Itzulpen arazo bati egotzi dio Aleida Guevarak Teherango unibertsitateko hizlari batek Kuba ez dela herrialde sozialista esan izana: «Aitak sekula ez zuen Jainkoaz hitz egin"
Jose Angel Oria
2007ko Urriaren 12a
Ernesto Che Guevara gerrillariaren hilketaren berrogeigarren urteurrenak leku askotara eraman ditu iraultzaileari buruzko ekitaldiak, omenaldiak, erakusketak... Baita Irango Errepublika Islamiarrera ere. Amir Kabir unibertsitateko ikasle elkarteak eta Kultura Aliantzen Zentroa izeneko gobernuz kanpoko erakundeak Camilo eta Aleida Cheren seme-alabak gonbidatu zituen, AEBen mehatxupean bizi diren bi herrien artean zubiak eraikitzeko helburuarekin. Gainera, Teherango unibertsitateak «Che, Chamran bezala» izeneko konferentzian esku hartzera gonbidatu zituen bi kubatarrak. Ekitaldi honetan iritsi ziren arazoak, hizlari batek gerrillariaren oso irudi berezia, erabat okerra, eskaini baitzuen. Ez Che ez Kuba inoiz ez direla sozialista izan esan zuen Haj Saeed Ghasemi hizlariak. Eta Aleida Guevarak, oso era diplomatikoan, Ghasemik zuen informazioa ez zela zuzena erantzun zion, eta itzulpen arazo bati egotzi zion akatsa. «Kubako herriaren izenean argitu behar dut gu herrialde sozialista garela, Sobietar Batasunak Kubaren alde egin zuen guztia eskertzen dugula eta Moskuren eta Habanaren artean ez dela inoiz aipatzeko moduko arazorik izan», adierazi zuen medikuak. Ondoren, gomendio bat egin zion Ghasemi hizlariari: «Hobe da Cheren ideiei buruzko jatorrizko iturrietara jotzea, edozein itzulpen hartzea baino. Aitak ez zuen sekula Jainkoari buruz hitz egin, ez zuen Jainkoa ezagutu. Berak jakin bazekien egia absoluturik ez dagoela».
Antzekotasunak. Egia esan, Cheren eta Chamranen artean badago paralelismorik. Mostafa Chamran irandar islamiarra izan zen, zenbait herrialde musulmanetako gerrillatan aritutakoa. AEBetan egin zituen Ingeniaritzako ikasketak. Ondoren Libanora joan zen, Mousa Sadr buruzagi xiitarekin lan egitera. Herrialdearen hegoaldean Amal mugimendua eratu zuten orain hogeita hamar urte. Iranen Iraultza Islamiarra izan zenean, Jomeini aiatolak Defentsa ministro izendatu zuen. Chamrani egokitu zitzaion, Saddam Husseinen Iraken, erasoaldiari -AEBek bultzatutakoari- aurre egiteko indar paramilitarrak antolatzea. 1980an hasitako gerraren bukaera ezagutzerik ez zuen izan (1988an amaitu zen), 1981ean hil baitzuten.
«Batasuna, behar-beharrezkoa». Ghasemik hitzaldia eskaini aurretik, Morteza Firoozabadi PJSM Justiziaren Aldeko Ikasle Mugimenduko idazkariak, kubatarrak zergatik gonbidatu zituzten argitu zuen. «Gizadi osoarekiko ardura sentitzen dugu -esan zuen idazkariak-. Gure ustez, batasuna behar-beharrezkoa da, oso garrantzitsua. Gure ikasle taldearen eta Che Guevararen seme-alaben artean, eta Latinoamerikako herrialdeen artean, harremanak sortzearen arrazoia komunean daukaguna da».
Estatubatuarren beldurra. «Inoiz ez gara heriotzaren beldur izan, eta horixe da estatubatuarrak beldurtzen dituena -erantsi zuen Firoozabadik-. Gerraren bila dabiltzan horiek, giza eskubideak bortxatzen dituztenek, ezin gaituzte akusatu, terrorismo bezalako hitzak aipatuta. Guk zapalduen askatasuna besterik ez dugu nahi, pertsona guztien eskubideak berreskuratu nahi ditugu. Beraz, ez ditugu mugak ezagutzen eta bost axola estatubatuarrek zer izen jartzen diguten». Entzulegoa erne zegoen, burua estalita zeukan Aleida Guevarari eta Camilo anaiari begira. Ekitaldia Teherango unibertsitateko ikasle talde kontserbadore batek antolatu bazuen ere, entzule gehienak beste unibertsitate batekoak ziren.
Ezkertiarrekin. Amir Kabir Teknologia unibertsitateko ikasleekin ere egon ziren Aleida eta Camilo Guevara. ISNA Irango agentziak emandako informazioaren arabera, bertan Camilok bat egin zuen beste unibertsitatean arrebak esandakoarekin. IPS agentziak, berriz, bere burua «ezkertiartzat» duen ikasle baten adierazpenak jaso zituen: «Ahmadinejad presidenteak Venezuela, Kuba eta Bolivia bezalako herrialdeekin harremanak estutu nahi ditu, eta horrek islamiar militanteen ideiak eta Latinoamerikako ezkertiarrenak nolabait parekatzea eskatzen du».
Heriotz zigorra. Ikasle batek esandakoaren arabera, Mahmud Ahmadinejad presidenteak Latinoamerikako makina bat herrialde bisitatu ditu azken bi urteotan, «eta hona Hugo Chavez venezuelarra eta Daniel Ortega nikaraguarra ekarri zituen. Aldi berean, sozialismoaren aldekoa izatea hemen heriotz zigorrarekin ordaintzen da. Horregatik eskatzen diegu Ortegari eta gainerako buru ezkertiarrei Iranekiko jarrera argitzeko. Etekin ekonomikoak lortzeagatik Ahmadinejaden tankerako eskuin muturreko buruei laguntza ematen dietenean, gu salduta sentitzen gara».
Musulmana bata, ateoa bestea. Mohammad Sedaghat Shahed-eko unibertsitateko Ikasle Miliziako buruaren hitzak ISNA agentziak jaso zituen. Bere iritziz, «oso ondo dago Che Guevara, iraultzaile famatu moduan, gogoan izatea, baina gu musulmanak gara eta bera ez. Alde hori beti egongo da. Chamran iraultzaile musulman xiita zen, eta Che Guevara erabat ateoa. Bien justiziaren aldeko grina zen gauza komun bakarra. Gure aliatuak beste irizpide batzuen arabera aukeratu behar ditugu: AEBen aurka daudenak aukeratu beharrean, Jainkoa maite dutenak aukeratuta».
Che, Iranen alde? Aleida eta Camilo Guevarak oso garbi zeukaten bi herrien arteko aliantza sendotzeko helburua. «Ziur gaude Chek ontzat emango zuela gu hona etorri izana. Gainera, egungo AEBen aurkako gerran, bera Iranen aldekoa izango zen», esan zuen Camilok.




