Nagorno Karabajeko enklabe armeniarrak presidente berria aukeratuko du gaur eta, Bakuko Gobernuak legitimitaterik ematen ez badio ere, nazioartearen errekonozimendua eskuratzen hasteko itxaropena du. 1991an Azerbaijanetik banandu zen eta 2006ko abenduan egindako ereferendumak errepublika independientea berretsi zuen.
2007ko Uztailaren 19a
145.000 biztanleko Nagorno Karabajeko enklabeko 91.166 hautesleek bost hautagai dituzte aukeran. Faboritoa Bako Saakian da, Segurtasun Nazionaleko Zerbitzuko zuzendari ohia, eta bere lehiakide garrantzitsuena Masis Mailian Kanpo Arazoetako ministro-ordea da. Besteak Grant Melkumian komunista, Vanik Avanesian irakaslea eta Armen Abgarian diputatua dira.
Enklabean 277 bozkaleku daude eta Armeniako hiriburuan, Erevanen, beste bat. Errusia, Ukraina, Alemania, Italia, AEB eta Estatu frantseseko begiraleei bertan izateko gonbidapena luzatu diete.
Nagorno-Karabajeko gatazka bi errepublika sobietarren arteko aurrena izan zen. 1988an armeniar biztanlegoko enklabe honek Azerbaijaneko lurraldea izateari utzi eta Armeniarekin bat egitea eskatu zien Sobietar Batasuneko agintariei. 1991an independentzia aldarrikatu eta hiru urteko gerratea izan zuten. 25.000 pertsona hil ziren eta enklabearen inguruan sortutako "seguritate marra"ren ondorioz –Azerbaijaneko lurralde osoaren herena– milioi bat errefuxiatu egon ziren.




