Euskal Herrian ez da oraindik merkaturatu Apple etxearen, Steve Jobsek zuzentzen duen enpresaren, iPhone ezaguna. Argazkietan ikus dezakezuena Los Angelestik ekarri du Donostiako Bilbomicro Apple Center saltokiak. Tramankulua frogatzeko, bezeroei utzi diete, baita GAUR8ri ere. Hona hemen emaitza.
Haritz Rodriguez
2007ko Irailaren 14a
Xabier Telleria eta Aitor Kaperotxipi dira Donostiako Bilbomicro dendako arduradunak. Orain bi urte inguru bere gain hartu zuten Apple Center banatzaile baimenduaren kudeaketa eta, egoitzan obra egin ostean, orain martxa bizian dute denda.
Itsas itzulia egin du gaur hizpide dugun iPhoneak Euskal Herrira iristeko. Kaperotxipik GAUR8ri kontatutakoaren arabera, «bezero batek AEBetara joateko asmoa zuela esan zigun eta Xabierrek iPhone bat ekar zezakeela esan zion, erdi txantxetan. Halako batean, deitu egin zigun, eta telefono hori begien aurrean zuela esan zigun. Nahi ote genuen galdetu zigunean, baietz esan genion, eta ekarritakoan ordainduko geniola. Irailaren 5ean, asteazkena, iritsi zen bezeroa eta telefonoa eman zigun». Telefono bat baita iPhonea, baina askoz gehiago ere, Kaperotxipik gogorarazi duen bezala: «Ezin daiteke ohiko telefonoekin aldera. handiagoa da eta pixu handiagoa du, baina telefono arrunt batek baino askoz ere aukera gehiago eskaintzen ditu».
iPhonea jasotakoan, ez pentsa piztu eta berehala abian jarri ahal izan zutenik. Izan ere, Applek bere tramankulu kuttunenetakoa merkaturatzeko AT&T telefono operadorearekin adostu du kontratua: «Piztu genuenean, segidan iTunes programa piztu zen. Apple Store edo Apple Dendaren bitartez, AT&T konpainiarekin kontratua on line egiteko aukera ematen zuen. Besterik ezin zitekeen egin, blokeatuta zegoen iPhone berria».
Aitor Kaperotxipik tresna berritzaile hori eskuan izan zuen lehenengo aldian, ondokoa pentsatu zuen: «Uste nuena baino txikiagoa da, eta finagoa. Aplikazio mordoa dauka eta ordenagailu txiki baten antza gehiago du telefono batena baino». Laster hasi zuten aparatua askatzeko ikerketa. Lehendabizi, ordenagailura konektatu eta terminaletik komandoak bidalta saiatu ziren, hainbat aldiz, «ordu txikiak gainera etorri zitzaizkidan arte». Baina ezer ez. Ez zuten askatzea lortzen.
Interneten begiratzen hasi ziren, eztabaidaguneetan eta abarretan. Bazekiten, aste batzuk lehenago, AEBetako gazte batek iPhonea «krakeatu» zuela AT&T ez den beste konpainia batekin lan egin zezan. Azkenean, Iactivator deritzon adabakia erabilita lortu zuten blokeoa haustea.
Aukera anitzak
Ordutik, aukera guztiak ditu eskuragarri geure euskal iPhoneak, bat izan ezik: Telefonoa. Baina zein akordatzen da telefonoarekin bideoak ikusi, musika entzun, argazkiak atera eta Internetera hari gabe konektatzeko aukera duen tramankulua izanda? «Interneten nabigatzeko eskaintzen duen aukerak atentzioa deitu zidan», gaineratu du Kaperotxipik. Hasieran, aukera jakin batzuk bakarrik izango zituela uste nuen. Orrialde zehatz batzuetara sartzeko aukera, iTuneseko podscast-ak eguneratzeko. Baina edozein webgunetara sartzeko aukera ematen du. Ea Banka elektronikoan eragiketak egitea ahalbidetzen duen ere frogatu dugu. Eta primeran dabil». GAUR8.info ere ederki ikus daitekeela frogatu dugu.
Besteren artean, «pantaila ukigarriko teklatuaren zehastasunak ere txundituta utzi nau. Hori izan da entzun dudan kritika nagusia. Baina gure lankide eta bezeroen artean badago hatz potolo samarrak dituenik ere... eta ez du inolako arazorik izan posta elektronikoak idatzi eta bidaltzeko, adibidez». Bestalde, Kaperotxipik nabarmendu duenez, «pantailaren bereizmena ere ikaragarria da, eta iPodaren aukera guztiak eskaintzen ditu».
Google-ren mapak
iPhonea Europara iristen denean izango dituen aukeren artean, mapa zerbitzua da Kaperotxipiren ustez erabilgarrienetako bat. Interneterako konexioa dagoen bitartean lan egiten du,«baina nik uste dut laster aterako dela GPSarekin lan egiteko ahalbidetuko duen periferikoa. Izan ere, prozesadoreari begiratu bat eman diogu eta GPSarentzako prestatuta dagoela antzematen zaio. Bestela, eguraldiaren aurrikuspena, argazki kamera eta eposta kudeatzeko programatxoa ere badakartza».
Gerora iPhone hori saltzen aritu beharko bada ere, aparatuaren inguruan ez ditu soilik loreak bota nahi enpresari gazteak. «Safarirekin nabigatzerakoan, adibidez, zoom-aren bitartez `orrialdea' gerturatu eta urruntzerako orduan batzutan ez da oso garbia eta aginduak ez ditu behar bezala betetzen. Duen eduki ahalmenari deritzot akats nagusia, akaso. 8 gigabyte gutxi iruditzen zait, 80 Gb-ko edo atera berri duten 160 Gb-ko iPodaren alboan. Egun, telebistari lotu eta bideoak ikusteko aukera ematen du iPodak. Baina 8 Gbtan ez dira pelikula asko sartzen», esan du gazte azpeitiarrak.
Applerekin lanean
Donostiako Apple Center hori banatzaile baimendua da, nahiz eta ez dituzten Steve Jobsen enpresako produktuak soilik saltzen. iPhonea oraindik iritsi ez bada ere, dendan gaudela iPod Touch berriak ailegatu dira, labetik atera berriak. Touch delakoa iPhone baten antza handia du, wi-fi konexio eta guzti, baina telefonorik gabe.
Irudia, marketina, produktua, lan moldea... oso ondo zaintzen dituen etxea da Apple. Horrelako etxe batekin lan egiteak zer suposatzen duen galdetu diogu Aitorri: «Jobs berak oso itxura informala du. Eta beren ekoizpenen aurkezpenak oso ikusgarriak izan ohi dira. Hori bai, kirola egiteko zapata txuriekin ematen ditu hitzaldiak... Enpresa handia da, eta gauzak egin baino lehen oso ondo pentsatzen dituztela uste dut. Geroari, etorkizunari begira. Alde horretatik, PCekiko pauso bat aurrerago daudela pentsatzen dut nik».




