IMIGRAZIOA -

10.000 lagunek galdu dute bizia azkan hamar urteotan Mediterraneo itsasoa zeharkatzen ari zirela. Datu hau Paolo Artinik, Acnur erakundeak Italian duen ordezkariak, eman du jakitera Alemaniako «Süddeutsche Zeitung» egunkariari emandako elkarrizketa batean eta bere esanetan gorantz doa.

2007ko Uztailaren 18a

«Urtero Afrikatik datozen 120.000 pertsona saiatzen dira Mediterraneoa gurutzatzen eta hildakoen artean gehiengoa emakumeak eta haurrak dira», azaldu dio Paolo Artinik, Acnur erakundeak Italian duen ordezkariak, aipatu egunkariari. «Siziliako kostaldean bakarrik joan zen ekainean 210 pertsona hil ziren», gaineratu du.

Europara iristeko bideak aldatu egin direnentz galdetuta, Artinik erantzun du gutxi direla Italia edo Estatu espainolera joan nahi dutenak. «2007 urteko lehen zatian Somalia, Etiopia, Sudan edo Eritreatik datozen etorkinen kopurua %30 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuz».

Iristea lortzen duten pertsonen kopuruaren beherakadaren arrazoiei dagokienez, Artiniren iritziz kontrolak gogortu egin dira eta aurrekoak baino zailagoak diren bideak aurkitu beharrean daude. Bada bidaia luzea are arriskutsuagoa egiten duen beste faktore bat: «ontziak gero eta txikiagoak dira kontrolei ihes egin ahal izateko –dio–. Noski, ez dira hain seguruak», adierazi du.

Maltak etorkin guztiak hartzeko dituen arazoak aipatu ondoren, herrialdeek elkarlana bultza dezaten beharrezkoa dela nabarmendu du. «Era horretan arazoa konpondu ahal izango da», esan du. Iristen diren etorkinak era orekatuan banatu ahal izango dira eta lege arloan ere hobeto emaitza hobeak lortuko dira bere ustez.

«Baina Gobernuak ados jarri ezinean dauden bitartean etorkinak itotzen ari dira», gaineratu du.