Irundarra bada ere, 2000. urtean sarearen bidez bilakatu zen «eibarnauta". Euskaraz idazten diren blogen artean irakurrienetakoa da berea: «Harrikadak". Batzuetan xamurragoak, besteetan bortitzagoak, izaten dira bere jaurtiketak. Donostian bizi da, eta bertan egiten du lan. Hain zuzen ere, Anoeta estadioaren inguruetan. Baina bertara iritsi baino lehen bilakatu zen Realzale amorratu.
Haritz Rodriguez
2007ko Abuztuaren 24a
Alianzo entrepresak osatutako zerrendaren arabera, euskarazko blogen artean irakurrienetakoa da Mikel Iturria, Iturrirena. Lehenengo hiru postuetan, podiumean, beraz, dago kokatua, lerro hauek idazteko orduan. Iturrik berak ez dio garrantziarik eman nahi, ordea. «Ez dut uste zerrenda horretako datuak oso zehatzak direnik. Ranking horretan azpitik ditudan blog askok nireak baino irakurle gehiago dituztelakoan nago». «Harrikadak» du bitakorak izena eta ondoko helbidean aurki daiteke: www.eibar.org/blogak/iturri.
Blogaria ez ezik, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxeko zuzendaria ere bada Iturria, Anoeta estadioaren inguruetan. Bertan harrapatu nahi izan dugu, in fraganti. Egun goibela, euria gustatzen ez zaionarentzat behintzat... Realaren estadioaren porlanezko paretek are grisago dirudite zaparradak eragiten duen begirada lausopean. «Nire ingurunea Anoeta da. Hemen igarotzen dut ia egun osoa». Baina Irunen sortu zen, Landetxako baserri batean hazi, Interneten eibartartu (eibarnautatzat du bere burua) eta Antigua auzoan bizi da orain.
Elkarrizketatzaileak futbola gustuko ez duela aitortu dio. Agian, Realaren estadioaren erraiak ez dira gisa honetako aitorpenak egiteko tokirik egokiena. «Zeri buruz hitz egin behar dugu, orduan?», erantzun du Iturriak. Realzale porrokatua baita irundarra. Baina zeru ilunak are ilunago irudikatzen du futbol taldearen etorkizuna.
«Interneten 2000. urtean hasi nintzen. Hasieran lanean neukan konexioa, eta gero etxean jarri nuen. Zer zegoen ikusten hasi eta, batetik, Bidasoako posta zerrenda kudeatzen Juan Etxenike zegoela kontuatu nintzen», ekarri du gogora. Etxenikeren arrastoari jarraiki, orduan Xare goitizenarekin zen ezaguna Interneten, iritsi zen Mikel Iturria Eibartarrak posta zerrendara. «Interneten zabiltzanean zer da funtsezkoa? Bada, posta elektroniko bat. Orduan ikusi nuen Eibar.org guneko partaide izanda nik nahi nuen e-maila eskuratzeko aukera». Eta, gaur arte, posta elektroniko helbide berbera darabil sareko harremanak bideratzeko. Lekukotasun gisa, esan dezagun helbide horren bidez harrapatu zuela GAUR8k Iturri ustekabean.
«Eibarnauta»
Blogariaren arabera, «hori anekdota txiki bat besterik ez da, baina horrelaxe bilakatu nintzen eibarnauta». Gari Araolaza eta Luistxo Fernandezek egin zioten leku, «biak ala biak aitzindariak», Eibarko semeordeari. «Oso posta zerrenda bizia da egun ere. Nukleo gogorra eibartarra da, baina kanpoko jende asko ere badago. Eskualde hartakoak eta eskualdekoak ez direnak ere. Xabier Mendiguren Elizegi editore beasaindarra, Bergarako jendea, Elgetakoa, bizkaitarren bat eta ni neu, irundarra». Ez da inoiz herri armagilean bizi izan, baina eposta helbideko abizena eibar.org du...
Bere blogean «harrikadak» jaurtitzen ditu astero-astero, baita pedradak ere, elebiduna baita. Urteotan, 400 artikulutik gora idatzi ditu eta horietako bat gogorarazteko eskatu diogunean, dezente kosta zaio. Letraz eta mamiz betetako ozeano bat da da bere bloga...
«Nondik datorkio zure blogari Harrikadak izena?», galdetu diogu. «Lankide oñatiar bati entzun nion behin: `Zelako harrikada!' Nik ez nuen esamoldea erabiltzen. Eta gustatu zitzaidan, zentzu asko dituelako», erantzun digu. 2004an Eibarko posta zerrendako kideen artean blog komunitatea sortzeko proposamena zabaldu zen. Ikastaro bat egin, eta blogari bilakatu zen, beste askorekin batera.
Gaztelaniazko iturrien artean, Javier Ortiz kazetaria erreferentetzat du Mikel Iturriak. «Egunero idazten du 2000. urtetik bere blogean, eta oso egun gutxitan, eta seinalatuetan, utzi izan dio idazteari». Bere garaian, Internet bidez jarri zen kazetariarekin harremanetan eta, beranduxeago, Patera izeneko posta zerrenda osatu zuten bien artean.
«Hori XX. mendekoa da» esaten duenean, zaharkitua dagoela esan nahi du blogari irundarrak. Nahiz eta zazpi urte besterik ez diren igaro mende hori atzean utzi genuenetik.
Bloglines RSS batzailean 81 lagun harpidetu dira bere blogeko edukietara; erdaraz, 20 inguru. «Horiek guztiek jasotzen dute nire jarioa, baina ez du esan nahi guztiek irakurtzen nautenik. Gehienek ez dute egingo, hori oso garbi daukat. Zaila da jakitea. Estatistikak begiratuz gero, erabiltzaileen gehiengoak blogean bost segundo besterik ez dituela egiten ikusiko duzu».
Batzuetan, ordea, blogariek gai bat landu eta bete-betean asmatzen dute. Joan den udaberrian, Iturrik ViñaRock musika jaialdiari buruz idatzi zuen, ekitaldia egiteko lekua aldatu zutela-eta. Fermin Muguruzak bertan jo behar zuela ikusita, Soziedad Alkoholikaren aurka iaz egindako kanpaina gogorarazi zuen, eta sekulako erantzun zaparrada jaso zuen ondorengo egunetan.
Normalean, gauean idazten ditu bere blogerako sarrerak, etxean. «Irutxuloko Hitza» egunkarian argitaratzen dituen zutabeak ere iraultzen ditu sarera. «Ordenagailua piztu, posta jaitsi... Gairik badaukat, horren inguruan idazten dut. Bestela, Bloglines-eko jario berriak irakurri behar izaten ditut gairen bat topatzeko...». Hori egin beharko du agian gaur, aitortu digunez, larunbaterako pentsatutako gaia ahaztu egin baitzaio. Geure ezusteko agerraldiak, bederen, eragin ez izana espero dugu...
Harrikadak jaurtitzen ditu bere blogetik. Baina zein izan da jaurti duen harrikada bortitzena?: «Saiatzen naiz tonu bat izaten. Paperean, idazteko orduan, kontuz ibili behar bada, Interneten are kontu handiagoa izan behar da. Batzuetan, oso haserre gaude... Jakina, gurea bezalako gizarte batean, askotan haserretu behar dugu. Baina haserre hori publiko egiterakoan, neurtzea komeni da». Ez du xehetasun gehiegi eman nahi, baina behinola, Rolling Stones taldearen kontzertu bat tarteko, Donostiako Udalari kritika egin zion eta nahikoa oihartzun izan zuen Mikel Iturriak idatzitakoak.
Eta harrikadarik eroena? Zentzugabekoena?: «Benedicto XVI.a izendatu zutenean `Ratzinger Z'ri buruzko sarrera idatzi nuen». Bere harrikaden artean zorrotzenetako bat «Diario Vasco» egunkarian Lotinari buruz idatzitako artikulu baten harira idatzi zuela aitortu digu azkenean. Anoetan gaudela, ezin alde egin Realaz hitz egin gabe.
Talde donostiarraren gotorleku nagusiaren inguruan bizitza egiten baitu Mikel Iturriak eta, beraz, ezinbestean izango du behin eta berriz hizpide futbola. Baita jarraitzaile delako ere. Lantokiaz gain, zer du ba Anoeta inguruak bertan egiteko?: «Lanean goiz eta arratsaldez jarduten naiz, batzuetan baita larunbatetan ere. Eta inguruetan bazkaltzen dut maiz. Igandeetan Reala ikustera edo igerilekura etortzen naiz. Asko ibiltzen naiz hemen inguruan».
Taldea bigarren mailara jaitsi izanak, ordea, ez ditu Iturriren usadioak aldatuko: «Ez. Bazkide izaten jarraitzea erabaki dut, argi daukat». Baina erabakia hartu badu, hausnartu ere hausnartu duenaren seinale: «Futbola gainbeheran dagoela uste dut. Donostian behintzat. Lo geratu gara. Talde honen ingurunea (zuzendaritza, jarraitzaileak, hedabideak...) lo sumatzen dut. Eta futbola, bizitzaren beste arlo asko bezala, oso azkar dihoa. Garai batean Osasuna guri begira zegoen. Niretzako Nafarroako taldea da orain eredua. Mement honetan, hurbileko eredu bat daukagu eta gauzak nola egiten dituen aztertu beharko genuke», esan du.




