ETORKINA / -

Xole Aramendi

2007ko Irailaren 21a

Txirrindularitzak ekarri ninduen Euskal Herrira. Hogei urtetik gora daramatzat hemen bizitzen. Hiru ziklista etorri ginen, Guatemalako selekzioko kide moduan. Txirrindularitzak Euskal Herrian zuen maila ona ikusita ikastera etorri ginen. Euskaldunak harrituta geratu ziren: `nola bidali zaituztete hona, horretarako behar den diru guztiarekin!' galdetzen ziguten. Hoteleko egonaldia, lasterketetara eramaten gintuen gidaria... dena ordaintzen ziguten. Selekzio moduan aritzen ginen, baina proba batzuetan hemengo taldeen arduradunek eurekin lehiatzeko aukera ematen ziguten.

Ziklismo profesionala utzi eta bizikleta-komertzial, masaialari... hainbat lanbide izan nituen, baina txirrindularitzarekin batere zerikusirik ez zuen zerbait aurkitu nahi nuen. Izan ere, pena handia eman zidan txirrindularitza profesionala utzi behar izanak. Proba baten ondoren, nire gorputzak ez zuen glukosa-maila behar bezala errekuperatzen. Egun bateko proba klasikoetan bai, baina ezin nuen lasterketa luzerik korritu. Zaila izan zen. 1991. urtea zen. Ondoren, 1995ean Espainiako Mountain Bike Txapelketa korritu nuen, orduan ere lagun batzuk bultzatuta. Esperientzia polita izan zen. Zorteko sentitzen naiz. Ziklismoan aritzeko bila etorri eta apustua ondo atera zitzaidan.

Hainbat enpresentzat elektrikari aritzen naiz lanean. Furgonetan bobinak, transformadoreak eta goi-tentsioko koadroak hartu eta hara eta hona ibiltzen naiz. Gustatzen zait; ez daukat aspertzeko tarterik. Ez dut balio lau hormen artean lanean aritzeko eta lanbide honek batetik bestera ibiltzeko aukera ematen dit.

Euskal Herriko eguraldia gogor samarra egin zitzaigun hasieran. Euria atertu zain bi egun egin eta hirugarrenean are gehiago ari zuela ikusita, azkenean errepidera ateratzen ginen entrenatzera. Gutako batek, moldatu ezinda, bertan behera utzi zuen txirrindularitza.

Kasualitatez hasi nintzen bizikleta gainean lehian. Izeba baten bitartez, hamabost urte nituela, zereal lantegi batean hasi nintzen lanean. Han inguruan txirrindulari batzuk ibiltzen ziren, errepidean hara eta hona. Nik orduantxe eskuratu nuen lehenengo bizikleta, kostata, gurasoek ez baitzuten nahi. Portuan gora euren erritmoa mantentzen nuela ikusita, ziklistek entrenatzaileari nire berri eman zioten eta halaxe hasi nintzen. Urtebete egin nuen haiekin. Berehala talde on batek fitxatu ninduen eta bizimodua erabat aldatu zitzaidan. Mexiko, Brasil, Kolonbia... hainbat herrialde ezagutu nituen. Gainera, lagun ugari eman dizkit txirrindularitzak eta asko gozatu dut.

Etxekoek ziklismoa ez zuten lanbidetzat hartzen, baina azkenean ikusi zuten ondo moldatzen nintzela eta aurrera egin nezakeela. San Jose Pinula alboan, Las Anonas herrian bizi nintzen familiarekin. Zazpi anai-arreba gara. Aita oraintsu hil da.

Orain neurea dut hemen. Emaztea, Marian, donostiarra da. Hiru alaba ditugu: Haizea, Ainhoa eta Nerea. 15, 13 eta 7 urte dituzte, hurrenez hurren. Hasieran Donostian bizi ginen baina Zizurkilera joan ginen, nire jaioterriaren antzekoa da-eta. Donostia hiri ederra da, baina nahiago dut herri batean bizi. Bertako bizilagunak oso atseginak dira eta gustura nago. Euskaraz pixka bat egiten dut. Zerbait ulertzen dut eta hitz egiten ere ausartzen naiz, ez naiz lotsatzen.

Azken urteotan bi aldiz joan gara Guatemalara oporretan. Ez da erraza guztiok joatea, garestia da. Gainera, hilabete behar da gutxienez. Laster ama hona etortzekoa da, bisitan. Gurekin geratzea nahiko nuke baina momentuz bera ez dago guztiz konbentzituta. Ikusiko dugu.

Familiaren bitartez jasotzen ditut Guatemalako berriak. Hauteskundeetan Rigoberta Menchuren hautagaitzak zerbait lortuko zuelakoan itxaropena neukan, baina zaila dute, beste alderdiek diru gehiago eta botere handiagoa baitute kanpaina egiteko. Pena ematen dit. Nire familia nahiko ondo bizi da, baina okerrago daudenak ditut gogoan. Agintarien helburua patrika gizentzea da, besterik ez zaie axola.

Hiriburuan bizimodua gogorra da, ondoen herrietan bizitzen da. Kontua asko aldatu da. Las Anonas ingurua dena berdea da. Lehen lau etxalde bakarrik ikusten ziren bidearen bi aldeetan baina orain aberats guztiak ikaragarrizko etxeak eraikitzen ari dira. Joan nintzen azken aldian hiriburua zirudien, zegoen trafikoa ikusita.

Hasieratik integratu nintzen hemen. Kirolaria izanda, errazagoa gertatu zait. Errepidean elkarren aurkari gara, baina amaitzean laguntzeko prest izan ditut txirrindulariak.