Xole Aramendi
2007ko Urriaren 12a
Margaretha Geertruida Zelle izenak inor gutxiri esango dio ezer. Baina Mata Hari entzun eta berehala historiak eman duen espioirik ezagunena datorkigu burura. Horretaraino badakigu, zinemak eta telebistak ere lagundu dute haren berri ematen, baina bere bizitza labur bezain intentsuaren nondik norakoak ez dira hain ezagunak.
Laburra, 41 urte besterik ez zituen eta fusilamendu pelotoi batek espioitzagatik hil zuenean. Datorren astelehenean beteko dira 90 urte, hain zuzen ere, egun hartatik. Intentsua, Margarethak ondo baino hobeto jakin baitzuen berak sortutako pertsonaiari zegokion moduan bizitzen.
Leeuwarden, Herbehereetan, jaio zen 1876ko abuztuaren 7an. Aita txapelak egin eta saltzetik bizi zen eta bizilagunek Baroia bezala ezagutzen zuten, bere handinahia zela-eta. Horren lekuko, Margaretha txikiak 6 urte zituenean, eskolako lehen egunean nola agertu zen: luxuzko adornuz apaindutako bi antxumek tiratzen zuten urre kolorezko karreta batean. Alabaina, ikaskideek egindako txantxek ez zuten umea kikildu eta laster hartu zion gustua erdigune izateari.
1891ean ama hil eta aita zorretan ito zen. 18 urte zituen Margarethak Rudolf John McLeodekin ezkondu zenean. Herbehereetako ejerzitoko ofiziala zen eta egunkarian iragarkia jarri zuen emazte eske. Margarethak hari erantzun eta ezkondu egin ziren. Ekialdeko Indietara joan ziren bizitzera. Bi seme-alaba izan zituzten. 1903an banatu ziren eta Parisera joan zen dantzari.
1905ean ezagun egin zen dantzatzerakoan erabiltzen zituen ekialdeko moldeengatik, gorputza mugitzen zuen modu probokatzailearengatik. Orduan hartu zuen Mata Hari izena, `egunaren begia' Malasiako hizkuntzan. Orduan hasi zen hain ezagun egingo zen pertsonaia sortzen. Bere jatorria eta haurtzaroari lotutako «ipuinak» han eta hemen zabaldu zituen, bere indiar jatorria aldarrikatuz. Egiazkoak ziren ala ez gutxienekoa zen.
Militarrak gustuko zituen Mata Harik, baita politikari boteretsuak ere. Goi-mailako prostituta bezala aritu zen eta ederra baino gehiago, erotismoz beteriko emakumea zen garaiko kronikek diotenez. Femme fatale-ren arketipo izatera iritsi zen Mata Hari. Gizonezkoak manipulatzeaz harro zegoen, baina Jean-Pierre Tuberguek «Le dossier secret du sonseil de guerre» liburuan azaldu duenez, bera ere gizon baten biktima izan zen. 1915ean, Amsterdamen zegoen kontsul alemaniarrak espioi lan egitea proposatu zion. Ez omen zen abila lan horietan ¯agerian geratu zen britainiarren aurrean¯ eta ez zuen asmatu alemaniarrei informazio egokia ematen. Gerra gori-gorian zegoenean, frantziar kontraespioitzako jeneral batek Von Kalle izeneko alemaniar militarra, Madrilen zegoena, seduzitzeko eskatu zion. Haren ahotik jakin zuen alemaniarrak Afrikako iparraldean egitekoak ziren maniobren berri. Frantsesei igorri zien informazioa Mata Harik. Von Kallek, ordea, hainbat telegrama bidali zituen Berlinera dantzaria H21 espioa bezala deskribatuta. Idatziak frantsesen informazio zerbitzuen eskuetara iritsi ziren. Tuberguek baieztatu duenez, Mata Hari justiziaren atzaparretara botatzeko asmoz bidali zituen 1916an telegramak Von Kallek.
Bada beste teoriarik. Pat Shipmanek Mata Hariren gainean egin duen biografian gezurtatu egin du agente bikoitza zenik. Are gehiago, Georges Ladoux Estatu frantseseko kontraespioitzaren buruak herbeheretar dantzaria txotxongiloa bezala erabili zuela dio. Ladoux-ek erreklutatu zuen Mata Hari. Ondoren, Ladoux bera atxilotu zuten agente bikoitza izatea leporatuta.
Mata Hariren izena Gipuzkoako hiriburuaren historiari lotuta dago bertan egin zuen egonaldi bat tarteko. Donostian, Londres Hotelean eta kasinoan ikusi zuten Parisera joan aurretik. Estatu frantseseko hiriburuan hotel bateko logelan atxilotu eta alemaniarrentzat espioitza lanak egiteagatik epaitu zuten. 1917ko otsailaren 10ekoa da salaketen txostena. Herbeheretarrak Alemaniako zerbitzu sekretuentzat lan egiten zuela dio, H21 kodearekin. Mata Harik ukatu egin zuen. Kartzelan egin zituen azken hilabeteak bere memoriak idazten eman zituen. Hiru egun geroago hil zuten Vincennes-eko gazteluan.
Egun hartan gertatutakoak mitoa are handiagoa egin zuen. Jendetza bildu zen Parisen egun hartan. Tiro egin zieten soldaduak agurtuz hil zela diote batzuk. Besteek, begiak ez estaltzeko eskatu zuela eta azken unean, soinean zeraman janzki bakarra, larruzko berokia, kendu egin zuela. Hamabi tiro jaso zituen eta bere gorpua ez zuen inork eskatu. 1917ko urriaren 15ean hartu zuen bere azken arnasa. Baina ez zen haren legendaren amaiera izan.
84 urteren buruan, 2001ean, Mata Hariren jaioterriko agintariek eta bere izena daraman fundazioak prozesu judiziala berrikusteko eskatu zioten Frantziar Justizia Ministerioari.




