketan edota moldaketan eragin dezake soilik, negoziazio mahaira egitura hori zinez gainditzeko erabakitasuna ezker abertzaleak, ez beste inork, baitakar beti.
Lizarra-Garaziren garaian, ETAren eta EAJren arteko akordio bati esker (EAk ere sinatu zuen), triangeluaren bi erpin horien arteko adostasuna entseatu zen. Hitzarmenak ez zuen gatazka politikoa gainditzea bermatzen, unionistak ordezkatzen zituzten alderdiek (Frantziako eta Espainiako gobernuek zeresanik ez) aterabide politikoari muzin egiten baitzioten. Abertzaleen arteko akordioak estatuei aurre eginez euskaldunon eskubideak berreskuratzeko beste bide bat ireki zezakeen. Oker edo zuzen, «konfrontazio demokratikoa» deitu zioten. Aste honetan bertan, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak berriro hitz egin du burujabetzaren aldeko indar guztiak bildu behar direla esateko. Estatu espainolarekin negoziazioa saiatu aurretik, nazio eraikuntzaren hurrengo fasea egin behar dela adierazi du. Bere irudiko, PSOErekin ez da posible gaur egun konponbide demokratikorik lortzea.
Bi erpinen arteko dantzan, PSOEren eta Batasunaren arteko adostasunak bai erdiets zezakeela gatazkaren konponketarako akordioa. Horrek EAJren jarrera ere baldintzatuko luke, baita jeltzaleak hitzarmenera erakarri ere. Ez zen kontu makala. EAJkoek traba egiten ondo baino hobeto baitakite egoera gustukoa ez dutenean, 1989ko Aljergo elkarrizketen kontrako jokabidearekin erakutsi zutenez. Botere ekonomikoa eta eragin politikoa galtzearen beldur izan ohi dira.
Azken urteotan garatu den negoziazio aldiak, beraz, akordio politikoa gauzatzea izan behar zuen helburu.
Egoeraren azterketa ere delitu
Hitzarmena lortzeko azkeneko saioa maiatzaren erdialdean izan zen, hauteskunde kanpainaren erdi-erdian. Batasuna-PSOE alderdiek eta ETA-Gobernua arerioek bilerak egin zituzten Europako hiri batean; bi eremuak leku berean elkartu ziren aurrez aurre. Batasunak proposamen politikoa jarri zuen mahai gainean eta ETAk, euskaldunon erabakitzeko eskubidea bideratuko lukeen prozesuaren ondorioz, egitura militarrak desegiteko konpromisoa. PSOEk, berriz, ezezkoa esan zion akordio politikoari, baita bere ordezkariek arbel batean zirriborratu zuten proposamenari -antza, ezker abertzalearentzat onargarri zena- ere, eta Gobernuak prozesuari eman behar zizkion bermeak bertan behera utzi nahi izan zituen. Gatazka konponduko lukeen negoziazio prozesuak ez zuela aurrera egingo egiaztatu zen, zoritxarrez. Hortxe dago gaur egungo egoeraren arrazoia.
Negoziazio aldia amaituta, mahaikideen atxiloketak beste ziklo batean sartu garela berretsi du. Enfrentamendu zikloan, Bilbon ETAk eginiko ekintzak ere erakutsi duenez. Egoeraren azterketa baizik ez da hori. Halere, Estatuko agintariek, alderdi nagusiek eta hedabideek azterketak egiteko gaitasuna ere murriztu nahi dute, ezerezean utzi arte. Pernando Barrenari direnak eta bi leporatu dizkiote errealitate hori plazaratzeagatik. ETAren borroka armatua gaitzetsi besterik ezin da egin, gainontzeko guztia delitu baita. Kriminalizazioa, beraz, gatazka bera zein Estatuaren inposizioa eta indarkeria ezkutatzeko ahalegina da.
Gatazka politikoak hortxe segitzen du, ordea. Modu bereko konponbidea -hau da, konponbide politikoa- galarazita, PSOEko Gobernuak bi aukera baizik ez dizkie utzi euskaldunon eskubideak aldarrikatzen dituztenei: amore eman edo matxinatu. Badirudi, atzoko manifestazioa eta osteguneko mobilizazioak ikusita, mugimendu independentista ez dela prest bere proiektua alboratzeko.
Dena dela, bide politikoak ezingo dituela jorratu esan nahi izan dio Rodriguez Zapateroren Gobernuak ezker abertzaleari. Aznarrek hasitakoari jarraituz, milaka pertsonen eskubide zibilak eta politikoak hutsean uzteko -are gehiago, hori posible bada- asmoa iragarri digu, «Zuzenbide Estatua borrokarako prest» dagoela esanda. Pernando Barrenari egin dioten bezala, Espainiako presidenteari ere indarkeria justifikatzea leporatu beharko liokete, ezta?




