Iņaki Soto
2007ko Urriaren 12a
Ez naiz ekonomialaria eta ekonomiari buruz esan ditzakedanak tentu handiz hartu behar dira. Halere, nazioarteko harremanei buruz idaztea eta gure gogoetetan ikuspuntu ekonomikoa baztertzea kontraesan nabarmena da. Edo behintzat, muga handia.
Ondorioz, arriskuak arrisku, ur handitan sartzea erabaki dugu. Mundu mailako azken gertakari sozioekonomikoen eta finantzarien harira, ekonomiaz ezer gutxi dakigunontzat ere deigarria den fenomeno bati heltzea erabaki dut: merkatu askearen ideia eta estatuek edo nazioarteko erakundeek zuzendutako merkatu errealaren arteko harremana.
Merkatu askearen oinarriak
Teoria mailan, merkatu askean ondasunen eta zerbitzuen prezioak saltzaileen eta erosleen arteko adostasun askean oinarritzen dira, eskaintzaren eta eskariaren legeari jarraituz eta gobernuen aldetik erregulaziorik edo interferentziarik onartu gabe. Merkatuan parte hartzen duten agenteen askatasuna nabarmentzen da hemen, saltzaileek eta erosleek egiten dituzten tratuak borondatez egiten dituztela planteatzen denean.
Aditu batzuen ustez merkatu askearen ideia normatiboa da, alegia, ez du merkatuek nola funtzionatzen duten deskribatzen, nola funtzionatu beharko luketen esaten du, besterik ez. Eztabaida, beraz, ez da soilik merkatua benetan askea ote den, baizik eta izan behar ote duen. Areago, askea izan ote daitekeen eztabaidagai dago.
Ekonomia politikoan merkatu askeari merkatu kontrolatua edo zuzendua kontrajartzen zaio. Historikoki, AEBak merkatu askearen eredu direla esaten da eta Sobiet Batasuna merkatu zuzenduaren paradigma gisa aurkezten da. Zentzu murritz honetan, merkatu askea kapitalismoaren sinonimoa da eta merkatu zuzendua sistema sozialistaren ezaugarri nagusia. Zenbaiten ustez hau sistema kapitalistaren gorentasunaren froga da. Ikuspuntu hau murritza eta okerra da, jakina, baina zabalpen sozial handia du. Hala, gure sistema ekonomikoaren dogma nagusietako bat hauxe dela esaten dugu: kapitalismoan merkatua askea dela sinistea.
Kritika teorikoak
Aurretik azaldu dugunaren arabera, kapitalismoaren defendatzaileak merkatu askearen aldekoak dira. Orokorrean horrela da, baina onartu behar dugu kapitalismoaren aldeko autore gehienak nahiko eszeptikoak direla merkatu aske eta perfektuaren ideiarekiko. Erretorikoki, ordea, merkatu askeraren erreibindikazioa balio handiko tresna da. Nolabait, kapitalismoaren ikurra da.
Zalantzarik gabe, merkatu askeari egin zaizkion kritikarik sendoenak ezkerreko ikuspuntutik egin dira. Adibidez, Chomskyren esanetan «merkatu askea aberatsentzako sozialismoa da: publikoak kosteak ordaintzen ditu eta aberatsak onurak jasotzen ditu -merkatua txiroentzat eta estatu protekzio osoa aberatsentzat-». Estatuen barruan ez ezik, nazioarteko harremanetan ere berdin jokatzen da. Periferiako herrialdeek betekizunak dituzte baina eskubiderik ez. Mendebaldeko herrialdeek, ordea, estrategikoak diren alorrak estrukturatzeko eta babesteko baliabide guztiak eskura dituzte. Mendebaldeko herrialdeetako nekazaritza sariak dira praktika honen adibiderik aipatuenak.
Halere, artikulu honen helburua ez da ikuspuntu teorikoetan sakontzea, baizik eta ekonomiaren esparruan eman diren azken gertakizunek merkatu askearen dogma zalantzan jartzen dutela nabarmentzea.
Azken garaiko gertaerak
AEBtan hasi zen eta nazioarteko merkatuak kutsatu dituen finantza krisian, dogma honen zantzuak ikus daitezke. Adibidez, krisiak eztanda egin eta gero, AEBtako Erreserba Federalak eta Europako Banku Zentralak beren fondoetako dirua sartu zuten merkatuetan, likidotasuna bermatzeko. Adibiderik deigarriena Northern Rock entitate finantziarioaren kasua da. Northern Rock krisiak erasandako entitateetako bat zela zabaldu zenean eta bezeroen kezkak aurreikusita, Inglaterrako Bankuak bezeroen fondoak bermatzen zituela adierazi zuen. Kasua are deigarriagoa da Argentinan «corralito» delakoaren garaian, mendebaldeko bankuek izan zuten jarrerarekin alderatzen badugu. Jakina, kasu hartan bezeroak ez ziren ingelesak eta merkatu askearen argudioa zilegi zen.
Energiaren esparruan merkatu askearen fikzioa ere agerikoa da. Espainian bertan ikusi ahal izan dugu hori: Endesaren kasuan enpresa alemaniarren esku ez geratzea estatu gatazka bihurtu zenean lehendabizi, Latinoamerikan gas eta petrolio enpresei jarritako baldintzen kasuan ondoren eta Argeleko gobernuak oraintxe atzera bota duen gas azpiegituren kontratuaren kasuan azkenik.
Askatasuna kapitalismoan?
Esan bezala, ur handitan sartu gara artikulu honetan. Nolanahi ere, adituen baimenarekin, artikuluaren helburua ideia gutxi batzuk argi uztea zen. Beste ezeren gainetik, merkatu askea ez dela sistema kapitalistaren ezaugarri nagusia nabarmendu nahi genuen. Kapitalismoaren oinarrizko ezaugarria aberatsen interesak eta pribilegioak babestuko dituen antolaketa ekonomiko, sozial eta politikoa bermatzea da. Askatasuna kapitalismoan?, ezta merkatuan ere.




