-

Jose Angel Oria

2007ko Urriaren 12a

G auza bat esan eta aurkakoa egin. Fenomenoa ez da atzo goizekoa. Nazioarteko politikan horren adibide ugari izaten ditugu astero. Birmania edo Myanmarreko diktadura militarraren aurkako protesten inguruan Estatu Batuetako agintariek, esaterako, horixe egin dute azken bolada honetan, Amy Goodman kazetariak Democracy Now webgunean salatu duenez. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan Txinak eta Errusiak galarazi dute Birmaniako erregimenaren aurkako neurriak hartzea, eta estatubatuarrek, frantsesekin eta britainiarrekin bat eginda, diktaduraren aurkako eta manifestarien aldeko jarrera agertu dute. Horixe nabarmentzen du Goodmanek bere artikuluan, Bushen Gobernuak Birmaniako agintari militarren aurkako hitzaldi gogorra erakusten duela. «Bush presidenteak NBEko Batzar Nagusiaren aurrean esan zuenez, zigorrak gogortu egingo dituzte. Laura Bush lehen damak egin ditu adierazpenik gogorrenak. Birmanian ekintzaile den lehengusu bat daukala jakinarazi ondoren, zera esan zuen Laura Bushek: `Monje budisten eta birmaniar manifestarien aurka erabilitako indarkeriak erregimen militarrari ohorea kendu egin dio'».

ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoak egin berri duen bileran Condoleezza Rice AEBetako Estatu idazkariak (Atzerri ministroa) esandakoa ere ekartzen du gogora kazetariak: «'Gertatzen ari den iruzurrera nazioarteko arreta erakartzea erabakita daukate AEBek'. Nazioarteko arreta erakartzea funtsezkoa da, baina horrek ez gaitu erregimen militarrak duen aliaturik boteretsuena ahaztera eraman behar, etxetik oso gertu daukagun aliatua. Ricek oso ondo ezagutzen du: Chevron».

Goodmanek egiten duen irakurketaren arabera, herrialdeak dituen gas natural erreserbak dira Gobernu militarrari eusten diotenak. Erreserba horiek kudeatzeko, Chevron AEBetako multinazionalaren, Total konpainia frantsesaren eta Thailandiako enpresa baten laguntza du. Itsasoan eraikitako gas-plataformetatik Thailandiara eramaten dute erregaia, Yadana izeneko gasbidetik barrena. «Gasbidea egin zuten langileak esklaboak ziren, Birmaniako erregimen militarrak behartutako esklaboak. Hasiera batean gasbidearen kontrola zeukan bazkidea Unocal zen. EarthRights International erakundeak langile esklabuak erabili izana salatu zuen. Epaitegietatik kanpo salaketa konpondu bezain pronto, Chevronek Unocal erosi zuen». Egileak Marco Simons EarthRights International erakundeko zuzendariaren hitzak ere jasotzen ditu: «Zigorrek ez dute ezer lortu gasak erregimen militarra bizirik mantentzen dutelako. Yadana gasbidea abian jarri aurretik, erregimena larri ibiltzen zen ordainketak egiteko. Yadanari eta gas proiektuei esker, armak eta munizioa erosi ahal izan ditu, eta soldaduen soldata ordaindu».

Hamar urte daramatzate AEBek Birmaniako diktaduraren aurkako zigorrak aplikatzen, baina Unocalek lehen eta Chevronek orain, zigor horien eraginetik kanpo geratzea lortu dute. Kazetariak gogorarazten du Ricek Chevroneko zuzendaritzan hamar urte egin zituela, Nigeriako manifestari baketsu ugari hiltzeagatik konpainia salatu zuten garaian.