Iratxe Esnaola - Informatikan ingeniaria
2007ko Uztailaren 13a
Teknologia berrien jendarteratzearekin pribatutasuna gero eta hitz ezagunagoa bihurtzen ari da. Eta ez da harritzekoa: berria dena beti da aurrez ezagutzen duguna baino arriskutsuagoa. Izan ere, berria dena inoiz ez da aurrekoa baino fidagarriagoa izango. Horrexegatik, hain zuzen ere: berria izate hutsagatik. Teknologiekin jaio ez baginen, teknologien aurrean mesfidantza sortuko dugu edota, bestela, sortu egingo digute: isolamendua sortzen dutela, kontrolaezinak direla, gure pribatutasuna zalantzan jartzen dutela eta gisako esamoldeak behin eta berriz entzun eta eztabaidatu ohi ditugu. Eta ulertzekoa da, berria den teknologia baten aurrean zentzu kritikoa lanean jartzea eta zalantzetarako tartea irekitzea zilegia bezain halabeharrezkoa baita. Berria den edozeren abantailak eta desabantailak aztertzea analisirako gure gaitasunari etekina ateratzea ere badelako.
Beraz, uler daiteke Internet eta teknologia berriek aurrez genituen medioek baino desabantaila gehiago dituztela esatea. Baina ez da guztiz egia. Baliteke Internet eta teknologia berriek desabantaila gehiago izatea aurreko medioak onak ziren aspektuetan. Alta, Internetek eta teknologia berriek beren baitan dituzten onurak ez zituzten kopuru minimo batean ere betetzen lehengo medioek. Alegia, Internetek adibidez [erabileraren arabera noski], isolamendua eta aurrez aurreko komunikazioaren murriztea ekarri duela esaten dute batzuek. Eta horretan oinarrituta, telebista baino kaltegarriagoa dela onartu behar dugu? Ez al da Internet informazioa eta ezagutzaren demokratizazioa ekarri duen mundu mailako tresna? Ez al ditu telebistak baino pertsona aktiboagoak garatzeko aukerak ematen? Zer ematen edo eskaintzen dio ikusleak telebistari? Eta erabiltzaileak Interneti eta gainontzeko erabiltzaileei? Internetek ez al ditu komunikazioak azkartu? Ez al du mundu mailako elkarlana ahalbidetzen? Eta hori horrela, telebistak baino beldur gehiago ematen digu? Sinestezina da: ezezagunari beldurra. Ezin ulertu bestela.
Eta hori guztia, besteak beste, pribatutasunaren kontuari eskutik helduta dator. Pribatutasuna bi zentzutan aztertu nahi dut artikulu honetan: guk bidaltzen ditugun datuen aldetik, eta Interneten nabigatze hutsak sortzen duen informazioaren ildotik.
Guk bidaltzen ditugun datuen kontua oso kuriosoa da. Donostiako Jazzaldirako sarrerak erosteko orduan, zailagoa suertatzen zaigu kreditu txartelaren zenbakiak Interneten ematea telefonoz esatea baino. Seguruak diren mundura begirako leihoetan ere, mesfidantza da nagusi. Eta aurrez esandakora nator: lehen ez genituen sarrerak Internetetik erosten. Telefonoz egiten genuen, distantziatik egitekotan.
Egunerokotasunaren formak aldatu egin dira Internet eta teknologia berriekin. Eta formak aldatu izanak mesfidati sentiarazten gaitu modu ezagun batean egin daitekeena modu ezezagun baina erosoago batean egin behar dugunean. Harritu eta kezkatu egiten gaitu. Egun, ordea, Interneteko leihoak seguruak izateko teknologiak existitzen dira. Eta erabili egiten dira. Gure bankuko kontua arazo gabe ikus dezakegu, transferentziak egin ditzakegu edota Jazzaldirako sarrerak eros ditzakegu. Zentzu horretan, beraz, gure datuen pribatutasuna manten daiteke eta mantentzen da. Ohitzea bakarrik falta zaigu, orain ezezaguna dena ezagun bihurtu arte.
Gehiago kezkatzen nau ni bigarren ildoak: Interneten nabigatze hutsak sortzen duen informazio andanak, alegia. Interneteko hainbat leiho irekitzean cookieak deitzen diren fitxategiak sortzen dira gure sisteman. Cookie horiek gure bisitak kontrolatzen dituzte. Leihoan egin dugun ibilbidea gordeko dute, eta horrek Interneteko erabiltzaile gisa [eta baita pertsona bezala ere] gure profila ezagutu eta sortzeko aukera ematen die berau behar dutenei: zer dugun gustuko, klikatzen dugun publizitate mota, maiztasuna, etab. Cookieak berez sortzen dira, baina badugu noiz eta non sortzen diren jakiteko beta. Firefoxeko menuan «Editatu>Hobespenak>Pribatutasuna>Cookieak>Mantentze epea>Galdetu niri beti» aukera jartzen badugu, cookie bat sortzera doan bakoitzean, onartzen dugun edo ez galdetuko digu. Probatu, ikusi, eta ahoa itxi [Internet Explorer erabiltzen baduzu, zeren zain zaude? Deskargatu Firefoxen euskarazko bertsioa hurrengo webgunetik: http://librezale.org/mozilla/firefox/].
Sistema hori erabiltzen du Google bilatzaileak gure inguruko informazioa jaso eta gero horren arabera bisitatzen ditugun webguneetan erakutsiko duen publizitatea aukeratzeko. Windows sistema eragileak ere etengabe bidaltzen dio Microsoft konpainiari gure sistemaren inguruko informazioa: besteak beste, zein programa ditugun instalatuta eta horietatik zeintzuk ditugun eguneratuta eta zeintzuk ez. Beraz, asko dakite gutaz. Aukeran, gehitxo.
Baina horrek ere arazoak sortzen dizkie Google eta Microsoft bezalako enpresei. Duela gutxi, adibidez, Google konpainiak, Europar Batasunaren eskakizunei jarraiki, bere erabiltzaileen datuak 18 hilabeteetan [bakarrik?] gordetzea erabaki du. Hilabete horiek guztiak pasa ondoren, datuak irakurgaitzak bihurtzen dira, baita Google berarentzat ere. Aurrerapauso galanta, inondik ere.
Baina pribatutasunaren eta profilaren kontua ez da mundu birtualera mugatzen: ez beldurtu alperrik, beraz. Gure kreditu txartela eman digun bankuko edozein langilek ere gure profila osa dezake. Eroskik ere egiten du. Atentzioaren ekonomian bizi gara, eta hor, armarik eraginkorrena, erabiltzailea, eroslea edo bezero potentziala gero eta gehiago ezagutzea da. Marketing kolaboratibo eta esperimentalaren oinarria da pribatutasun falta. Errealitatea da. Beraz, ez beldurtu. Hori bai, honetaz guztiaz jabetzea ez dago sobera.




