Oinarrizko irizpide etiko batzuk errespetatuz, gizartean eragin onuragarria daukaten ekintza ekonomikoak finantzatzea posible dela frogatzen ari dira ezohiko banketxe batzuk. Elkartasunezko ekonomia alternatiboaren beharra gero eta handiagoa da negozio erraldoien mundu honetan
Jose Angel Oria
2007ko Urriaren 12a
Ekonomia gizakion mesederako da, ez alderantziz. Esaldi horrekin bat etorriko dira GAUR8ko irakurle gehienak, nahiz eta jakin, gaur egungo mundu honetan bakar batzuek etekin ekonomikoak lor ditzaten, normala izaten dela beste asko pobreziarik larrienean uztea. Herrialde industrializatuetako konpainiek herrialde pobretuetako herriekin egiten dutena aztertzea besterik ez dago: bertakoen eskubideei inolako jaramonik egin gabe, euren proiektuak jartzen dituzte abian, akziodunen etekinak biderkatzeko. Hegoaldekoen negarrak Iparraldekoen poltsikoa loditzen du.
Azken hamarkadotan Mendebaldean eratzen ari diren ekimen batzuek, banku etikoek esaterako, dinamika hori apurtu nahi dute, finantzatzen dituzten proiektuek gizartean eragin onuragarria egiten dutela bermatuta.
Euskal Herrian ere pixkanaka hazten ari da alternatiba hori. Iparraldean, dagoeneko, ia hogeita hamar urte egin ditu Hemen elkarteak. Jean Louis Lakak GAUR8ri adierazi dionez, «Euskal Herrian ekonomia sustatzeko 1979an sortutako elkarteak» makina bat proiektu finantzatzen ditu, betiere, bertako ekonomia garatzeko asmotan. «Kapital arrisku sozietatearekin lantegiak sortzen, edo handitzen, lagundu dugu. Jendeak horrela nahi badu, gure lanak aurrera jarraituko du. Hala ere, boladak ere izaten dira, batzuetan indartsuagoak eta besteetan ahulagoak», esan du Lakak.
«Armak ekoizten dituen lantegirik finantzatzen al duzue?», galdetuta, «Iparraldean ez dago armagintzan aritzen den enpresarik», erantzun digu Lakak. Edonola ere, eurek ere elkartasunezko ekonomian koka genezaken proiektua zutitu dute, eta Hego Euskal Herriko esperientzia ere kontuan hartzen dute. Laka buru-belarri dabil egunotan, azaroaren 10ean Baionan izango den ekitaldi sorta prestatzen. Iparraldeko barrualdeko eskualdeen garapena nola sustatu enpresariek, banketxeek, kazetariek eta bestelako eragileek azter dezaten antolatu dituzte ekitaldiok. Gipuzkoako Goierrin arlo honetan egin dena aztergai izango dute eskuhartzaileek.
Ekimen berriak
Mugaz bestalde, Fiare Inbertsio eta Aurrezki Erantzuleen Euskal Fundazioa daukagu. Bertan ari direnek esaten dutenez, «erabaki ekonomiko guztien atzean erabaki etikoak daude». Banku etikoaren bidean hasi ziren 2001ean. 2010erako kreditu kooperatiba independente bat eratzeko, akzio kapitala biltzeko kanpaina abiarazi dute. «Abiarazi baino, ekainean kanpaina iragarri besterik ez genuen egin -esan dio GAUR8ri Peru Sasia Fiare proiektuko zuzendariak-. Herritarren partehartzea posible egingo duten tresnak edo kanalak ipini ondoren, aurki, herritarrei zuzendutako kanpaina abian jarriko dugu. Orain arteko inertzia hutsarengatik, 200.000 euro konprometituta ditugu. Eta oraindik ez dugu ezer egin». Herritarrek proiektuaren berri izan dezaten, urriaren 21eko Pobreziaren Aurkako Egunaz eta tankerako aukerez baliatuko dira.
Fiare proiektua aurkeztu berri den Deposito Actua bezalako banku-produktuak baino urrunago doa, Sasiak nabarmendu duenez. Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak eta Triodos Bank -banka etikoaren aitzindari Europan- banketxeak aurkeztu dute aipatu produktua: epe finkorako ezarpena da, gutxienez, 1.000 eurokoa, komisiorik gabekoa, banketxea aldatzeko exijitzen ez duena, eta UTB urteko tasa baliokide %3,5eko errentagarritasuna eskaintzen duena. Lehen urtean, Triodos Bankek jarritako ezarpenaren %0,7 emango dio gobernuz kanpoko erakundeari, giza eskubideen aldeko lana egin dezan. Estatu espainolean eskaintzen den era honetako lehen banku-produktua dela jakinarazi dute sustatzaileek.
«Banketxe tradizionalen munduan aukera asko daude, gero eta gehiago, etika, elkartasuna, ingurumena eta horrelako hitzek bezeroak erakartzen dituztela konturatu baitira. Guk ez daukagu zerikusi handiegirik estrategia horiekin», esan du Fiareko zuzendariak. Proiektuaren fase guztietan herritarren eskuhartzea ahalbidetu nahi dute. «Guretzat herritarra ez da bezero edo kontsumitzaile hutsa. Guk herritarra banketxearen goitik-beherako jabea izan dadin nahi dugu, iritzia arlo guztietan eman dezan: langileen soldatari buruzkoa, finantzatu beharreko proiektuei buruzkoa...».
Sasiak askotan gertatzen den paradoxa azaldu digu: banketxe jakin baten jabe den konpainia multinazionalak egindako eskubide urraketari aurre egiteko, esaterako, banketxe horren «elkartasunezko» produktu bat kontratatzen da.
Fiare proiektuaren eta Deposito Actua bezalako produktuen artean dagoen beste ezberdintasun bat finantzatutako ekimenen «etikotasunari» dagokio. Deposito Actuaren kasuan, adibidez, Amnesty Internationalek bermatzen du diru horrekin ez direla agintari ustelentzat armak erosiko. Fiaren, berriz, herritarrak berak bere esku ditu dirua zertan erabili den ezagutzeko eta gainerako xehetasun guztiak jakiteko behar dituen baliabideak: «informazio guztia dago webgunean». Gardentasunaren aldeko apustua egiten dute.
Carlos Askunze REAS Ekonomia Alternatiboaren Sareko zuzendariak uste du Euskal Herrian badaudela sistema eta ekimen horien aldeko joera duten giza mugimenduak, taldeak, gizabanakoak, elkarteak... Hala ere, «banku tresna alternatiboa sendotzeko, urteak beharko dira», GAUR8ri aditzera eman dionez.
info+: Euskal Herrian lanpostuak sortzeko finantzazioa: www.herrikoa.com Euskal Herriko elkartasunezko ekonomiaren ataria: www.hemen-herrikoa.org REAS sarea: www.economiasolidaria.org Fiare proiektua: www.fiare.org Amnesty International: www.amnesty.org Triodos Bank: www.triodos.com Banku etikoa, Wikipedian: es.wikipedia.org/wiki/Banca_%C3%A9tica




