Busturian estreinatu duen etxe berrian bere ibilbideko lekuko diren bildumak antolatu ditu Kepa Junkerak. Biltzaile konpultsiboa da, dena gordetzen du. Memoriaren euskarri horiek baliatuz, liburu bat prestatu nahi du. garai zaharrak gogora ekarri ditugu. Hala, 1988ko Txapelketan Joseba Tapiak txapela janzteagatik irabazi zuen soinu txikia berari oparitu ziola kontatu digu. Hamahirugarren diskoa bidean du dagoeneko.
Joxean Agirre
2007ko Abuztuaren 10a
Biltzaile konpultsiboa da Kepa Junkera, maniatikoa ez esatearren. Bere memoriaren euskarri eta lekuko izan diren gauza oro gordetzen du, ez edozein moduz gainera: txukun eta era antolatuan egiten du, bere ibilbideari buruzko liburu bat prestatu nahi baitu. Artxibategi dotore batzuetan, prentsan atera diren berari buruzko lanak daude. «Zure elkarrizketaren bat ikusi nahi baduzu, aterako dizut. Dena digitalizatuta daukat», esan du baserriko bigarren solairuan dituen apalak seinalatuz. Hori bai, baserri hitzak ez du Junkerak Busturian, San Bartolome baselizatik gertu, duen Oliene etxea definitzen, hiru solairuko eraikuntza hori barrutik txundigarria baita. Hormetako zuria egurrarekin eta kristalarekin konbinatuz, espazio garbiak lortu ditu. Leiho ikusgarrietatik inguruko lorategi eta zelaiak ikusten dira. Horietako batean haurrentzako egurrezko etxetxo polita eraiki du, barruan ohatze eta guzti. Haurrak, Marem, Sunne eta Kerman, telebista ikusten ari dira. Oso guapoak direla komentatzen diot. «Emaztearen antza dute. Miren oso goapa da», erantzun zidan.
Edonon daude oroigarriak: bere diskoek jasotako sariak -«K»gatik jaso zuen Grammya, «Marem»engatik izan zuen izendapena edota urrezko diskoa-, itzuli luzeetatik etxekoei bidalitako postalez betetako lauzpabost album, esku-programak, munduan barrena erositako panderoak, aitonak jotzen zuena -larrua zartatuta du-, alboka ilara bat -tartean eskaintza eta guzti duen Txilibrinena eta Joxe Mari Leon Bilbaoren aitarena-... Horma oso bat hartzen duen soinu txikien bilduma ere ikus daiteke. Soinu horien artean dago 12 urterekin erabiltzen zuena edota gaztea zela Zabaletarekin batera Donostian erositakoa. «Hamabi urte nituela, trikitixa bat utzi zidan osaba batek, Royal zahar bat. Harekin, pieza bat jotzen ikasi nuen. Egun batean, lagun batzuk etorri ziren eta eskaileratan behera pijamarekin jaitsi eta pieza hori jo nien. Harriturik utzi nituen», esan zuen.
Solieneko bazter batean familiako argazkiak daude. Ama ageri da Txilibrinekin dantzan. Amaren aita ere, Roman Urraza pandero-jotzailea, han dago Salbador Ugarte soinu-jotzailearen ondoan. Aita gerran erbestera eraman zuten umea izaki, Belgikako ordeko gurasoen argazkiak ere badaude, baita Zumaian bizi izan ziren hiru urteetakoak ere -bertako eskola txikiko mahaian dago batean-.
«Nik Errekalden ezagutu nituen aitita eta Salbador. Erromeriaren batetik bueltan hango tabernatan sartzen ziren. Hamar pieza joko zituzten, baina erritmoa zuten. Hainbeste hunkitu ninduten erritmo horiek eragin handia izan zuten nigan. Amak akordeoia ikastera bidali ninduen, Peciñarengana. Basurtoko Beti Jai Alai dantza taldean lagun bat nuen, Zabaleta, eta neu ere talde horretan txistua eta alboka jotzen hasi nintzen. Magia handiko mundua deskubritu nuen. Rufino, Fasio, Leon, Maurizia eta Joakintxu ezagutzeko zoria izan nuen Bizkaian. Ostean, mundu hori sakonago ezagutu nuen Gipuzkoan. Zumaian igarotzen genituen udak eta gurasoek Zumarragako Oria familiakoak ezagutzen zituzten. Gogoratzen dut elkarteren batean afaldu eta Oriatarren batek jotzeko esaten zidanean korrika ihes egiten nuela. Oso lotsatia nintzen. Beti izan naiz lotsatia eta barnekoia. Jendaurrean jotzeak larria ematen zidan. Gero, Zabaleta eta Motrikurekin hasi nintzenean, hobeto moldatzen nintzen, biak baitziren oso irekiak. Errekaldekoa izateak ere ez zidan asko lagundu. Euskararik ez nekien eta horrek muga handia ezarri zidan. Euskararik ez zekien trikitilari gutxi zen orduan. Orain ari naiz pixka bat soltatzen, umeei esker. Emazteak oso ondo hitz egiten du. Oraindik ere gogoratzen dut 1980ko Txapelketako diskoa entzuten aluzinatu egiten nuela. Nik artean ez nuen disko-jogailurik. 19 urterekin erosi nuen lehena. Motriren anaia batena erabiltzen nuen. Hiru disko entzuten nituen behin eta berriro: Enrike Ugarteren `Zutik', Gorka Knörren `Txalaparta' eta Urkoren zuzeneko famatua. Nire seme-alabek ez dute sekula nik bizi izan nuen sentipen hura biziko», esan zuen.
Pausaleku bat
Asteburuan Portugalen izana zen, astelehenean Donostiako Haizearen Orrazian jo behar zuen -kontzertua bertan behera geratu zen eguraldiagatik-, eta aste honetan bertan Polonian emanaldi bat eta Italian beste hiru zituen. «Geldialdi bat egiteko gogoa dut, baita orain arteko ibilbidearen inguruan liburu bat egitekoa ere. Ea urte eta erdian egiteko gauza naizen. Bildu dudan materiala baliatu nahi nuke osagarri moduan. Kontatzeko beste modu bat izan liteke, memoriaren lekuko txiki guzti hauei leku eginez», esan zuen Kepak.
Agenda guztiak, noski, gordeta ditu, baita erromerietan ibili zen garaiko koadernoak ere. 1982ko bat erakutsi dit. Zumeta batzuk daude zintzilik, Erramun Landaren lanak, Gorritiren eskultura txikiak, Mikel Valverderen marrazkiak... Bere emanaldietako kartel bakan batzuk ere ikus daitezke, esaterako Nacho Duatok bere musikarekin Madrilen eman zuenekoa. Disko bakoitzari buruzko zirriborro, ohar eta grabaketak ere gordeta ditu kaxoi handi batzuetan. «Ez naiz sortzaile bakarrik sentitzen, nolabait esateko antolatzaile ere sentitzen naiz. Hala ez balitz, ezingo nituen nire proiektuak aurrera atera», jarraitu zuen. Bilduma guztiak arrebaren etxean zituen. «Angustia pixka bat nuen. Guzti hau nirekin edukitzeko premia sentitzen nuen eta orain lortu dut. Bilboko etxea, aldiz, hutsik daukagu», esan zuen.
«Lajaren, Auntxaren, Fasioren, Sakabiren edota Epelderen zale itsua naiz. Musikenen beraien piezak jartzen dizkiet eta oraindik ere larru azala laztu egiten zait. Nik ez dut trikitixa klasikoaren kontrako ezer egin. Alderantziz, nire amari eta ait0nari zor diedan errespetuagatik bakarrik, ezingo nuke horrelakorik egin. Zori oneko sentitzen naiz trikitia klasikoa ezagutu eta jo dudalako. Bakanen batzuek, beharbada, errezelo pixka batekin begiratuko ninduten garai batean: txima luzeekin ibiltzen nintzen, euskararik ez nekien, Bilbotik nentorren... Ulertzen dut errezelo hori», jarraitu zuen.
1986ko eta 1988ko Trikitixa Txapelketetan eztabaida beroak sortu zituen Junkerak. «Ni ez nintzen enteratu. Zortzi bikote ginen Belodromoan eta 8.000 ikusle inguru izango ziren. Nahikoa nuen nik nire urduritasunarekin. Jendea txistuka ikusi nuen, baina ez nekien nire kontra ari zirenik. Nik musika libreagoa egiten nuen. Ez nuen pieza bat sekula berdin jotzen: erritmoarekin jokatzen nuen, sinkopeekin, egitura hausten nuen, beste modu batean armoniatzen saiatzen nintzen... Gure etxeko sukaldean mila aldiz ikusi dut ama dantzan eta, ondorioz, ongi nekien nire pieza horiek dantzarekin jarrai zitzakeela. Hain zuzen ere, amaren indar eta kemen hori piezari berari ematen saiatzen nintzen. Barkatuko didate Beti Jai Alaiko nire lagunek, baina bertako dantzari gazteek ez zuten indar horrekin dantzatzen. Geroago, indar hori bera, Gipuzkoan ikusi nuen trikitia bizi zuen jendearen artean. Jendeak besterik uste bazuen ere, nire pieza horiek dantzarako pentsatuta zeuden», esan zuen Kepak.
Tapiaren oparia
Badaude Kepa Junkeraren garai horretako kontakizunean nabarmendu beharreko zenbait kontu, Tapiarekin izan zuen harremana esaterako. «Tapia mundu horretakoa da familiaz eta nik ez nituen beste bizipen batzuk zituen. Tipo geniala da eta soinua jotzen feeling izugarria du. Oraindik ere hunkitu egiten nau. Urte batzuetan elkarrekin ibili ginen erromerietan. Musikari bezala izugarria da, baita pertsona bezala ere. Osagarriak izan garela uste dut. Nire trikitiak kanpora gehiago begiratzen du, libreagoa da. Badago zertzelada bat aipatu nahi dudana. 1988ko Txapelketa berak irabazi zuen eta ni hirugarren geratu nintzen. Sari moduan trikitixa bat eman zioten. Biharamunean, Errekaldera etorri zitzaidan trikitixarekin. Txapelketaren grabazioa entzun eta sari hura nik merezi nuela esan eta eman zidan», jarraitu zuen Errekaldekoak.
Dozena bat disko ditu Kepa Junkerak kalean eta gelditu gabe dabil munduan barrena. Disko berri batekin ari dela esan zigun. Diskoaren, liburuaren eta beste hainbat proiekturen inguruan ere mintzatu zitzaigun. Era berean, kolaborazioak nola lortzen dituen eta bere laneko hainbat zertzelada aipatu zizkigun. Elkarrizketa bukatu eta, gaizkiulertu bat tarteko, argazkilaririk ez zegoela ikusirik, emaztea bera prestatu zen lan horretarako. Aitaren batean egin zituen ale batzuk.




