e.lkarrizketa-Alaine Agirre idazlea -

Joxean Agirre

2007ko Urriaren 05a

Lau sari irabazi ditu kolpe batean Urruzuno literatur lehiaketan. Iaz irabazitako biak gehituta, sei ditu etxean. Hamasei urte bakarrik ditu, baina heldu batek moduan hitz egiten du batzuetan. Haurtzaroa, esate baterako, urruneko lurralde moduan aipatzen du dagoeneko. Elkarrizketari ekin eta «gaztea nintzenean» atera zaio, baina azkar zuzendu du hutsegitea. Zeharkako flauta kutxatilan duela iritsi da, ondoren musika eskolara doalako. Hain zuzen ere, flauta jotzailea da bere lan saritu bateko protagonista ere.

Nondik datorkizu zaletasuna? Nolakoa da etxeko giroa?

Aita irakaslea da, baina ez du literaturarik irakasten. Ezta amak ere. Sukaldeak eta bainuak diseinatzen ditu. Oroimena dudanetik, ordea, aita niri ipuinak irakuratzen gogoratzen dut edo neure burua ohean sartuta ipuinen batekin. Gogoratzen dut amak mugak jartzen zizkidala, eta tranpak egiten nituela argi txikiarekin irakurtzen jarraitzeko. Haur ipuinak bukatu eta Harry Potterrekin hasi nintzen. Gazteleraz Harry Potterrekin ikasi nuen gehienbat. Badut lau aldiz irakurritako bere libururen bat. Gaztetan, beno, txikitan, Harry Potterren eragin handia izan nuen. Fantasia handikoa nintzen. Ez dago ondo esatea, baina jolas orduetan aspertu egiten nintzen apur bat gelakoekin, eta liburutegira joan eta irakurtzen jarraitzen nuen. Ihesbide bat izan zen literatura. Irakasleak behin esan zigun «gaur idazleak izango zarete eta ipuin bat idatziko duzue». Gelakoek hiru bat esaldi idatzi zituzten artzatxoari edo ez dakit zeri buruz. Ni lamia bati buruz idazten hasi nintzen eta orrialde bat bete nuen. Idazten ikasi eta laster izan zen hori. Bederatzi-hamar urterekin banuen liburuak ematen zizkidan irakasle bat, Mari Jose Guillem, eta, egun batean, liburu bat idazten ari zela aitortu zidan. Hura izan zen aurrez aurre ikusi nuen lehen idazlea eta harrituta utzi ninduela gogoratzen dut. Orduan hasi nintzen pensatzen, beharbada, egunen batean, neuk ere liburu bat idatziko nuela. Horren eraginez edo, fantasiazko ipuin bat idazten hasi nintzen euskal mitologiari buruz, eta pare urte igaro nituen ipuin horrekin bueltaka. Hamar urte izango nituen orduan. Gero, institutura joan eta idazteari utzi nion. Hamabi urterekin inguruak eragin izugarria izaten du. Nire zaletasuna ez zela oso normala ikusi zuen, eta alde batera uzten saiatu nintzen.

Txikitako idazteko modu espontaneo hura eta oraingoa erabat ezberdinak izango dira. Orain hilabeteak pasatuko dituzu poema bat idazten.

Nik oso poema gutxi idazten ditut. Poemak maiteminduta nagoenean edo desmaitemintzen naizenean idazten ditut.

«Insomnio gauetan idatzitako zirriborroak» gustatu zait, baita blogean eskegita duzun «Zuretzako poema bat» ere.

Eskerrik asko, eskerrik asko. Bigarren hori aurtengo bidaian idatzitakoa da «gatzerdi literarioan» sartzeko.

Nolakoa da zure etxeko gela? Zer poster dauzkazu? Non dituzu irabazitako sariak?

Lehen Harri Potterren posterrak nituen, baina amak dekorazioaz zerbait badakienez, emakume baten posterra oparitu zidan eta hura jarri nuen. Biluzi psikodeliko samarra da, ez dakit zein margolarirena. Ohearen gainea daukat hori, eta gero beste hiru koadro daude zebra banarekin. Lagunen argazkiak ditut, postalak eta sariak ere hor jarri ditut. Apal batean nituen lehen eta, orain, bigarren bat jarri behar izan dut, aurten bertan, Urruzunokoez gainera, Azkue sari bat eta BBKko beste bat ere eman zizkidatelako. Lehen gelan nituen liburuak ez dira sartzen, eta egongelako liburutegian sartu ditut gurasoenen ondoan. Atrila eta ordendorea ere gelan ditut.

Markatu zaituzten pare bat idazle aipatu beharko zenituzke.

Izugarri ukitu nauen liburu bat Julen Gabiriaren «Han goitik itsasoa ikusten da» izan da. Julenek literatur tailerra eman zuen herrian. Hamahiru urte nituen eta beste lagun bat behartu nuen tailerrera joatera. Bi neskato ginen eta beste denak nagusiak ziren. Hamalau urterekin irakurri nuen liburu hori eta hunkitu egin ninduen. Iaz irakurri nuen bigarren aldiz eta esaldi bakoitzarekin gozatu egin nuen. Eta orain irakurri dut hirugarren aldiz. «Connemara gure bihotzetan» gustatu zitzaidan, baina ez horrenbeste, eta oraindik orain atera berri duen umeen liburu bat ikaragarri gustatu zait, «Metro bateko letrak». Baina ingelesez ere irakurri behar izan ditut hizkuntza lantzeko, eta euskal liburuekin atzerapen handiarekin nabil. Zerrenda bat daukat zain. Txikitan Harri Potter izan zen nire eredua, baina orain ez daukat erabateko eredurik.

Lan sarituak aipatu behar ditugu banan-banan. Has zaitez «Ikararen korridorearen gaindi» zertaz den agertzen.

«Ikararen korridorearen gaindi», neurri batean, autobiografikoa da. Flauta jotzen duen neska batek kontzertua eman beharko du, eta agertokirako korridorean barrena oroitzapenak etorriko zaizkio burura. Kontzertu batean flauta jotzen ari nintzela bururatu zitzaidan ipuin horren argumentua. Jotzen ari naizenean, burua joan egiten zait askotan. Herrian ematen ditugu musika eskolako emanaldiak. Jendearen aurrean zeure barrua agertzeak beti ematen du ikara pixka bat. Elkarrizketa hau egiteak ere sortzen dit beldur hori. Korridorean barrena doala, emango duen pauso bakoitzeko, gogorapen bat etorriko zaio: nola erabaki zuen idazle izatea, aitaren heriotza eta beste hainbat kontu. Prosazko bigarren lan saritua «Agian» da. Bizitza beti gerorako uzten ari den pertsona baten istorioa da. Urruzunokoekin Baltikora egin nuen bidaiaren ondoren idatzi nuen ipuina. Oso ukituta itzuli nintzen bidaia hartatik. Eta bizitzeko gaitasunik ez duten pertsonei buelta asko eman nizkien. Ipuin honetan ez dut zehazten protagonista mutila ala neska den, baina nik mutil moduan ikusten nuen. Azkue sarietara ere gai horren inguruko ipuin bat bidali nuen, eta saritu egin zuten. Bizitzen ahaztu zitzaion emakume bati buruzkoa zen. Egun guztiak gauza berak errepikatuz bizi den jendea da. Nire ustean, bizitza ez dut bizi behar nuen moduan bizi izan, eta Urruzunokoen bidaian ikusi eta ikasi nuen une oro bizitzen. Iazko bidaia hura oso intentsoa izan zen niretzat. Jende berria ezagutu nuen eta gehienak sekulako artistak ziren. Ahoa ireki gabe egin nuen ia bidaia osoa. Segurtasuna eman zidan. Asko ikasi nuen. Beti ahalegin baten ondoren idatzi izan dut, eta aurten idazteari atsegin handia hartzea lortu dut. Neure burua besteena baino gutxiago dela pentsatzeko joera dut, baina bidaiak norbere burua onartzen erakutsi zidan. Egia esan, hain jende ona ikusi nuen bidaia hartan, hilabete bat lur jota egin nuela. Ondoren hasi nintzen idazten.

Jarrai ezazu horretaz hitz egiten. Idazteko zaletasuna onartzen lagundu al zizun bidaiak?

Hamasei urterekin ez da oso arrunta idaztea. Eta han herri bakoitzeko arraroenak bildu ginen, eta ni bezalako gehiago ere badaudela ikusi nuen. Orain arte, nire benetako nortasuna apurtxo bat baztertuta eduki dudala ikusi nuen, eta nintzen moduan agertzen hasi nintzen. Neu izaten hasi nintzen, besteek pentsatzen dutenari jaramon gehiegirik egin gabe. Kontuan izan behar da iazkoa nire lehen bidaia izan zela, eta lehen aldiak beti izaten dira intentsoagoak. Ni artean oso itxia nintzen eta inguruan nituen artisten ondoan gutxigo sentitzen nintzen. Aurtengoak ez du beharbada horrenbesteko eraginik izango.

Bidaian joaten diren idazleek zuen lanaren jarraipenik egiten al dute ondoren?

Aurten Josu Martinezekin oso harreman estua izan dut eta, laguntza behar badagu, bera prest dagoela esan zuen. Ordudanik, behin baino gehiagotan biltzen gara parrandaren baten aitzakian, eta gure lanei buruz hitz egiten jarraituko dugu.

Poesia saileko lan sarituak falta zaizkigu komentatzeko.

«Hiru segundo eta erdi»n begirada baten betikotasuna kontatzen da, hiru segundotan laburtuta. Bi begiradek topo egiten dutenean, pertsona horien baitan gertatzen dena adierazten saiatu nintzen. Maitasun poema da. Azkena, «Insomnio gauetan idatzitako zirriborroak» da. Lagun bat daukat Mungian nire zera guztiak irakurtzen dituena. Poema labur batzuk idazten hasi nintzen eta elkartuta oso ondo geratuko zirela esan zidan, eta horrelaxe egin nuen. Zertzelada txikietan oinarritutako poesia da. Edozein izkinetan poesia topatzen duen pertsona baten istorioa da. Niri ere gertatzen zait batzuetan, inspiratuta nagoenean; batez ere, lehen, gauez idazten nuenean.

Norena da zuen blogetan agertu zen «Bi begi, bi itsaso» anonimoa, gero hainbeste eztabaida eragin zuena?

Lekeitiar batena da. Iazko poema bat da. Jonky Xote moduan izenpetu zuen poema hura. Guk poema Jon Iraolarena zela pentsatu genuen eta sekulako nahastea sortu zen. Literatura gutxi eta salsa arrosa asko egon ohi da horrelako kontuetan.

Zer ikasketa egiteko asmoa duzu datorren urterik aurrera?

Euskal eta Ingeles filologiak ikas ditzaket, baina gehiena Matematikak eta Fisika gustatzen zaizkit. Irakaslea izan nahi dut eta uste dut Fisika ikasiko dudala. Gainera, Fisikako klaseetan izan ditut idazteko ideiarik onenak.